☉ Galdakao
Gilen Aldazabal: “Kuadrillen arteko txapelketari esker berpiztu ziren Galdakaoko jaiak”
“Nola antolatzen dira Galdakaoko jaiak? Zenbateko lana dago jai herrikoien atzean?”. Galdera honi eta gehiagori erantzuna emateko Jai Batzordeko eta Patakon Elkarteko kide den Gilen Aldazabalekin batu gara.

“Nola antolatzen dira Galdakaoko jaiak? Zenbateko lana dago jai herrikoien atzean?”. Galdera honi eta gehiagori erantzuna emateko Jai Batzordeko eta Patakon Elkarteko kide den Gilen Aldazabalekin batu gara
Tik, tak, tik, tak. Erlojuaren orratzak dira. Galdakaoko jaiak hastera doaz. Orduak baino ez dira falta eta dena prest dago jada: jai egitaraua, txosnagunea, pankartak, banderatxoak, pregoia, txupinak, kuadrillak, jantziak, herritarrak… Irailaren 13tik 22ra bitartean 160 jarduera baino gehiago izango dira Galdakaoko kaleetan Santakurtzak ospatzeko, eta dena dago behar duen tokian.
Egitaraua antolatzearen ardura du Jai Batzordeak, eta herriko elkarteek euren proposamenak bidaltzen dizkiote. Ondoren, bilkura moduko batean onartu edo baztertu egiten dira jarduerak.
Gilen Aldazabal (Galdakao, 1979) Jai Batzordeko kidea da, eta Patakon Kultur Elkartearen izenean dago Jai Batzordean. “Jai Batzordea herriaren ispilu da, bertan aktibo mantentzen diren elkarte gehienak daudelako”, dio Aldazabalek. Gilenekin bildu gara Galdakaoko jaiak hasi aurretik eta Jai Batzordearen funtzionamenduaz, kuadrillez, jaien bilakaeraz eta antolatzen diren ekintzez hitz dugu berarekin.
Nola antolatzen dira Galdakaoko jaiak?
Galdakaoko jaietan nolabaiteko bi atal daudela esan daiteke. Alde batetik, Jai Batzordeak zuzen erabaki eta antolatzen duena, eta bestetik, erabakitzeko prozeduraren batetik, herriak erabaki eta Udalak bermatzen duena.
Herriko elkarteek antolatzen dituzte jai-ekimen desberdinak: gehienak, egia esateko. Eta horretarako Jai Batzordean jarduera horien proposamena aurkeztu behar dute parte hartu nahi duten elkarteek, zehaztasun guztiekin: hala nola, lekua, eguna, jardueraren nondik norakoa edota aurrekontua. Horren aurrean, Jai Batzordearen bilera batean proposamenak eztabaidatu, egokitu eta onartu edo baztertu egiten dira. Erabakitzeko ahalmena izateko (bozkatzeko, alegia), Jai Batzordeko kidea izan behar da. Hala ere, kide ez bada ere, bileran egoteko eskubidea badauka, baita proposamena defendatzeko ere, edota beste proposamenen inguruan iritziak botatzeko.
Azken finean, Jai Batzordea herriaren ispilu dela esan daiteke, bertan aktibo mantentzen diren elkarte gehienak daudelako. Librea da Jai Batzorderako sarrera, bai kide izateko baita egoteko, entzuteko eta proposatzeko ere.
Irailean dira Santakurtzak, baina noiztik ari zarete egitaraua prestatzen?
Bada, egia esaten badizut, ez dugu data finkorik. Normalean martxoan hasten gara gauzak prestatzen. Lanaren egutegi bat sortzen dugu urtero eta horri jarraiki antolatzen joaten gara.
Galdakaoko jaietan 160 jarduera inguru daude. Zaila izango da ekintza guztiak armonia batean jai egitarauan txertatzea.
Bai, zaila da. Batez ere, egitaraua egiterako orduan dauden lekuak eta denborak mugatuak direlako. Askotan guztioi gustatzen zaigu proposatzen dugun jarduera asteburuan izatea, leku polit batean izatea… baina hori ezinezkoa da. Pentsa ekintza guztiak asteburuan egingo bagenitu! Zer egingo genuke astean zehar? Azkenean gure artean konpondu eta ados jartzen gara ekintzak egunez egun finkatzeko.
Gaur egun zenbat kuadrillek hartzen dute parte Santakurtzetan?
Gaur egun, guztira 35 inguru izango gara. Kuadrilla bat sortzeko askatasun osoa dago. Jendea elkartu eta kuadrilla berri bat osatu dezake. Denek Kuadrillen arteko txapelketan hartzen dute parte. Badira kuadrilla batzuk urte asko daramatenak txapelketan parte hartzen eta badira beste batzuk sortu eta desagertu egin direnak jaiak bukatu ostean.
Noiztik dago kuadrillen arteko txapelketa Galdakaon?
Bada, zehazki ez dakit noiztik antolatzen den kuadrillen arteko txapelketa. Bere garaian Galdakaoko jaiak krisi egoeran zeuden, eta orduan Txosna Batzordeak txapelketa proposatu eta Jai Batzordeak onartu egin zuen. Arrakasta handia izan zuen txapelketak hasieran eta horregatik erabaki genuen urtero antolatzea. Esan genezake kuadrillen arteko txapelketari esker Galdakaoko jaiak berpiztu zirela, zalantzarik gabe.
Gaur egun, Jai Batzordearen esku dago kuadrillen arteko txapelketa. Kuadrillek urtero ematen dute izena txapelketan parte hartzeko. Hiru baldintza behar dira txapelketan parte hartzeko: kuadrillak gutxienez lau kide izatea; 16 urtetik gorakoak izatea; eta proba guztiak kuadrillaren jantziekin egitea.
Zertan datza Kuadrillen arteko txapelketak? Aurtengorako, nobedaderik bai?
Kuadrillek jaietako zenbait ekintzetan parte hartu behar dute. Aurten 33 ekintza sartzen dira kuadrillen arteko txapelketan. Besteak beste, jaien hasierako desfilea, triziklo lasterketa, paella txapelketa, ohe lasterketa, marmitako txapelketa, goitibeherak, kukaña, mus txapelketa, guito txapelketa, playback lehiaketa edota patata tortilla txapelketa.
Galdakaoko jaiek izan duten bilakaeraz galdetuko banizu.
Lehen aipatu dizudan bezala, kuadrillen arteko txapelketak erabat berpiztu zituen Galdakaoko jaiak. Batez ere, jaietan herritarren partaidetza areagotu zen. Txosna Batzordearen ekimen hau klabea izan da gure herriko jaien osasunerako, zalantzarik gabe. Era berean, aipatu beharrekoa da gaur egun ez dagoela lonjarik Galdakaoko jaietan. Lehen bizia ematen zioten jaiei, baina duela hainbat urtetatik hona ez dago lonjarik.
Zure ustez, zein da egungo jaien egoera?
Gure ustez, gaur egun inflexio puntu batean gaude. Kuadrillen arteko txapelketak bultzada berri bat behar du, eta Jai Batzordearen dinamikak, beste horrenbeste. Argi dugu biek joan behar dutela norabide berdinean, eskutik hartuta, zabalkuntza, malgutasuna eta indartzearen norabidean, hain zuzen ere.
Patakon Kultur Elkarteko kide ere bazara. Aurten berriro ere Goitibehera lasterketa antolatuko duzue.
Hala da. Patakon Elkarteak Goitibehera lasterketa eta mus txapelketa antolatuko ditu, baita Txosna Batzordeko beste lagun batzuekin batera, paella txapelketa ere. Zalantzarik gabe, horien artean antolatzen zailena Goitibeherak dira. Egin kontu, ekimen horretan 40 lagun inguruk egingo dugu lan irailaren 15ean, egunean bertan. Horrez gain, Euskal Herriko Inertzia Kirol Federazioaren parte hartzea ere badago. Izan ere, froga hau Euskal Herriko Ligarako puntuagarria izango da, eta horrek derrigorrez bete beharreko neurri zehatzak eskatzen ditu.
Hortaz, neurri bereziak hartu behar dira.
Neurri bereziak hartu behar ditugu hainbat alorretan: hala nola, ziurtasuna zaintzeko, frogaren dinamika ziurtatzeko, denborak neurtzeko… Oso konplexua eta serioa da antolaketa. Bere garaian, orain dela 20 urte, goitibeherak oso desberdinak ziren, baina gaur egungo batzuk bolido kategorian sar ditzakegu, zalantzarik gabe, gomazko pneumatikoekin, diskozko balaztekin… Abiadura itzelak hartzen dituzte! Hala ere, “betiko” goitibeherak mantentzeko kategoria propioa ere izango da. Egurrezko estruktura eta betiko errodamenduak izan behar dituzte, pertsona bateko edota biko betiko goitibeherak. Goitibehera arinenak Euskal Herriko Ligarako puntuagarriak izango dira, eta egurrezkoak Galdakaoko kuadrillen arteko txapelketarako puntuagarriak.
Iaz polemika izan zen Goitibeheren lasterketarekin.
Bai. Egia esan, urteak eman ditugu goitibeherak antolatzen, eta hausnartu, denbora luzez prestatu eta ondo antolatu eta gero, Elexaldeko aldapa historikoan berriro egin genuenean, oso pozik geratu ginen. Lan itzela, eta froga ederra, ikusgarria, izan zen. Politikoek eskua sartu zuten arte. Baten batek “merituak” eta “ikusgarritasuna” irabazteko asmoarekin gure elkartea erditik kendu eta arlo politikotik antolatu zuten iaz Goitibehera lasterketa. Baina, zorionez, beste fase batean gaude orain eta ez dugu uste holako zerbait errepika daitekeenik.
Nolakoa da Jai Batzordearen eta Udalaren arteko harremana?
Nik, eta nire elkarteko beste kideren batek ere, urte asko daramagu Galdakaon jaiak antolatzen, Jai Batzordearen zein Txosna Batzordearen barruan. Eta argi dugu oso egoera desberdinak egon direla urte askotan zehar. Onak, ez hain onak, eta oso txarrak, azkenengo lau urteak izan diren bezala. Arlo politikotik gero eta inposizio gehiago zegoen, esku-hartze zuzena eta autoritarismoa, parte hartze eta zabaltasunaren kontrako norabidean. Azkenengo lau urte hauetan inboluzio oso handia ezagutu dugu, baina hori guztia atzean geratu da jada. Orain, zalantzarik gabe, Jai Batzordearen autonomia eta askatasunaren aldeko norabidean gaudela esan dezakegu.
Zerbait berreskuratuko zenuke jaietan berriro antolatzeko?
Momentu honetan ez nuke jakingo, baina auzokide guztiei galdera horri erantzuteko aukera ematea lortzen badugu, kristoren poza hartuko genuke! Zenbat eta jende gehiagoren artean Galdakaoko Jai berriak sortu, inoiz izan ditugun onenak izango direla ziur gaude!
Bukatzeko, ilusio mezu bat zabaldu nahiko genuke Patakon Elkartetik. Oso baldintza onak daude (eta Jai Batzordekide batzuk ere horretan daude) datozen urteetan Jai Batzorde berri bat sortzeko, indartua, zabaldua, askoz ere jende eta elkarte gehiagoren parte hartzearekin, jai potenteagoak, freskoagoak eta koloretsuagoak izan ditzagun. Saiatuko gara, zalantzarik gabe. Herriak merezi du.
☉ Galdakao
Argazkiak | Moda pasarela bilakatu da gaur Galdakao, Santakurtze jaietan
Gaur moda desfilea egon da Galdakaoko jaietan. Fashion Day eguna antolatu du bigarren urtez Gazte Berpiztuk eta hainbat kuadrillak hartu dute parte. Jantzirik eta aurkezpenik onena Antzeko kuadrillak egin du, bigarren sailkatu da Dekantzekoz eta hirugarren Trikiriki. Laugarren Antropayak izan da eta bosgarren Piperrak. Hona hemen desfileko irudirik onenak!
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.