☉ Galdakao
Eguzkiñe Gezuraga: “Noizbait amaituko da Gure Esku Dagoren lana, eta orduan politikariek hartu beharko lukete lekukoa”
Eguzkiñe Gezuraga Galdakaoko Gure Esku Dago taldeko kidearekin berba egin dugu. Galdeketa azaroaren 5ean egingo dute Galdakaon.

“Euskal Herri independente bateko herritarra izan gura dozu?” galderari erantzungo diote galdakoztarrek azaroaren 5ean. Eguzkiñe Gezuraga Galdakaoko Gure Esku Dago taldeko kidearekin berba egin dugu
Azaroaren 5ean herri galdeketa egingo dute Galdakaon, erabakitzeko eskubidearen alde. Ekainaren bukaeran iragarri zuen Galdakaoko Gure Esku Dago (GED) taldeak eta urrian galdera zein izango den aurkeztu zuten: “Euskal Herri independente bateko herritarra izan gura dozu?”. Galdeketaren egunean 100 boluntario baino gehiago ariko direla lanean adierazi du Eguzkiñe Gezuraga GED Galdakaoko kideak. “Azaroaren 5ean jaia antolatuko dugu herrian. Besteak beste, txistulariak, udal musika banda, Andra Mari Dantza Taldea, txosnak, zozketak, emakumeen herri kirolak eta erromeria izango dira”, dio Gezuragak. Gaueko ekitaldira Gure Esku Dagoko bozeramaileak etorriko dira, “baita Kataluniako begiraleak ere”.
Hiru egun barru, herri galdeketa egingo duzue Galdakaon…
Hala da, azaroaren 5ean erabakitzeko eskubidearen aldeko kontsulta egingo dugu Galdakaon. 16 urtetik gorako 20.000 herritar inguru daude deituta galdeketara. Argitu beharra dago Usansolotarrek ez dutela A5ean bozkatuko.
Zergatik, bada, hori?
Ez dakit gurea bezalako beste kasurik ba ote den. Galdakaon Gure Esku Dago 2013an sortu zenetik, bi batzorde egon dira: bat Galdakaon eta bestea Usansolon. Galdeketaren prozesu honi hasiera eman genionean, pentsatu genuen onena izango zela Galdakaok eta Usansolok prozesua elkarrekin egitea. Usansoloko batzordekoekin hitz egin genuen, oso harreman ona baitugu eurekin, baina beste prozesu batean sartuta daudenez –Usansolo herri bihurtzeko prozesu horretan, hain zuzen–, erabaki zuten herri kontsulta bateratuan parte ez hartzea. Horregatik ez dute oraingoz Gure Esku Dagoren galdeketa honetan parte hartuko.
Azaldu azaroaren 5eko galdeketara heltzeko prozesua zein izan den.
Euskal Herrian dagoeneko ehunka dira galdeketa egin duten udalerriak. Prozesua Galdakaon duela urtebete hasi zen, aurreko ikasturtearen hasieran. Oporren ostean, hasi ginen hausnartzen 2016-2017 ikasturtean zer egingo genuen, eta argi geneukan erronka potoloa behar genuela, suspergarri bat behar genuela aurrera egiteko. Denok geneukan buruan galdeketaren gaia, baina egia esan, ikaratu egiten du galdeketa antolatzeak. Izan ere, lan handia da, ikusi dugu inguruan antolatu dituzten herrietan zelan ibili diren. Gero, oro har, oso emaitza onak lortu dituzte, baina noski, lan handia egin behar da. Eta, ikusten genuen horrelako erronka bati ekiteko lehenengo eta behin egin behar genuena zela taldea indartzea. Horretan geundela, Bizkaiko egituratik proposatu ziguten, “zuek zergatik ez? Getxo dabil hor bero-bero, Leioa eta Erandion…”. Hori izan zen bultzada eman ziguna.
Zelan antolatu duzue galdeketa?
Urtarrilean asanblada bat egin genuen Gandasegiko eskolan. Jende dezente elkartu ginen, baina ez genuen guztiz erabaki galdeketa egingo genuenik. Galdeketa bat egiteko prozedura prestatzea adostu genuen. Besteak beste, sinadura bilketa.
Eta, 3.000tik gora sinadura bildu zenituzten.
Bai. Apirilaren amaieratik ekainaren bukaerara bitartean egin genuen sinadura bilketa. Eta, gure harridurarako, 3.000 sinadura baino gehiago jaso genituen: zehazki, 3.323. Egia da herriak beti asko babestu gaituela eta beti emaitza onak lortu ditugula herritarrengandik, baina ez genuen horrelako erantzunik espero sinadura bilketan. Hala, Bizkaiko egituratik proposatu zigutenaz gain, sinadura bilketak eta herritarren nahiak galdeketa egiteko behar genuen bultzada eman ziguten.
Zein izan dira hurrengo pausoak?
Sinadura bilketa eta gero buru-belarri sartu gara galdeketaren beraren antolaketan. Herri askotan dagoeneko kontsultak egin dituztenez, Gure Esku Dagok protokolo oso zehatza eta serioa du galdeketak aurrera eramateko.
Datari dagokionez, azaroaren 5a ez zegoen hasieratik finkatuta. Udazkenean gauzatuko genuela bagenekien, baina ez zein egunetan. Orduan, Getxok proposatu zuen azaroaren 5ean egitea, bi arrazoi hauengatik: alde batetik bosta Gure Esku Dagoren irudia, sinboloa delako, eta bestetik, azaroaren 5ean delako emakumeok botoa lehen aldiz eman genueneko urteurrena. Benetan oso ideia polita iruditu zitzaigun batzorde ezberdinetako kideoi. Eta, amaitzeko, galdera zein izango den adostu behar zen. Horretarako prozesu parte-hartzailea jarri genuen abian irailean.

Urriaren 1ean galdera zein izango den aurkeztu zuten jendaurrean // Geuria
Herritarren erantzuna zein izan da galdeketarekiko?
Argi dago galdakoztarrek bozkatu nahi dutela eta dugula. Jendea pozik dago, badakielako bozkatu egingo duela. Sinadura bilketan partaidetza handia lortu genuen eta galdera zein izango den erabakitzerakoan ere parte-hartzea handia izan da. Gainera, botoa emateko nahiaz gain, jendea prest agertu da antolaketa lanetan laguntzeko, bai boluntario lanetan laguntzeko, kartelak jartzeko edota bozkalekuetan egoteko.
Zein izango dira bozkalekuak?
Saiatu gara herria bere osotasunean hartzen. Galdakao oso zabala da eta ez genuen nahi erdialdera bakarrik mugatu. Gune nagusia Iturriondo plaza izango da eta bertan bozkatzeko bi mahai egongo dira. Araba kalean bozkaleku bat egongo da, eta Urreta auzoan beste bat. Herritarrek utzitako lokalak dira azken horiek, gure egoitza nagusia bezala, Zamakoa kalean. Ezer eskatu barik utzi dizkigute lokal horiek. Era berean, Aperribain ere beste bozkaleku bat egongo da, auzo elkartearen lokalean.
Galdeketa babesten duten elkarteez galdetuko banizu…
Asko dira galdeketari babesa erakutsi dioten elkarte zein erakundeak. Ezingo nizkizuke zerrenda batean denak esan, baten bat ahaztu egingo baitzait, baina asko dira. Bestetik, alderdi politiko ia guztiekin ere harremana izan dugu, PPrekin izan ezik, ez baikintuen hartu. Eta sindikatuek ere bat egingo dute galdeketarekin.
Eskualdean Arrankudiagan eta Arrigorriagan egin dituzte dagoeneko galdeketak; Galdakao baino txikiagoak dira herri biak. Zelan ikusten duzu parte-hartzearen kontua zuenean?
Kontuan hartuta sinadura bilketa %15aren inguruan ibili zela, espero dut zifra hori gaindituko dugula. Galdakao bezalako herri batean herritarrek euren kabuz antolatutako ekimen batean %15eko parte-hartzea izateak jada arrakasta suposatzen duela esango nuke. Hortik gora, gero eta poz handiagoa!
Azkenaldian puri-purian dagoen gaia da Kataluniako erreferenduma. Zure ustez, Euskal Herriak lortuko al du noizbait erreferenduma egitea?
Kataluniakoa aipatzen duzula, nabarmendu nahi nuke hango begirale batzuk etorriko direla gurera hilaren 5ean, besteak beste, Parlamenteko kide bat eta alkate bat. Saiatzen ari gara CUPeko begirale bat ere ekartzen.
Eta zure galderari erantzunez, zail ikusten dut epe laburrean erreferenduma Euskal Herrian egitea. Gauza asko aldatu behar dira horretarako. Momentuz testuinguru bat, oinarri bat sortzen ari gara Gure Esku Dagoko kideok. Argi dago Gure Esku Dagok noizbait bere lana amaituko duela, eta hori gertatzen denean beste norbaitek hartu beharko duela lekuko hori. Nik uste dut politikarien txanda izan behar duela momentu horrek, eta eurek jakin behar dute benetan norantz jarraitu nahi duten.
☉ Galdakao
Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.
Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.
1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.
“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.
Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.
☉ Galdakao
Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek
Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.
“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.
Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.
“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.
Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.
Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.
“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.
☉ Galdakao
Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an
Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.
Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.
Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.
☉ Galdakao
Torrezabaleko liburutegia itxita dago ostiralera arte Galdakaon, eraikinaren estalkiko lanak direla eta
Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Udalak eta orain karga proba bat egin behar dute. Proba hori egiten duten bitartean hirugarren solairua itxita egongo da

Torrezabal Kultur Etxeko estalkia berritu du Galdakaoko Udalak. Orain, eraikinaren estalkian karga proba egin behar dute.
Proba hori egiten duten bitartean, eraikinaren hirugarren solairua itxita egongo da urriaren 22tik 24ra arte. “Bertan kokatzen da liburutegia eta, beraz, zerbitzu hori erabiltzaileentzat itxita egongo da ostiral eguerdira arte”, diote udal ordezkariek.
Auzokide, ikasle eta liburutegiko erabiltzaile guztien lankidetza eskertu du Udalak eta lan hauengatik sor daitezkeen eragozpenenak sentitzen dituela jakinarazten du. Eskuhartzearen eragina ahalik eta gehien murrizteko lanean ari da.
Era berean, makina gela handituko du Galdakaoko Udalak, “etorkizunari begira makineria berria jartzea aurreikusten baitugu”, diote.
☉ Galdakao
Finlandiako hezkuntza sistema nolakoa den ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko irakasleek
Finlandiako hezkuntza sistemaren “malgutasuna” eta ikasleei ematen dieten “autonomia” nabarmendu dute Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek

Eramus+ programaren barruan, Galdakaoko Elexalde Institutuko Gemma Gutierrez eta Edurne Ruiz irakasleek job shadowing egonaldia egin zuten irailaren 29tik urriaren 2ra bitartean Helsinkiko Märsky Athletics and Education ikastetxean, Finlandiako kirol-ikastetxerik handienean.
Zehazki, Finlandiako hezkuntza sistema bertatik bertara ezagutu zuten: “Esperientzia horrek aukera eman zigun lehen eskutik ikusteko Finlandiako hezkuntza sistemaren malgutasuna eta ikasleei ematen zaien autonomia, beren ikaskuntza modu autonomoagoan antolatzeko”, esan dute.
“Märsky-n, ikasturte akademikoa bost alditan banatzen da, eta horietako bakoitza gutxi gorabehera bi hilabetekoa da. Horri esker, ikasleek beren curriculum-a planifikatu eta ikasketak beren beharretara eta gaitasunetara egokitu ditzakete. Ikasleek aukeratu ditzakete ikasgaiak, ikastaroak aldatu edota irakasleak hautatu, betiere zuzendaritzak gainbegiratuta. Egituraren malgutasun horrek erantzukizuna, motibazioa eta autoantolaketa sustatzen ditu, ikaskuntza iraunkorrerako funtsezko trebetasunak”, diote.
Finlandiako hezkuntza sistema guztiz doakoa dela nabarmendu dute: “Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, goi mailako bigarren hezkuntza, eta baita unibertsitatea ere. Ia guztiz publikoa da, eta ikastetxe pribatuen kopurua oso txikia da”, diote.
Digitalizazioaren garrantzia
Märsky ikastetxean digitalizazioari garrantzia handia ematen diotela ere nabarmendu dute Elexaldeko irakasleek: “Ikasle guztiek liburu digitalak eta plataforma interaktiboak erabiltzen dituzte ia ikasgai guztietan; gainera, azterketa guztiak –unibertsitaterako sarbide-probak (Ylioppilastutkinto) ere– ingurune digitaletan egiten dira. Horri esker, ikasleek modu autonomoan lan egin dezakete, baita klaseetara huts egiten dutenean ere”, diote.

Märsky Athletics and Education ikastetxeko ikasleak // Argazkia: Elexalde BHI
“Gure egonaldian Ingeles, Gaztelania, Idazketa eta Ahozko trebetasun tailerretako eskoletan parte hartu genuen, eta orientatzailearekin zein zuzendariordearekin elkartu ginen, ikastetxearen eta Finlandiako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua lehen eskutik azal ziezaguten. Irakasleekin digitalizazioari buruzko iritziak partekatu genituen, eta nazioarteko ikasleek beren Erasmus esperientziak aurkeztu zizkiguten, ikastetxearen aurkezpena egiteaz gain”, diote.
Halaber, honakoa gaineratu dute: “Ikastetxeko instalazio bikainetan zehar bisita egin genuen eta online ikastaroen funtzionamendua ezagutu genuen, bereziki ikasle kopuru txikia duten ikasgaietan. Ikasleek modu kolaboratibo eta autonomoan lan egiten dutela ikusi genuen, liburu digitalak eta jarduera interaktiboak erabiliz”.
Ylioppilastutkinto azterketa
Finlandian goi-mailako bigarren hezkuntza (Lukio) amaitzean egiten den azterketa da Ylioppilastutkinto, eta batxiler-kalifikazioa ematen du. Eta horri esker, unibertsitatera sar daitezke Finlandiako ikasleak.
“Azterketa nazionala goi-mailako ikasketak egiteko irizpide nagusia da, eta ebaluazioa ikasturtearen amaierako notan baino gehiago funtsezko gaitasunetan eta ezagutzetan oinarritzen den ideia indartzen du”, diote.
Märskyko jardunaldiak prestakuntza akademikoa eta kirol-prestakuntza uztartzen ditu: “Ikasleek goizero beren diziplinetan entrenatzeko aukera dute, eta, aldi berean, ikasgai orokorren eta hautazkoen ikastaroak egiten dituzte. Irakasleek gela bakoitzaren erregistro zehatza dute, eta, horri esker, bertaratzen ez diren ikasleak modu autonomoan eguneratu daitezke. Eskolak errefortzuko eta banakako laguntzako eskolak ere eskaintzen ditu arreta gehigarria behar duten ikasleentzat, inor atzean geratzen ez dela ziurtatuz”.
“Märsky hezkuntza integralarekin eta eliteko kirolarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Atleta profesional asko igaro dira beraien ikasgeletatik, eta ikastetxeak loturak ditu Urhea National Training Centerrekin. Bertan, urtero, 10.000 atleta inguruk entrenatzen eta ikasten dute”, diote.
Finlandiako ereduak malgutasuna, autonomia, integrazio digitala eta gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa uztartzen dituela berretsi dute Elexaldeko irakasleek, “gazteak unibertsitaterako zein bizitza aktiborako eta kirolerako prestatuz”, esan dute: “Beraz, Märsky adibide bat da hezkuntza nola egokitu daitekeen ikasle bakoitzaren talentu eta beharretara, arrakasta pertsonala eta kolektiboa sustatuz”.









