→Basauri

Jokin Oregi: “Basauriko Antzerki Eskolak askoz gehiago eman zezakeen, haren alde egin izan balute”

basauri jokin oregi 2018 ale berezia berba eta irudia

Kazetaritza ikasten ari zela hasi zen Basauriko Antzerki Eskolan Jokin Oregi (Soraluze, 1970). Marie de Jongh konpainiaren sortzaile da Oregi.

Jokin Oregirekin bildu ginenekoa, Bilbon // Argazkia: Geuria

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Kazetaritza ikasten ari zela hasi zen Basauriko Antzerki Eskolan, eta mundu bat deskubritu zuen.  Zerbait uztekotan, nahiago zuen kazetaritzako klaseren bat edo beste galdu Basaurira etorri gabe geratu baino. Marie de Jongh konpainiaren sortzaile da Jokin Oregi (Soraluze, 1970), egun estatu mailan antzerki familiarraren arloan goi mailako postuetan kokatuta dagoen konpainia: Max Saria irabazi dute eta, besteak beste, Amour ikuskizunarekin 16 emanaldi jarraian egingo dituzte Lyonen urte bukaeran. Basauriko Antzerki Eskolaren itxierarekin aukera handia galdu zela dio.

Noiz eta nola sartu zinen Basauriko Antzerki Eskolan?
Gogoan dut egun nire emazte eta lankide den Anak eta biok, kazetaritza ikasten ari ginenean, ezagutzen genuela bata bestearen grina antzerkiarekiko. Ez genekien oso ondo nondik zetorkigun grina hori, gure herrietan antzerkiak ez baitzuen pisu handirik. Egun batean Anak esan zidan jakin zuela Basaurin bazegoela antzerki eskolan matrikulatzeko aukera une hartan bertan, eta ea izena emango genuen galdetu zidan. Halaxe egin genuen. Arratsaldez ziren eskolak. Orduan, gainera, erdi abandonatutako eskola batean izaten ziren, oso leku iluna zen. Laugarren eskuko kotxe zahar batean joaten ginen, baina oso oso pozik. Mundu bat izan zen guretzat. Oso irakasle finak genituen, eta nahiz eta egoera nahiko prekarioa izan alde materialetik, bazegoen pasio bat, eta gu liluratuta geratu ginen berehala. Ez genuen klaserik galtzen, hasi ginen kazetaritzako eskolak galtzen, baina Basaurira egunero-egunero joaten ginen, ordu dezente egiteko gainera, egunean lau ordu-edo egingo genituen: dantza, mugimendua, interpretazioa, aurrerago dramaturgia ere bai, niri asko interesatzen zitzaidana…

Zuk aipatu bezala, egoera prekario samarra izan arren beti egiten zuten ahalegina irakasle onak ekartzeko, ezta?
Bai, bai. Oso irakasle onak izan genituen. Oro har oso maila altuko jendea zen, eta uste dut horrek harrapatu gintuela eta horregatik jarraitu genuela, bageneukalako ikasteko asko. Ni konturatu nintzen zenbat geneukan ikasteko. Niretzat izugarrizko erronka zen, lurralde ezezagun batean sartzea bezala. Izena eman genuenean ez genuen seguru asko halakorik espero. Gainera, gauza bat zuen ona eskolak: antzerki eskolako arduradun nagusiak zirenek  Tarima antzerki taldea ere bazuten, eta guk euren arlo profesionalean ere ikusten genituen Tarimako lanak egiten, hezkuntzako lanaz gain. Horri esker eskola ez zen gauza isolatu bat, benetako ofizioarekin inolako zerikusirik gabekoa, aurkakoa baizik: guk ikusten genituen furgoneta kargatzen, bolo bat lortzeko borrokan edo jendearen aurrean euren lana plazaratzen. Hori oso garrantzitsua da. Horrek ematen dizu ikuspegi orokor bat, errealitate gordin eta aldi berean apasionantearen aurrean jartzen zaitu eta ez dago idealismo faltsu baterako biderik. Gure belaunaldikook zortea izan genuen, batez ere euskaldunek: bi Kukubiltxora joan ziren, Ana Markelinen hasi zen eta Eneritz Artetxe eta ni Maskaradan hasi ginen. 

Antzerki eskola Social Antzokian ere ezagutu zenuen, ezta?
Bai, eta harribitxi bat zen. Maisuen gela zegoen, eta gero zeukan oholtza, eszenatokia, eta hori gauza handia da: teoria mailan lan egiteko, baina gero baita ere argiekin jokatzeko, tramoiarekin, publikoaren aurrean egin ahal izateko, edo patio baten aurrean behintzat… Orain ez dakit zer eszenatoki klase izango duten baina ez dut uste antzokirik izango dutenik. Luxua zen, oso toki egokia.

Ilustrazioa: Alejandro Prieto

Itxi zenean ez zeunden bertan, ezta?
Ez, guk amaitu eta hiruzpalau urtera itxi zuten. Diru-laguntzak murritzak zirela, gero eta diru gutxiago jasotzen zutela, beti hari batetik zintzilik, hurrengo urtean zer izango zuten jakin ezinik. Gainera, lau sosekin egiten zuten, sekulako militantzia zegoen. Ez genuen barrutik bizi izan gertatu zena, baina pena handia izan zen hura itxi izana. Eskola hark asko eman zuen baina askoz ere gehiago eman zezakeen baldin eta errekonozimendu bat izan balu eta denek haren alde egin izan balute. Aukera handia galdu zela esango nuke. Egia da, guri esan ziguten, gure belaunaldia eta hurrengoak nahiko antzerkilariak ginela, baina sartzen ari ziren belaunaldi berriak gehiago ari zirela pentsatzen zinean eta alfonbran antzerkian baino, eta jendea sartzen zela kastin bat non zegoen jakin nahian, ikasi aurretik. Beste garai bat zen. Orain denborarekin ikusita, uste dut gu joan ginela ikasteko gogoz, aurrejuzguak kendu eta aurrera egiteko gogoz. Uste dut mentalitate horrekin sartu izanak gero eragina izan duela bakoitzak egin duen ibilbidean.

Basauriko eskolatik ateratakoan zein aukera zenituzten aurrean?
Lehen esan bezala, guk zortea izan genuen: azkeneko ikasturtea egiten ari ginela, Eneritz Artetxe eta ni Maskaradan hartu gintuzten, Ana Markelinen, beste bi ikaskide Kukubiltxon… Hori, ikasturtea bukatu aurretik. Zorte handia izan genuen hasteko eta ikusteko. Hortik bizitzeko lain ez, noski. Antzerkia beti izan da, gure inguruan behintzat, egiteko moldez, jasotzeko moldez eta estruktura aldetik oso prekarioa. Horregatik lan egin behar duzu beste gauza askotan. Egia esan, Anak ez zuen premia hori izan Markelinen jarraitu baitzuen. Nik Pausokan egin nuen lan eta horrekin batera antzerkiarekin lotura izaten jarraitzen nuen, proiektuetan…; ez %100ean baina jarraitzen nuen. Bigarren umea izatear ginela Markeline utzi egin zuen Anak urte batzuetan, eta hiruzpalau urtera esan zidan zergatik ez genuen guk geuk zerbait egiten elkarrekin. Horrela sortu zen Marie De Jongh konpainia. Mikel Martinezek Boluetan daukan garaje batean hasi ginen, hautsez eta traste zaharrez beteta. Reyes Moleres eta Ana aktore eta neu zuzendari. Reyesi ETBtik deitu zioten Goenkalerako eta Ana eta biok geratu ginen.   Pixkanaka lana sortu zitzaigun, batera eta bestera bidaiatzen hasi ginen… Eta orain gero eta lan gehiagorekin ari gara. Gaur egun Espainia mailan antzerki familiarraren barruan-edo goi postuetan kokatu gara.  Beste mailatxo bat gora egin dugu, eta hori izan behar da tendentzia. Prekarietate honetan oso zaila da… Ni zentzu horretan pribilejiatu bat naiz, gutxieneko batzuk beteta baitauzkat diru aldetik etab., baina tira, ikusi duzu orain arte ez naizela zerura begira egon. Hogei urtetik gora egon nintzen Pausokan, Goenkaleko gidoiak idazten, erdi erreta baina sosak etxera eramatearren. Ez dago besterik, egin behar da. Egia da denborarekin beste heldutasun batekin begiratzen diozuela kontuari eta errazago ikusten dituzula gauzak bere zailtasunean, baina oso zaila da, jende asko dago.

Eta egiten denaren kalitateari buruz zer esango zenuke?
Niretzat hortik dator gaur egungo arazoa, kalitate premiatik. Gauza on-onik ez duzunean ikusten ohitu egiten zara horretara. Guk ez bagenu sekula patata-tortilla on bat jan, egon gintezkeen jaten izoztutako horiek eta txarrak ez daudela esan. Baina benetako tortilla probatu duenak… Orduan, ikusten duzunean obra on bat, pentsatzen duzu zenbat lan egin duten. Eta berdin zait nondik ateratzen diren ofizioa, talentua eta jakintza, zein metodo etab., horrek ez dit batere axola. Garrantzitsua emaitza da, eta zuk sortzen duzun lotura ikusleekin, eta zenbaterainoko errespetuz tratatzen duzun ikuslea, eta hor sortzen den komunikazioa.

Hemen hezkuntza kultural falta dagoela uste al duzu?
Bai, dudarik barik. Eta gainera, uste dut bai energia aldetik bai nahi aldetik bai gaitasun aldetik badagoela nahikoa muskulo egiteko. Denok harrapatzeko moduan? Akaso, ez. Baina eskola on bat, Musikene dagoen moduan Donostian, antzerki eskola potente bat egiteko Euskal Herrian? Jakina badagoela. Beharbada urtean 25-30 lagun sartu beharko dira, eta ez denak. Hori, nahiko bagenu goi mailako hezkuntza bat lortu. Orain, demokratizatze aldera, zabaltze aldera eta justuagoa izate aldera nik uste dut hezkuntza handia behar dela monitoreak eurak, irakasleak eurak hezteko, bestela edonoren eskutan utz dezakezu kontua. Zuk ofizioa menderatu dezakezu neurri batean, baina horrek ez du esan nahi irakasle ona izan zaitezkeenik, ezta gutxiago ere.

Hemengo publikoari buruz zer esango zenuke?
Publikoa izaki bizidun bat da, urtetik urtera eta tokitik tokira aldatzen doa. Ezingo nuke esan hemengo publikoa horrelakoa edo bestelako denik. Baina esango nukeena da jendea ez dela tontoa, eta kalitatea eskaintzen bada joan egiten dela antzokira. Goazen pentsatzera jendea ez dela tontoa eta gai dela gauza onak apreziatzeko. Baina gauza horiek eman egin behar zaizkio.

Di-Da

Gordeta duzun objektu preziatu bat? Zirkuko bolak, maskararen bat….

Zure bertute bat? Lan egiten dudala eta sinesten dudala neurri handi batean egiten dudan horretan

Zure akats bat? Oraindik ez dudala ikasi pazienteagoa izaten

Zein da egin duzun azken bidaia? Parisera

Eta egin nahi zenukeen hurrengoa? Frantziako Alpeetara izango da hurrengoa

Libururen bat irakurtzen ari al zara? Eider Rodriguezen Bihotz handiegia bukatu berri dut

Besteengan miresten duzun bertutea? Zerbait aportatzen duen jendea miresten dut

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak