→Hego Uribe

Sonia Villamor: “Antzerkiarekin komunikatzeko baloreak lantzen ditugu eskoletan”

basauri-sonia-villamor-elkarrizketa-antzerki-eskolak-2018-geuria-043-ale-berezia-berba-eta-irudia

Antzerkilari bezala definitzen du bere burua Sonia Villamorrek (Bilbo, 1975). Ikasten ari zela hasi zen antzerkiaren munduan eta gaur egun lanbidea du.

Basauriko eta Arrigorriagako ikastetxeetan dihardu Sonia Villamorrek antzerki eskolak ematen // Argazkia: Maider Ibañez

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Antzerkilari bezala definitzen du bere burua Sonia Villamor bilbotarrak (Bilbo, 1975). Ikasten ari zela hasi zen antzerkiaren munduan eta gaur egun lanbidea du: “Mota askotako lanak egiten ditut antzerkiaren inguruan, eta honetatik bizi naiz”, dio. Besteak beste, antzerki irakaslea da Basauri eta Arrigorriagako ikastetxeetan, film laburrak egin ditu baita aurkezle lanak ere. Tartean, Zuztarluze lehiaketak gidatu ditu Basaurin, Galdakaon edota Arrigorriagan.

Noiz hasi zinen antzerkiaren munduan?
Bilboko Altamira auzoan bizi nintzen eta bertako eskolan antzerki talde bat sortu zen, auzoarentzako eta auzotarrentzat. Bertanhasi nintzen antzerkian. Gogoratzen dut oso gaizki pasatzen nuela neskatila oso lotsatia bainintzen, baina aldi berean, urtero-urtero antzerki eskoletara joaten nintzen. Altamirako jaietan urtero emanaldiak egiten genituen plazan.

Eta, ordutik hona antzerkiarekin lotura zuzena izan duzu.
Bai. Hainbat konpainarekin lan egin dut eta plazaz plaza aritu naiz. Gaur egun, ordea, ez dut konpainietarako lan egiten. Lan puntualak egiten ditut. Konpainiek bilakaera handia izan dute: gero eta estruktura txikiagokoak dira eta krisi handiak eragindako egoerara egokitzen joan dira. Horren ondorioz, konpainietatik kanpo lana ere badagoela ikusi nuen.

Mundua bera antzerkia dela esan zenuen behin. Hausnarketa sakona hori!
Bai, baina ez pentsa oso sakona naizenik! Hordago Ardoa proiektuan nenbilenean esan nuen esaldi hori. Irakurketa ezberdinak izan ditzake esaldi horrek, baina nire kasuan, antzerkian nire bizimodua edo oraingo ibilbidea topatu dut.

Zer da Hordago Ardoa?
Hordago Ardoa ikuskizun berritzailea izan zen, ardoaren eta bere dastaketaren inguruan sortutakoa. Beste artista batzuekin elkartzeko aukera eman zidan proiektuak eta, konpainietatik kanpo nengoenez, jakiteko beste diziplina batzuetan behar dela komunikazioa lantzea eta berpiztea. Hau da, jendeari kostatzen zaio antzerkia ikustera joatea, baina aldi berean eskertzen du, adibidez, Hordago Ardoa moduko zeozer, antzerkiaren, poesiaren edo margoketaren zertzelada batzuk. Hordago Ardoa proiektuan arte pilo bat uztartzen genituen.

Zein eragin du antzerkiak gizartean?
Antzerkiak komunikatzeko balio du. Komunikazio tresna bezala ikusten dut antzerkia eta horretan zentratzen naiz eskolak ematerako orduan, batez ere ikastetxeetan. Batzuei ez zaie gustatzen edo beste batzuei lotsa ematen die, baina nik uste dut, eta askotan esaten diet ikasleei, aukera daukatela edozein ideia defendatu ahal izateko jendaurrean. Eta hori, oso garrantzitsua iruditzen zait gaur egungo gizartean. Izan zaitezke jakintsua, denetatik edo gauza baten inguruan asko jakin, baina ez badakizu hori ondo komunikatzen, galduta zaude.

Eskolak eta ikasleak aipatzen dituzula, eskualdeko zenbait antzerki programetan diharduzu.
Basauriko ikastetxeen arteko Antzerki Topaketan eta Arrigorriagako eskolako Antzerki programan ari naiz. Basaurikoan -aurten 12. edizioa- orain dela sei urte sartu nintzen irakasle. Eneko Amezketa basauriarrak deitu zidan eta proposamena luzatu zidan. Udalak abian jarritako programa da. Arrigorriagan ikastetxeko zuzendaritzak eta Guraso Elkarteak antolatzen dute antzerki programa eta bertan hasi nintzen orain dela sei urte. Uste dut nirekin hasi zirela ekimen hori martxan jartzen.

Irakasle bezala, ikasleengan bilakaerarik ikusi al duzu?
Bai, umeak gaur egun nagusituta daude eta lehen ez nituen zailtasunak topatzen ditut orain. Adibidez, lotsatiagoak dira eta ea ridikulua egingo duten pentsatzen dute. Gainera, gaur egun telebista formatu berriekin, eskatzen dizkigute obra zehatz batzuk egitea. Esate baterako, ikastetxe batean behin esan zidaten Stranger Things telesaila ardatz hartuta antzezlan bat egiteko. Eta hori antzerkian egitea konplikatua da, eta gainera guretzako are gehiago “antzerki pobrea” egiten dugulako, hau da, baliabide mugatuekin. Umeak ohituta daude Interneten bidez denetarik ikustera, baina zuzeneko ikuskizun gutxi. Uste dut horrek buruan nahaspila sortzen diela.

Eta, zer lortzen dute antzerkia egiterakoan?
Talde kohesioa azpimarratuko nuke. Talde bat izatea lortzen dute, elkarrekin lan egitea. Gaur egun oso indibidualistak gara, gurekoiak, eta garrantzitsua da talde-lana lortzea. Horrek geletan egon litezkeen arazoak gainditzeko balio du.

Di-Da

Gordetzen duzun objektu preziatu bat. Ez dut normalean ezer gordetzen. Azken bost urteetan lau aldiz aldatu naiz etxebizitzaz eta denetan artelanak mantendu ditugu. Horiek izan litezke gordetzen ditugun objektuak

Egun librea dudanean… Alabarekin jolasten dut

Bertute bat eta akats bat. Oso langilea (amak esanda) eta burugogorra naizela

Azken bidaia eta egin nahiko zenukeena. Asturiasera lagunekin, eta Portugalera bueltatuko nintzateke

Liburu bat eta telesail bat. Perdón (Ida Hegazi Høyer) eta Dark (Netflix)

Abesti bat eta pelikula bat. 45 cerebros y un corazón (Maria Arnal eta Marcel Bagés) eta Una mujer fantástica (Sebastian Lelio)

Miresten duzun bertutea. Pazientzia

Non eta noiz zara zoriontsu. Txikitatik izan naiz zoriontsu hondartzan

Miresten duzun pertsonaia historiko bat Edozein emakume esango nuke. Emakume asko daude, izen-abizenik ez daukatenak. Nire ama, adibidez. Baina izen ezagun bat esatekotan, Angela Davis

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak