→Basauri

Soraya Gonzalez: “Futbola eta pintxo potetik aparte, taberna bat egitea posible da”

basauri soraya gonzalez 2016 nai lua teteria

Orain dela hamar urtetik buruan izan duen proiektua izan da. Joan den otsailean martxan jarri zuen Nai Lua Teteria, besteak beste, literatura, yoga eta musika uztartzen dituen taberna

Orain dela hamar urtetik buruan izan duen proiektua izan da. Joan den otsailean martxan jarri zuen Nai Lua Teteria, besteak beste, literatura, yoga eta musika uztartzen dituen taberna

Gizarte eta kultura arloan lan egindako basauritar honek Mapa Munditik bueltak eman baditu ere, bere jaioterrian berriro lurreratu da, oraingoan hemen geratzeko asmoz. Izan ere, Basaurin dagoen teteria bakarraren jabea dugu bera, Nai Lua Teteria.

Zelan sortu zen teteria bat sortzeko ideia hau?

Gizarte eta Kulturan egindako moduloan, auzo bakoitzak daukan hutsunea identifikatzen ikasi nuen eta Basaurik ez zeukan horrelako tabernarik. Basaurik baditu partiduak ikusteko edota pintxo-potea hartzeko tabernak, baina ez dauka naturala den zeozer edaten duzun bitartean erlaxatzeko, liburu bat irakurtzeko, koadro erakusketa bat ikusteko edota zenbait tailerretan parte hartzeko lekurik. Horrelako antzeko proiektu bat baneukan ikusita Leioan eta hau guztia pentsatzen hasi nintzenetik, aurreko urtean otsailaren 28an Teteria ireki nuen arte, hamar urte pasatu dira.

Beldurtzen ninduen nik bakarrik horrelako enpresa bat sortzeak, baina beldurra gainetik kendu eta gogor ekin nion. Geroxeago ikusi nuen, Teteria nirea izan arren, inguruan nituen eta bidean ezagutu ditudan lagun askoren laguntza ere izan dudala, besteak beste lokala margozteko, mahaiak eta eskulanak egiteko eta ikastaroak emateko eta horregatik guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiet nirekin egon diren guztiei.

Nolako ikastaro edo ekintzak antola- tzen dituzu teterian?

Mota askotariko tailerrak antolatzen ditugu. Gorputzari dagokionez, astearte eguerdietan Yoga egoten da eta ostegunetan Hipopresibo tailerra, hau arnasaren bitartez diafragma lantzean datza, horrela emozio negatiboak kanpora ditzagun.

Bestetik, arteari ere lekua utzi diogu eta astearte arratsaldetan Kitarra tailerra eskaintzen da eta dagoeneko bi eskola ematen dira. Asteazken arratsaldetan Arteterapia lantzen da. Teterian materiala dago eta nahi duguna da jendea margoztera etortzea, bakoitza norbere artea azaleratzeko eta bide batez erlaxatzeko; ez da beharrezkoa horretan aditua izatea.

Eta azkenik, orain pixkat geldirik dagoen arren, Tarot ikastaroa ere landu izan dugu eta landuko dugu berriro.

Ba al daukazu etorkizunerako beste tailer berririk buruan?

Bai, noski. Apirilean Pastelgintza beganoa landu genuen eta bertan labea behar ez duten hiru pastel egin genituen eta azaldu genituen zeintzuk diren azukrea ez erabiltzeko beste aukerak. Aurreko hilabetean beste tailer bat ere estreinatu genuen, baina honetan edatekoari erreparatuz. Garagardo-dastatzea egin dugu jendeak hainbat eta hainbat artisau-garagardo ekologiko proba ditzan. Ikus dezakezuenez gauza asko eta oso ezberdinak lantzen dira.

Teterian eskaintzen ditutzun janari eta edari gehienak naturalak edota ekologikoak al dira?

Gehienak, bai. Edatekoan, besteak beste, zukuak, garagardoa, ardoa eta infusioak. Esan beharra dago produktu hauek ordaintzean, askotan planetari laguntzen ari gatzaizkiola; izan ere, infusio saltzaileak irabazitakoaren ehuneko bat planeta salbatzeko destinatzen du.

Jatekoan, bi ostegunean behin Dimako baserri batetik garaiko barazkiez beteriko otarreak datoz eta nahi duenaren eskura daude salgai. Aukera hau aprobetxatuz, bertatik hartzen ditut hemen egiten ditudan entsaladak, crep-ak, guakamolea, humus-a, etab. egiteko erabiltzen ditudan osagaiak. Probatzera etorri behar duzue, ez zarete damutuko!

Zer mezu botako zenuke inoiz etorri ez den norbait etorrarazteko?

Norberak dituen teterien gaineko aurreiritziak albo batera uztea da onena. Askotan uste baita hemen tea baino ez dela eskaintzen, edota emakumeei edo gazteei zuzenduriko esparrua baino ez dela, eta ez da horrela. Gonbidatzen zaituztet eskaintzen ditugun tailerretan parte hartzera, ondo pasatzera, jendea ezagutzera, modu osasuntsuan jan eta edatera. Eta proposamenik izatekotan, jakizue helarazi ahal dizkiguzuela.

Nahi izanez gero Facebook bitartez jarrai gaitzakezue antolatzen ditugun gauzen berri izateko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak