→Galdakao

Marije Olangua: “Pentsionista eta emakumea izatea zigor bikoitza da”

Marije Olangua pentsionista da 2005. urtetik. Pentsio duina kobratzen duela dio, baina astelehenero borrokan dihardu besteon eskubideak aldarrikatzen.

astelehenero borrokan dihardu Marije Olanguak pentsionisten eskubideak aldarrikatzen // Argazkia: Geuria

Marije Olangua pentsionista da 2005. urtetik. Pentsio duina kobratzen duela dio, baina astelehenero borrokan dihardu besteon eskubideak aldarrikatzen

Galdakaon 2.000 pentsionista inguru daude. Horietako bat da Marije Olangua (Galdakao, 1947). Astelehenero kontzentrazioak egiten dituzte Galdakaoko pentsionistek udaletxe aurrean eta hilean behin manifestazioa egiten dute herrian barrena. “Astelehenero 200-300 pertsona biltzen gara pentsio publiko duinen alde”, dio Olanguak: “Guregatik, gure seme-alabengatik eta gure bilobengatik”. Pentsionista eta emakumea izatea zigor bikoitza dela dio Olanguak. Berak pentsio duina du, baina beste pentsionisten borrokarekin bat egiten du astelehenero.

Zenbat urte egin dituzu lanean?
Guztira 44 urte eman nituen lanean Formican, Galdakaon. 14 urte nituela sartu nintzen lantegira eta 58 urterekin joan nintzen. Itundutako kaleratzea izan zen, eta bi urte eman nituen lan-etenaldian. Hau da, 60 urterekin aurrejubilatu nintzen.

Eta ordutik pentsioa kobratzen duzu.
Bai. Gaur egun 71 urte ditut, beraz, 13 urte eta erdi dira pentsionista naizela. Nire kasuan, pentsio duina daukat, nahiz eta urtetik urtera txikiagoa den. Baina ulertzen dut pentsionista gehienek ez dutela behar beste kobratzen.

Normalean pentsionista batek zenbat kobratzen du?
Kasu desberdinak daude, noski. Nire bizipenei dagokienez, Formica zentzu horretan oso enpresa ona izan zen. 14 urterekin kontratatu nindutenetik, lehen egunetik kotizatzen hasi nintzen. Hala, gaur egun pentsio duina kobratzen dut: 1.400 euro. Eta horrez gain, nire senarraren pentsioa ere kobratzen dut: 795 euro. Alarguna izateagatik kobratzen dut nire senarraren pentsioa.

Hala ere, pentsionista guztiak ez daude zure egoera berean.
Ez. Gehiengoa ez da pentsio duin batera iristen. Adibidez, nik ez banu nire pentsio propioa izango, nire senarraren pentsioarekin bakarrik ez nintzateke hilabete bukaerara iritsiko. Eta egoera horretan hainbat emakume daude: inoiz kotizatu ez eta etxeko lanak eta zaintza lanak ordainduta ez daudenez, bestelako pentsiorik ez dutenak, soilik senarrarena. Eta hori, garai hauetan ezinezkoa eta onartezina da. Hego Euskal Herrian batez beste 766 eurokoa da alargunen pentsioa.

Zer aldarrikatzen duzue pentsionistek?
Hainbat puntu. Batzuk aipatzearren, lehenik eta behin kotizatu dutenek gutxienez 1.400 euro kobratzea. Hori lortzeko gutxieneko soldatak 1.200 eurokoa izan behar du. Europatik etorritako aginduen arabera, pobreziatik irteteko pentsioak izan beharko lirateke gutxieneko soldataren % 90a, alegia, hilabete bukaeran estutasunik gabe iristeko eta bizitza duin bat izateko.

Era berean, alargunei pentsioa ez murriztea eta igotzea aldarrikatzen dugu. Senarrak pentsio bat badauka eta hiltzen bada, emazteak eskubide osoa du senarraren pentsio osoa kobratzen jarraitzeko. Lege hau ez zuten onartu, baina PPkoek pentsatu zuten 65 urtetik beherako alargunek pentsioa bakarrik epe labur batean kobratzea. Zorionekoak gu, ez baitzuten lege hori onartu!

Beste aldarrikapen batzuk dira: pentsioak KPIaren arabera automatikoki eguneratzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa edota 2011ko eta 2013ko erreformak bertan behera uztea, baina agintean dauden politikoek -PP, PSOE eta EAJ- ez dute kasurik egiten.

Urtetik urtera zein bilakaera izan du pentsio sistemak?
2011n erreforma bat onartu zuen Espainiako Gobernuak: dirurik ez zegoela esanez, murrizketekin hasi ziren. Estatuko pentsiodunok 65.000 milioi euroko diru funtsa geneukan. Aurreztuta geneukan dirua zen hori, baina badirudi diru hori guztia desagertu dela. Uste dut gaur egun 8.000 milioi baino ez daudela funts horretan Espainia osoan. Zer gertatu da falta den gainontzeko milioiekin? Bada, bankuak laguntzeko edota gobernuaren interes propioetarako erabili dutela.

Azken bost urteetan, 2013tik 2018ra, % 0,25 igo dizkigute pentsioak, 2,83 euro hilero bataz beste. Iaz, KPIaren arabera pentsioak eguneratzeko aurreakordioan (Toledoko Ituna), % 1,6 igo zituzten, hau da, 15 euro hilero batez beste. Hala ere, Espainiako alderdiek pentsioen sistema bermatzeko negoziazioak bertan behera utzi dituzte eta erreformarik gabe geratu gara. Pentsioniston ustez, KPIaren arabera pentsioak igotzeko aurreakordio hori amarrua baino ez da izan.

Martxoaren 8an, besteak beste, pentsionistek ere planto egin duzue bigarren urtez.
Hala da. Emakume pentsionistok ere greba feministarekin bat egin dugu aurten ere. Pentsionista eta emakumea izatea zigor bikoitza da. Orokorrean, besteak beste, hainbat emakumek ez dute ezer ez kotizatu euren bizitzetan eta euren senarren pentsioarekin ez dute nahikoa hilabetea bukatzeko; kotizatu duten emakumeek gizonek baino pentsio apalagoak dituzte (%40rainoko aldera irits daiteke); emakumeok gizonen lanekin alderatuta, lan ezberdinak gauzatu ditugu, askoz prekarioagoak; edota familiaren zaintzan lanean aritu arren, kotizatu ez eta pentsiorik ez duten emakumeak daude.

Ildo horretan, emakume pentsionistak zigortuak izaten jarraitzeko ez gaudela prest aldarrikatu behar dugu. Emakume eta pentsionista bezala gure eskubideak exijitu behar ditugu, geratzen zaiguna duintasunez bizi ahal izateko.

Galdakaon mobilizazioak egiten jarraitzen duzue, ezta?
Bai, noski. Mobilizatzea garrantzitsua da, emakumeon eskubide guztiak ez ditzaten zapaldu. Ildo horretan gogorarazi nahiko nuke pentsio sistemak denei eragiten digula, zuzenean zein zeharka. Hau da, pentsionistak bakarrik mugitu beharrean, langileak eta gazteak ere mobilizatu behar dira, euren egoera gaur egungoa baino okerragoa izan ez dadin. Gure eskubideen alde borrokatu behar dugu eta borroka hori ikusizkoa izan behar da.

Baina borroka falta dago gazte eta langileen aldetik.
Nire ustez, bai. Esaterako, ni 14 urterekin hasi nintzen lanean eta lehen egunetik borrokatu nuen. Beti gure (langileon) eskubideen alde borrokan. Eta gogoratzen dut eskualde osoko langileak mobilizatzen zirela. Gaur egun, ordea, ez da horrelakorik gertatzen. Egoerak ezberdinak dira. Lehen aukera gehiago genituen erabakitzeko non lan egin, baina gaur egun egoera zailagoa da enplegu aldetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak