→Ugao

Eneko Larrazabal: “Eszenatoki batean publikoaren beroa sentitzea ikaragarria da”

ugao eneko larrazabal elkarrizketa 2018 geuria 043 ale berezia berba eta irudia

Eneko Larrazabal (Ugao, 1997) gaztea den arren ibilbide luzea du arteen munduan. Dantzan hasi zen, eta orain aktore lanetan dihardu.

Eneko Madrilen bizi da, baina bisitan Ugaora etorri denean elkartu gara berarekin // Argazkia: Maider Ibañez

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Eneko Larrazabal (Ugao, 1997) gaztea den arren ibilbide luzea du arteen munduan. Dantzan hasi zen, eta orain aktore lanetan dihardu. Madrilgo Arteetako Unibertsitatean (TAI) ari da ikasten: “Klaseko lagun batzuekin konpainia bat sortzeko asmoa dugu, datorren urtean, laugarren mailako ikasketak bukatu ondoren. Gure artean lotura estua sortu da”, dio Enekok: “Gauza oso onak egin ditugu gure artean eta aurreikusten dugu beste hainbat etorriko direla”. Hala ere, ez du baztertzen Ugaora itzultzea, “Euskal Herrian Artearen diziplina ezberdinak oso momentu onean baitaude”.

Eta nolatan aktore?
Txikitatik izan dut Arteetarako zaletasuna. Bederatzi urte nituela dantzan hasi nintzen Igor Yebra Dantza eta Koreografia Eskolan, Bilbon. Balleta egiten nuen eta eskola hartan lau urtez egon nintzen. Gustura egon arren, konturatu nintzen ez zela nire gogokoena, nahiago nuela pantomima egitea. Orduan dantza eskola utzi nuen, hamahiru urtekin.

Garai haietan eratu zen Ugaon antzerki elkartea.
Hala da. 2011n sortu zuten Ugaoko Bidea antzerki elkartea. Nire ama taldeko kidea zen eta entseguak ikustera joaten nintzen. Asko gustatzen zitzaidan bertan egiten zutena eta Jose Luis Urrutia zuzendariak proposatu zidan taldera batzea.

Horiek izan ziren zure hastapenak antzerkian?
Bai. Urrutiaren proposamena onartu eta paper txiki bat eman zidan: Kupidorena, hain zuzen ere. Ez nuen hitzik esan behar, bakarrik mugimenduarekin jolastu behar nuen. Ugaoko jaietan antzeztu genuen obra jendaurrean. Nahiz eta hitzik esan behar ez nuen, hori izan zen nire lehen papera antzerki aktore bezala. Asko gustatu zitzaidan esperientzia eta momentu hartan erabaki nuen aktore izan nahi nuela.

Aktore izateko formaziorik jaso duzu?
Bai. Bilboko Artebi Eskolan matrikulatu nintzen eta bertan bi urte eman nituen. Formazio hori jaso ondoren, Ugaoko Bidea taldean eman nuen izena serioski. Bertan ere asko ikasi nuen. Jose Luis Urrutiak antzerkiaz asko daki eta pilo bat irakatsi zigun. Era berean, Batxilergo artistikoan matrikulatu nintzen Bilboko Ibarrekolanda institutuan. Argi nuen nire bideak artistikoa izan behar zuela.

Eta gaur egun Madrilen zaude.
Pentsatu gabe joan nintzen Madrilera. Aktore nahi banuen izan, hiri handietara joatea zen onena. Gaur egun Madrileko Arteetako Unibertsitatean ari naiz ikasten. Hirugarren urtea bukatu dut orain eta oso gustura, egia esan. Irakasleak bikainak dira, klasekideak oso onak, eta asko ari naiz ikasten.

Aukera gehiago daude Madrilen hemen baino?
Duda barik, aukera gehiago daude Madrilen edo Bartzelonan. Hamaika kasting zabaltzen dituzte egunero, dela antzerkirako, zinemarako, telebistarako edo iragarki baterako. Hori bai, nahiz eta kasting asko zabaldu, ez da hain erraza aukeratua izatea. Nik, adibidez, zenbait kasting egin ditut, baina ez dut zorte handirik izan. Normalean unibertsitatean dugu kastingen berri, baita sare sozialetan  ere.

Hala ere, 21 urteko gaztea izanda, ibilbide luzea duzu artista bezala. Dantza, antzerkia eta zinea jorratu dituzu.
Antzerkian paper gehiago egin ditut, ezagunenak: West Side Story (2016), Moulin Rouge (2016) eta Una rubia muy legal (2016). Hiru antzezlan horiek Alquimia Teatrorekin egin nituen eta Espainian barrena bira egin genuen. Ugaoko Bidearekin hamar bat obra antzeztu ditut 2011tik 2014ra bitartean. Dantzari dagokionez Euskadiko antzokirik garrantzitsuenak bisitatu ditut: El Cascanueces Bilboko Arriaga Antzokian (2009) eta Parte de Copelia ikuskizuna Euskalduna (Bilbo), Kursaal (Donostia) eta Principal (Gasteiz) antzokietan. Zinean hainbat laburmetraietan parte hartu dut eta Koldo Serraren Gernika filmean (2016) figurazio lana egin nuen. Laster, gainera, Gracia Querejetak estreinatuko duen filmean ere agertuko naiz figurazio lanetan. Maribel Verdú da protagonista.

Hiru modalitateen artean, zein duzu gustukoen?
Antzerkia da gehien gustatzen zaidana. Eszenatoki batean publikoaren beroa sentitzea ikaragarria da eta momentuan bertan euren erantzuna duzu. Obrak irauten duen denbora tartean dena ematen dut, bizi egiten dut. Antzerkia errealagoa da. Zineman dena faltsuagoa da eta ez dut hainbeste disfrutatzeko.

Ugaoko Bideak zer suposatu du zure ibilbidean?
Nire hasiera izan zen Ugaoko Bidea. Beti gogoratuko naiz egindakoaz eta ikasitakoaz. Jose Luisek maiatsunez irakatsi zidan antzerkia eta mundu honetan aukera asko daudela erakutsi zigun. Arte honen barruan, beste mundu txiki batzuk daudela, alegia.

Ugao herri txikia izan arren, artista asko zarete!
Bai. Egia esan, Ugaon hainbat artista atera dira. Batzuk aipatzearren, Iker Mendaza, Imanol Casán edo David Cantalejo. Ilusio ikaragarria egiten dit. Ez dakit zein izango den arrazoia, baina harrobia badago Ugaon. Egia da jaietan garrantzia handia ematen diotela Arteari eta azaroan, ostiralero, antzerki programa eskaintzen dute herrian. Eta urte askotan hala jarrai dezala!

Di-Da

Gordetzen duzun objektu preziatu bat. Bihotz formako harri bat. Ugaoko errekan topatu nuen txikitan eta harrez geroztik gordeta daukat

Egun librea dudanean… Lagunekin egon edo ikuskizun bat ikustera joan

Bertutea eta akatsa. Humila eta oso lotsatia

Azken bidaia eta egin nahiko zenukeena. Londresera iazko udan eta Brasilera

Liburu bat eta telesail bat. Aktore teknikako liburu bat eta Vis a Vis seriea

Abesti bat eta pelikula bat. Oso gustuko dut Alosque (La Pegatina). Filmeei dagokienez, asko gustatzen zaizkit historikoak direnak El laberinto del Fauno edo La ladrona de libros

Besteengan gehien miresten duzun bertute bat. Gauzak aurpegira esatea. Zintzotasuna

Non eta noiz zara zoriontsu. Maite ditudanekin, Ugaon zein Madrilen

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak