→Galdakao

Christoph Neven: “Harritu ninduen kalean zenbat ordu ematen dituzuen euskaldunok”

galdakao christoph neven 2017 elkarrizketa

Galdakon bizi den alemaniarra da Neven. Geologia ikasten ari zela ezagutu zuen bere emaztea. Bere jaioterriak Galdakaok baino sei mila biztanle gehiago ditu.

Neguko kalegiroa Ahauseko ferian // Christoph Neven

Christoph Neven (Ahaus, Alemiania, 1971) Alemanian jaio zen orain dela berrogeita sei urte. Gaur egun jaioterritik 1.500 bat kilometrora bizi da, Galdakaon. Geologia ikasten ari zela ezagutu zuen egun emazte duena.

Antzik ba al dute Ahausek eta Galdakaok?
Ahaus Ipar Reania-Westfalia estatuan kokatua dago, Borken barrutian eta 35.0000 biztanle ditu. Ingurua ederra da eta altuera handiko eraikinik ez dagoenez, bistak politak dira. Asko jota bi solairuko etxez beteriko herriak topa ditzakezu inguruetan.

Ohiko alemaniarra al zara zu?
Baietz esango nuke, behintzat inguruko jendeak hori diño, ohiko alemaniar burugogorra naizela! Kar, kar, kar. Ordena, antolamendua, errespetua eta denbora oso kontzeptu garrantzitsuak dira niretzat. Horrez gain, pertsona adeitsu, zuzen eta oso aktibotzat dut neure burua, ohiko alemaniarrak bezala. Eta azkenik, edozein unetan ezin da falta umore-sen ona eta garagardo ona!

Zergatik erabaki zenuen hona etortzea?
Alemanian egun nire emaztea dena ezagutu nuelako. Ni Geologia ikasten ari nintzen eta momentu horretan, bera Alemanian zen goi-mailako ikasketa batzuk burutzen. Ikasketak amaitu bezain pronto, berak bueltatu beharra zeukan eta berarekin etortzea erabaki nuen. Hemen jarraitzen dut, eta urte askotarako, espero dezagun!

Zelakoa izan zen aldaketa?
Ikaragarria. Nik esperientzia hura oso modu baikorrean gogoratzen dut. Hasieran Igorren egon ginen bizitzen, nire emaztearen gurasoen etxean, alegia. Poliki-poliki lanean hasi ginen eta denbora tarte bat pasata Galdakaora etorri ginen bizitzera. Esan bezala, poliki-poliki egin genuen dena, baina azkenean hemen gaude, Euskal Herrian elkarrekin bizitzen, lanean, ezkonduta eta bi semeekin. Ipuin benetan polita sortu duguna!

Zer izan zen Euskal Herritik gehien harritu zintuena?
Alde batetik, primerako harrera izan nuela! Izan ere, hasieratik oso ondo hartu ninduten eta etxean bezala sentitu nintzen. Bestetik, kalean egoteko dagoen joera handia. Alemanian etxean elkartzeko ohitura dago: hau da, lagunak etxera gonbidatzea eta gau osoa bertan pasatzea edota taberna batera joatea, baina bertan ere, denbora asko ematea. Hemen aitzitik, kalera ateratzeko eta tabernaz taberna poteatzen ibiltzeko joera dago.

Eta gehien gustatu zitzaizuna?
Jendearen izaera, bizimodua, janaria, paisaiak, hondartzak… zaila egiten zait batekin bakarrik geratzea.

Nola moldatu zinen hizkuntzarekin?
Hasieran gogorra izan zen, ez nuelako gaztelaniaz edota euskaraz hitz egiten. Hala ere, hemengo pertsona askok izugarri lagundu zidaten hizkuntzarekin, baita hemengo kultura eta ohiturak ulertzen ere. Gaur egun oso ondo moldatzen naiz gaztelaniarekin, baina ez hain ondo euskararekin. Nire emaztea euskaldun zaharra denez eta semeei euskaraz hitz egiten dienez, hitz eta esamolde asko ikasi ditut baina besterik ez. Gehiago ikastea gustatuko litzaidake, baina betiko kontua, astirik ez. Momentuz, eta zorionez, lanerako ez dut behar, beraz ez daukat arin ikasteko beharrik. Aurrerantzean horri lasai ekiteko asmoa daukat.

Zer nolako maiztasunarekin joaten zara Alemaniara?
Urtean birritan nire emazte eta bi semeekin joaten naiz. Gustatzen zaigu laurok batera joatea familia osoa elkartzeko eta nire semeek nire kultura eta ohiturak ezagutzeko. Gainera, izugarri gustuko dute. Beste batzuetan nire senideak hona etortzen dira bisitan. Aste Santu honetan kasu, nire arreba eta ilobak etorri zaizkigu.

Zelan daramazu jaioterritik urrun egotea?
Bada, nahiko ondo. Dena dela, senide guztiak Alemanian ditudanez, hau da, gurasoak, nire arrebak, ilobak, etab., batzuetan faltan botatzen da hemen inor ez izatea. Hala ere, esango nuke Alemanian, familiari dagokionez, independenteagoak garela. Bertan normalean bakoitza berera joaten da eta behin 16 edo 17 urterekin lanean hasita, hemen ez bezala, ohikoena etxetik at bizitzera edo ikastera joatea da.

Eta amaitzeko, aipatuko zenizkiguke Alemania eta Euskal Herriaren arteko lau alde?
Bai, noski! Alemanian adibidez, bi musu beharrean, eskua emateko ohitura dago. Birziklatzeari dagokionez, horretarako joera askoz handiagoa dago. Izan ere, botilak supermerkatuetara eraman eta haien truke bertan gastatzeko dirua ematen dizute. Zoritxarrez edo zorionez, ez dakit, autobideetan ez dago abiadura mugarik, beraz oso garrantzitsua da atzeko ispiluari ondo erreparatzea. Azkenik beste alde on bat gidatzeko odoleko alkoholeko muga %0.05a izatea da, eta 21 urte azpikoentzat %0. Honi esker istripuak urriagoak dira.

Gora