→Galdakao

Fungipedia: “Gure inguruko perretxiko asko oso onak dira diabetesa kontrolatzeko”

galdakao fungipedia 2016 elkarrizketa

Fungipedia ataria lau lagun galdakoztarrek sortu zuten orain dela zazpi urte. Ordutik, hamaika tresna eratu dituzte onddoei buruzko informazioa zabaltzeko.

Ricardo Ibarretxe (Galdakao, 1964), Juan Andres Roman (Galdakao, 1965), Javi Calvo (Galdakao, 1966) eta Aitor Calvo (Galdakao, 1976) galdakoztarrek osatzen dute Fungipedia taldea. Onddoen inguruko webgunea, mugikorrentzako aplikazioa eta berriki argitaratu duten liburu bat sortu dituzte. Euskal Herriaz gain, Espainian, Portugalen eta Latindar-Amerikako lurraldeetan ezaguna da euren lana, baita Suitzan, Italian eta Alemanian ere.

Perretxikozaleak zarete laurak, baina nola izan zenuten elkarren berri?

Juan Andresek eta Javik lehiaketa mikologikoetan parte hartuz izan zuten elkarren berri 80 hamarkadaren amaieran eta 2009an Aitor sartu zen taldera. Fungipedia ataria behin sortuta geneukala, Ricardo ezagutu genuen eta harrezgeroztik elkarrekin izan gara.

Onddoen inguruko behin betiko gida publikatu berri duzue.

Hala da: Setas. La guia definitiva da liburuaren izena. Onddo jangarrien inguruko gida praktikoa da eta guztira 117 mota biltzen ditugu, Iberiar penintsulakoak denak. Berrikuntza moduan, zenbait orrialdetan ipini dugu jangarria den onddo mota bat eta izan ditzakeen biki toxikoak. Argazkiekin eta guzti. Guztira, 250 perretxiko moten argazkiak aurki daitezke liburuan.

Historian eta gure eguneroko bizitzan onddoek eragina izan dutela aipatzen duzue liburuan. Nola?

Bai. Onddoen inportantziari buruz kontzientzia piztea bilatzen dugu. Errespetua zor diegu. Izan ere, gizakiak existitu aurretik onddoek dagoeneko bere lekua zuten mendian eta garrantzia handia izan dute gizatasunaren historian -eta oraindik ere badute-. Onddorik gabe gaur egun ez litzateke ez ogirik, ez garagardorik, ez gaztarik ez penizilinarik egongo.

Hain zuzen ere, sendagai gisa ere erabili direla aipatzen duzue.

Hala da. Ikerkuntza lan handia eskatzen duen gaia da hau. Gero eta gehiago dira gaixotasunetarako eta beren efektuak nolabait arintzeko, onddoen substantziekin egindakoak diren erremedioak. Zentzu horretan, propietate asko dituzten onddo mota asko dago.

Ganoderma lucidum edo reishia da ezagunena eta tumoreen aurkako propietateak ditu. Hala ere, zenbaezinak dira sendagarri-propietateak dituzten onddo motak. Gure inguruan bila ditzakegun perretxiko asko oso onak dira diabetesa kontrolatzeko.

Gidaz gain, 2009an proiektu dibulgatibo bati hasiera eman zenioten.

Fungipedia.es (gaur egun, fungipedia.org) webgunea sortu genuen 2009an proiektu dibulgatibo gisa. Aitorrek proposatutako ideia izan zen. Proiektua hasteko arrazoi nagusia izan zen urteetan zehar lortutako ezagutzak Interneten publikatzea eta bide batez, internauten artean mikologiagatiko pasioa sustatzea.

Sare sozial moduan ere erabili daiteke ataria, ezta?

Hala da. Webguneak bisita ugari ditu: onddoen denboraldian hilean 300.000 bisita izatera heldu gara. Mundu osoko internauten bisitak izan ditugu. Era berean, webguneko foroa nazioarteko aktiboena da gaur egun eta urteak aurrera egin ahala, gero eta parte hartze handiagoa dago bertan.

Era berean, mugikorretarako aplikazio bat sortu duzue.

2014. urtearen amaieran hasi ginen mugikorretarako aplikazioa hedatzen. Codewai euskal enpresarekin akordio batera heldu ginen eta ordutik hona onespena izan du zaleen artean.

Zer da aplikazioan aurki daitekeena?

Fungipedia.org webgunean biltzen dugun informazioaz gain, onddo guneak ikertzeko aukera ematen du aplikazioak; kotxea non aparkatu duzun jakitea ere ahalbidetzen dizu.

Esaiguzue zein onddo mota nabarmenduko zenuketeen.

Onddo jangarrien artean oso gustoko dugu Gardu ziza edo Pleurotus eryngii, baita Boilur beltza (Tuber melanosporum), Bitigar sendoa (Leucopaxillus lepistoides) eta Boletus ezagunak ere.

Eta, okerrera begira, zein da arriskutsuenetarikoa?

Pozoidura gehienak eragiten dituzten bi espezie daude: Hiltzaile berdea (Amanita phalloides) eta Entoloma sinuatum (ilarraka -Clitocybe nebularis- motarekin nahasten da gehienetan). Gure eskualdean noizbait halabeharrezko ondorioak izan dira bi onddo mota horietakoak jateagatik.

Hego Uribe eskualdea perretxikozalea omen da.

Izatez, Euskal Herria oso perretxikozalea da. Eskualdeari begira, Ugaon eta Galdakaon izan gara orain dela gutxi Jardunaldi Mikologikoetan. Datorren urtean, Galdakaoko jardunaldiek 50. edizioa ospatuko dute. Hori ez baldin bada zaletasunaren adierazle…

Hemendik aurrerako beste proiekturik ba al duzue buruan?

Etorkizunean burutu nahiko genukeena da argitaratu ditugun lan guztiak beste hizkuntza batzuetan publikatzea. Noski, euskara zerrendako lehenengoa da. Hala ere, daukagun handicapa da finantziazioa. Ez dugu kanpo-finantziaziorik eta horrek buruan ditugun proiektuak burutzea zaildu egiten du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak