→Ugao

Iker Mendaza: “Genero indarkeriaren inguruan herritarrok asko dugu hausnartzeko”

ugao iker mendaza guerra 2018 un monstruo imparable

Un monstruo imparable film ertaina aurkeztu berri du Iker Mendaza ugaotarrak. Bilbon aurre-estreinaldia egin ondoren, bere udalerrian aurkeztu du filma.

Urtarrilaren 26an aurkeztu zuen Iker Mendazak 'Un monstruo imparable' filma Ugaon, bere udalerrian // Geuria

Un monstruo imparable film ertaina aurkeztu berri du Iker Mendaza ugaotarrak. Bilbon aurre-estreinaldia egin ondoren, bere udalerrian aurkeztu du filma

Iker Mendaza Guerra ugaotarrak (Ugao, 1998) 19 urte dituen arren, bere lehendabiziko film ertaina aurkeztu berri du: ‘Un monstruo imparable’. Zinema, bideo eta ikus-entzunezkoen ikasleek egin dute filma eta Mendaza zuzendari lanetan ibili da. Proiektua 2017 hasieran hasi zen, Jose Luis Urrutia gidoilariaren, nobelistaren eta Ugaoko Bidea antzerki elkarteko zuzendariaren laguntzarekin, gazteak berdintasunaren alde eta genero-indarkeriaren aurka kontzientziatzeko, eta honen inguruko mezua helarazteko. “Zineman gutxitan jorratutako gaia da, eta ikusgai jarri beharra dago. Mundua eraldatzeko erabili nahi dugu arte hau”, dio Mendazak. Aurretik, bi film labur zuzendu ditu ugaotarrak: lehenengoa 15 urterekin eta bigarrena 17 urterekin.

19 urte dituzu eta dagoeneko film ertain bat zuzendu duzu. Nola sortu zen horren ideia?
Tamaina handiko nire lehendabiziko proiektua izan da ‘Un monstruo imparable’ film ertaina. Duela urtebete zehazki, Jose Luis Urrutia gidoilariarekin hitz egiten nenbilela, erabaki nuen zuzendari lanetan ibili nahi nuela proiektu berri batean. Oraindik ez nekien zein proiektu izango zen hori, eta orduan irakurri nuen Jose Luisek berak aspaldian idatzi zuen sinopsi bat, hain zuzen, ‘Un monstruo imparable’ filmari buruzkoa. Momentu hartan hasi ginen proiektuari zentzua hartzen.

Eta gidoia idazteari ekin zenioten.
Bai. Gidoia Jose Luisek idatzi zuen eta konturatu zen luzeegia zela film labur baterako. Orduan, erabaki genuen film ertain bat egitea eta proiektu handiago batean sartzea.

Zein da film labur, film ertain eta film luze baten arteko aldea?
Ekoizpenaren iraupenaren arabera sailkatzen dira. Film luzeak ordubete baino gehiagoko iraupena du, film ertainak ordu erdikoak dira eta fillm laburrak hortik beherakoak. Zentzu horretan zehaztu behar dut ‘Un monstruo imparable’ren kasuan, film laburraren eta film ertainaren artean dagoela, ordu erdi baino pixka bat gutxiago irauten baitu.

Genero indarkeria da ‘Un monstruo imparable’ filmaren ardatz nagusia.
Hala da. ‘Un monstruo imparable’ emakumeenganako indarkeriari buruzkoa da. Istorioak lau protagonista ditu, laurak gazteak, eta euren arteko gatazkak eta arazoak kontatzen ditu. Ildo berean, gizarteak arazo eta gatazka horien aurrean zein erantzun duen islatzen da filmean, bai eskolan, kalean edota etxean.

Zure ustez, gizarteak zelan erantzuten du genero indarkeria kasu baten aurrean?
Gaur egun pil-pilean dagoen arazoa da genero indarkeriarena eta gero eta gauza gehiago egiten dira emakumeen ahalduntzea lortzeko. Emakumeen eta berdintasunaren alde hainbat jarduera egiten dira, baina herritarrok normalean ez gara inoiz erreflexionatzera esertzen. Horregatik erabaki genuen proiektu honekin aurrera egitea. Nik uste dut jende guztiari ondo datorkiola horrelako gauzak ikustea eta horrelako gauzen inguruan pentsatu eta asko hausnartzea.

Batik bat gazteei dago zuzenduta film ertaina, ezta?
Bai. Argi dago nagusi zein gazteei dagoela zuzenduta filma, erreflexionatzeko deia zabaltzen baitugu, baina gazteak dira gaian gehiago sakondu dezaketenak. Ikuspuntu ezberdinak eta hausnarketa ezberdinak aterako ditu ikusle bakoitzak, baina helburua da emakumeenganako indarkeriaren aurka borrokatzea.

Proiektua aurrera eramateko crowfounding kanpaina abiarazi zenuten.
Hala da. Gaur egun gazteok proiektu bat finantzatzeko metodorik nagusiena da crowfoundinga. Instituzio publikoek ez dute laguntzarik ematen horrelako proiektu bat aurrera eramateko, eta uste genuen aukerarik onena crowfounding kanpaina bat egitea zela. Ikusi genuen Interneten plataforma bat dagoela dirua biltzeko eta hortik egin genuen.

Eta zein izan da emaitza?
1.100 euro biltzeko muga jarri genuen eta azkenean 1.395 euro jaso genituen. Diruaren truke guk opariak eman ditugu: pelikularen posterra, pen drive bat filmarekin edota aurre-estreinaldirako sarrerak. Jaso dugun diruarekin aktoreen eta talde teknikoaren dietak ordaindu ditugu, gidoiak eta kartelak inprimatu, filmaketa egiteko materiala alokatu, eta aipatu dizkizudan opariak banatu ditugu.

Finantziazioa lortuta, zein urrats eman zenuten ondoren?
Aktoreak aukeratzeko kasting bat jarri genuen martxan Antzerki Eskoletan eta 70 gazte baino gehiago aurkeztu ziren. Kastingetatik lau protagonista nagusiak aukeratu genituen. Aktore horiez gain, gure ingurukoak diren lagun batzuk deitu genituen filmean parte hartzeko.

Eta, filmaketa-lanak aste batean egin zenituzten.
Bai. Irailaren 1ean hasi ginen eta 6ra arte egon ginen filmatzen. Bilbon, Portugaleten, Ugaon eta Laudion grabatu dugu filma. Esperientzia gogorra izan zen, baina guztiz aberasgarria.

Nondik datorkizu zinema zaletasuna?
Txikitatik etxean beti barneratu didate kultura kontsumitzeko ohitura. Umea nintzenean aktore izan nahi nuen eta gaztetan ikus-entzunezkoak ikasten ari naizela konturatu naiz zine-zuzendaria izan nahi dudala. Lan handia egin behar da, baina behintzat saiatu egin behar dut.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak