→Ugao

Iñaki Garcia Uribe: “Burdin Hesia suntsituta, paisaia hutsik geratu zen”

ugao inaki garcia uribe 2017 burdin hesia elkarrizketa

Ondarearen Europako Jardunaldiek Paisaia Bizia izan dute ardatz aurten. Iñaki Garcia Uribek Gerrako Paisaia ibilbidea gidatu zuen urriaren 15ean.

Garcia Uribe Burdin Hesiko tarte batean, Ugaon // Geuria

Ondarearen Europako Jardunaldiek Paisaia Bizia izan dute ardatz aurten. Iñaki Garcia Uribek Gerrako Paisaia ibilbidea gidatu zuen urriaren 15ean

Ugaoko Udalak eta Ugao-Miraballesko Historia Ezagutzeko Zentroak (HEZ), Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, programa zabala prestatu dute urrian zehar, udalerriko paisaia ezagutzeko helburuarekin. Hain zuzen, horretan izan dute pisua aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiek, Paisaia Bizian. Hego Uribe eskualdean Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin eta Galdakaon ere hainbat jarduera antolatu dituzte.

Ugaon lau izan dira urrian prestatu dituzten ekintzak: Ugao lekurik altuenetik (urriak 1 -argazkiak ikusgai 21. orrialdean-), Helmuga: Ugao (urriak 6, 18:00), Ugao izeneko parajea (urriak 29, 12:00, 17:30), eta Gerrako Paisaia (urriak 15, 11:30). Azken jarduera honi dagokionez, Iñaki Garcia Uribe (Bilbo, 1965) Orozkon bizi den ugaotarra izan da hizlari. Burdin Hesia Ugaon elkarteko lehendakaria eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko kidea da Garcia Uribe.

Azal iezaguzu zertan datzan urriaren 15ean Ugaon antolatu den bisita.
Gerrako Paisaia da urriaren 15ean Ugaon antolatu den jarduera, Ondarearen Europako Jardunaldien programaren baitan. Familiei zuzendutako oinezko ibilbide gidatua da eta niri dagokit gida lanak egitea. Batik bat, Burdin Hesia eta bere historia izango da ibilbidearen ardatz nagusia.

Zehazki, zer ikusi dute jardueran parte hartzen dutenek?
Azaldu dugu zer erlazio dagoen paisaiaren eta gerra garaian egin zituzten eraikuntzen artean. Zentzu horretan, eraikuntza nabarmena izan zen Burdin Hesia eta horretan zentratu da ibilaldi gidatua. Nabarmendu beharra dago bisitan parte hartu dutenek Gerra Zibileko azken errepide-gotorlekua -udalerri baten barruan- eta Euskal Herrian dagoen bakarra ikusi dutela. Bisitaldia amaitzeko, eta Udiarraga kaleko Hiru txorroko iturriaren ondoan, Ugao-Miraballes hiribilduaren historia laburra azaldu dut: zergatik dituen bi izen, zenbat hirbildu dauden Bizkaian edota zergatik ez den elizate bat.

Urtean zehar burutzen duzuen lana egitea egokitu zaizue jardunaldi hauetan.
Hala da. 2011. urtean elkartea eratu genuenetik Gerra Zibileko paisaia berreskuratzen jardun dugu. Batez ere, Burdin Hesiak gure udalerrian izan zuen presentziari garrantzia ematen diogu. Beraz, ohikoa izan da guretzat bisitaldi hau egitea.

Zenbat bisitaldi antolatzen dituzue normalean Ugaoko Burdin Hesira?
Memoria Astean ofizialki bi bisita egiten ditugu urtero. Era berean, programa horretatik kanpo ere bisitak antolatzen ditugu. Urtean sei inguru egin genitzake. Esate baterako, lagun talde batek edota eskolek hala eskatzen digutelako. Eta ez pentsa Ugaokoek bakarrik eskatzen dizkigutenik! Inguruko herrietako memoria historikoaren aldeko elkarteak, eskolak edo taldeak ere gurekin harremanetan jartzen dira Ugaoko Burdin Hesiko arrastoak ikusteko.

Burdin Hesiak zer nolako garrantzia izan zuen?
Gerra-paisaian, defentsa-puntua adierazten zuen Burdin Hesiak. Egia esan, oso denbora gutxi iraun zuen zutunik, oso azkar eraiki baitzuten, baina baita oso azkar eraitsi ere. Gure inguruan ditugun gotorlekuak egiteko bi egun behar zituzten, hau da, zementuak gogortzeko behar zuen denbora.

Hemen ez zen borrokaldirik egon. Guk behintzat ez dugu horren inguruko informaziorik lortu. Larrabetzun Burdin Hesia suntsitu zutenean (gerra amaitu zelako), paisaia erabat hutsik geratu zen, hura berreskuratzen hasi ginen arte, orain zazpi edo zortzi bat urte.

Eta, ondareari buruzko jardunaldien garrantziaz galdetuko banizu…
Ondarearen Jardunaldi hauek Europako Batzordeak babesten ditu. Ildo horretan, estatuaren barruan Bizkaian aitzindariak gara jardunaldi hauek antolatzen. Nire ustez ekimen garrantzitsua da, eta gainera, atsegina, jardunaldi hauen bidez gure ondarea ezagutarazteko aukera ematen digutelako. Neurri handi batean, ez diogu garrantzi askorik ematen gure inguruko ondareari, eta hori akatsa da gizartearentzako. Gure herrietan aitortutzat ematen ditugun lekuak daude, baina berariaz, ez ditugu batere ezagutzen. Ez dago ezer interesgarriagorik zure inguruko zerbait eta zurea dena ezagutzea baino.

Paisaia aurtengo jardunaldien muina izan da, baina zelan definituko zenuke zuk?
Zalantza barik, paisaia gure nortasunaren parte da. Gu geu gara paisaia, hau da, paisaia baten barruan bizi gara eta berau ikusten dugu. Zentzu horretan, paisaiak eraldaketak jasaten ditu, eta horren adibide da Burdin Hesia. Gerra Zibileko Bizkaiko paisaiaz arituko banintz, dudarik gabe Burdinezko Gerrikoa aipatuko nuke. Gaur egun, gainera, horren arrastoak berreskuratuz paisaia ere eraldatzen ari gara.

Gerrako paisaiaz ari garela, konta iezaguzu nola jakin duzuen horren berri…
Ugaoko garaiko azken bi gudarien aldetik jakin dugu kontatzen ari natzaizun dena. Bertan bizi izan zutenaren berri eman ziguten, datu zehatzekin. Gudari horiek izan dira Baltasar Degado ‘Tarin’ -ekainean hil zen 99 urte zituela- eta Luis Etxebarria. Azken honek 100 urte beteko ditu laster.

Elkarte bezala, zeri ematen diozue inportantzia memoria historikoa berreskuratzeko?
Burdin Hesia Ugaon elkartean hiru ardatz nagusi lantzen ditugu memoria historikoa berreskuratze aldera: ikerketa-lana, indusketa-lanak eta komunikazioa. Lehen zatian, Ugaori eta eskualdeari dagozkion Gerra Zibilari buruzko liburu eta artxibo zaharrak ikuskatzen ditugu. Ondoren gure inguruan dauden gotorlekuak berreskuratzea dugu helburu: orain arte guztiz ezkutaturik zeuden lau gotorleku azaleratu eta garbitu ditugu. Eta azkenik, herritarrei jakinarazten dizkiegu -prentsaren bitartez, batez ere- burutu ditugun ikerketa-lanak.

Zuen berririk ez duen bati nola aurkeztuko zenioke zuen elkartearen lana?
Guk egiten dugun lana omenaldi bat da Burdin Hesia defentsazko proiektuaren eraikuntzan parte hartu zutenei. Era berean, gerran hil eta bidegabe preso hartu zituztenak gogoan mantentzea da gure helburua. Guretzat erreferente dira pertsona horiek. Gure lana eurengatik egiten dugu: memoria historikoa berreskuratzeko eta berriro ere gal ez dadin.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|