→Ugao

Goio Ramos | Paperaren erromantikoa

ugao goio ramos 2016 elkarrizketa ale berezia

Izatez basauriarra, Ugaon bizi da. Herriko ikastetxean irakaslea da, baina aurten Irakasleen Euskarazko Prestakuntzan dabil lanean.

Ugaon bizi da gaur egun Goio Ramos (Basauri, 1966). Euskal Filologian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ondoren, Soziologia ikasketak hasi zituen. Aurten Irakasleen Euskarazko Prestakuntza Zerbitzuan (Irale) dabil irakasle lanean, baina Ugaoko eskola publikoan du bere lanpostua. Irakasle izateaz gain, afiziotzat ditu literatura eta musika. Era berean, zinegotzia da Ugaoko Udalean, EH Bilduren aldetik.

Telebistako programa baten izenak dioen bezala, “herri txiki, infernu handi” esamoldea bat al dator Ugaorekin?

Ez horixe! Ugao oso herri lasaia da. Txikia, bai, baina, oinarrizko zerbitzu guztiak dituena. Oso gustura bizi gara hemen.

Gainera, lanpostua bertan duzu. Hain zuzen, Ugaoko eskolan…

Aurten lanean kanpoan banago ere -IRALEn irakasle nabil-, Ugaoko eskola publikoan dut lanpostua. Orain dela 25 urte hasi nintzen bertan, ikastola zela. Normalean hirugarren zikloko tutorea izaten naiz eta, beraz, arlo guztiak ematen ditut, espezi koak izan ezik. Horrez gain, ikasketa burua ere izan naiz eta hainbat proiektutako ardura izan dut. Hala nola, euskara plangintza eta IKT (Informazio eta komunikazio teknologiak).

Ugaoko eskolan hasi zinenetik gaur egunera arte, euskararen erabileraren bilakaera zein izan da?

Uste dut lehen baino euskara gutxiago egiten dutela ikasleek, sarritan gure aurrean ere erdara hutsean aritzen baitira. Irakasle bezala hasi nintzenean, ordea, euskararekiko jarrera militanteagoa zegoen gurasoen aldetik -azken nean, ikasleak gurasoen isla dira-, egun galdu egin dena euskararen normalizazioa lortuta omen dagoelako eta haren alde borrokatzeko beharrik ez omen dagoelako. Nahikoa ei da seme-alabak D ereduan matrikulatzea.

Eta, Hego Uribe eskualdean euskararen egoeraz galdetuko banizu…

Euskararen aldeko ezaguera igotzen dabilen heinean, erabilerak behera egin duela uste dut. Beharrak erabilera dakar. Hori da bidea. Udalen aldetik hizkuntza politika ausartagoa behar da, eskolatik kanpo euskara erabiltzeko guneak sortzeko, batez ere gaztetxoenei begira. Esan dudan bezala, ausardiaz jokatu behar da, helburuak ondo de nitu eta harantzako bidean indarrak bildu.

Irakasle izateaz gain, idazle ere bazara. Afizioa ala bokazioa da zuretzat literatura?

Idaztea niretzat afizioa da. Idazlea baino lehen literaturzalea naiz. Nagusientzako errelatoak-eta, unibertsitate garaian hasi nintzen idazten. Haurrentzakoak, berriz, eskolan aritzean. Izan ere, haurrentzako zerbait idazten dudanean, beti izaten ditut buruan ikasleak erreferente eta iturburu.

Afzioa soilik izateko, hainbat sari irabazi dituzu…

Hala da. Besteak beste, Tene Mujika (Debako Udala) eta Baporea (SM argitaletxea) sariak irabazi izan ditut. Hasiberrientzako bultzada suposatzen dute sari horiek, eta ez soilik ekonomikoa. Zera adierazten dute: batzuei zuk idatzitakoa gustatu egin zaiela eta gainera, lana argitaratu egingo dizutela, beste batzuek irakurtzeko aukera emanez. Dena dela, lehiaketa guztiak oso subjetiboak dira eta sarri askotan idazle berak aurkezten dira, sariketetako profesionalak dira. Sarituen zerrendari begiratzea besterik ez dago.

Lehiaketen harira, Basauriko Ipuin Erotikoen lehiaketan epaimahaikide izan zinen (Euskarabila 1996- 2013). Zein iritzi duzu horrelako lehiaketak sustatzeaz?

Ondo legoke, orain arte bezala, saritutako lanen bilduma argitaratzen bada. Nire ustez, hasiberrientzako garrantzitsuagoa da euren lanak argitaratuta ikustea, sariketa bera irabaztea baino.

Liburu denda bat ere ireki omen zenuen Basaurin…

Omen barik (kar, kar, kar). Desastre hutsa izan zen. Gurea zaletasunetik sortutako proiektu bat izan zen -emaztea ere oso literaturzalea baita-. Denda txikia zen, literatura baino ez genuen saltzen, liburuen iruzkinak ipintzen genituen erosleek irakurtzeko… baina salmenta aldetik, desastre hutsa izan zen.

Liburu elektronikoen garai honetan, paperezko liburuak kolokan daudela uste duzu?

Etxean paperaren aldeko erromantikoak gara -binilo zaleak garen moduan-, eta uste dut formatu digitalak ezin izango duela papera hil. Hala ere, auzi honen atzean negozioa dago, ez literatur kontuak. Bestela, zelan justifika litezke ekoiztea askoz merkeagoak diren ebooken prezioak? Beste aldean, Susa argitaletxe literaturzalearen eredua dago.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak