→Basauri

Urtzi Zarate: “Nire amaren Kaixo dendako erakusleihoa giltza izan da mundu honetan sartzeko”

basauri urtzi zarate 2017 elkarrizketa

Urtzi Zarate basauriarra mozorroak egiten jaioa da, baita dendarien erakusleihoak apaintzen ere. Azken urteotan hamaika sari irabazi du.

Urtzi Zarate basauriarra mozorroak egiten jaioa da, baita dendarien erakusleihoak apaintzen ere. Azken urteotan hamaika sari irabazi du gustuko duen lana egiten

Eskualdeko hainbat denda, lehiaketa, taberna eta ikuskizunetan bere arte-ukitua ikusi dugu. Urtzi Zarate (Basauri, 1987) basauriarraren lana hitz bitan definitzea zaila egiten zaigu: mozorro sortzailea bada, denden erakusleihoak ere apaintzen ditu, baita tabernenak ere, horietako asko enkarguz egiten ditu, baina afizioz ari da honetan lanean.

Eta nola hasi zinen zure trebetasun hau kanporatzen?

Nire amaren Kaixo dendako erakusleihoa izan da, zalantzarik gabe, nire giltza mundu honetan sartu ahal izateko. Agertoki aparta izan zen hamabost urterekin barnean nuena kanporatzeko eta besteek nire lanak ikusi ahal izateko. Gaur egun ere, beste hainbeste zereginez gain, horretan jarraitzen dut eta aurten inoiz baino indartsuago hasi dugu urtea. Izan ere, Kaixon Bizkaiko Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa irabazi izan dugu!!

Begibistan dago agertoki honek hasi nintzenetik bere eragina izan duela, onerako zorionez. Institututik irten berri eta Marketin eta Erakusleiho-apainketa ikasten nuen bitartean, hasi nintzen inguruko dendetatik hauek atontzeko enkarguak jasotzen. Momentu hartatik gaur arte eskariak ugaritzen joan dira eta, horien artean, Basauriko Inauterietako desfilearen karrozak egitea egokitu zait.

Nola moldatzen zara karrozak egiteko?

Hau nire laugarren urtea da Basauriko Inauterietako karrozak diseinatzen eta egiten eta lan handia den arren, ondo moldatzen naizela esan dezaket. Gustura aritzen naiz behintzat, baita emaitzekin ase ere. Orotara lau karroza dira. Lehenengoa Inautxorena da eta normalean urte batetik bestera aldaketa gutxien dituena izaten da, baina gainontzeko hirurak urtean urteko gaian barneratzen dira zeharo. Oraingo honetan Udalak aukeratutako gaia zirkoa da. Urtero bezala, lotura izaten du Biarte Dantza Eskolako dantzariekin, izan ere, gero haiek izaten baitira horren gainean erritmoa jartzen dutenak. Beraz, xehetasun guztiak zaindu behar dira beren arropen materialek eta formek karrozetakoekin bat egiteko. Honek guztiak lan eskerga eskatzen du, baina pozik nago nire herrian eta nire herrirako lan egiten dudalako.

Horrez gain, ikusi izan zaitugu Inauterietan koadrila handi batekin mozorroturik… kontatuko?

Bai, noski. Hamazortzi urterekin hamabost bat lagun batu nituen, gaia eta mozorroak prestatu nituen eta Bilboko Mozorro Lehiaketara aurkeztu ginen. Hura izan zen irabazi genuen lehenengoa. Izan zuen arrakasta ikusirik, urtez urte jarraitu izan dugu. Tontakeria moduan hasi zenak poliki-poliki gero eta jende gehiago, gogo gehiago, xehetasun gehiago eta honekin batera noski, sari gehiago izan ditu. Bilbokoaz gain, Karnabas sortu zenetik Basaurikoan ibiliak bagara, baita Sestaokoan ere. Azken honetan iaz Sari Berezia geureganatu genuen eta guretzat oso esanguratsua izan zen bertara leku askotako partaideak hurbiltzen direlako eta zailagoa izaten delako sariren bat jasotzea. Aurreko urtean, esate baterako, uste dut 2000 bat persona baino gehiago egon ginela desfilatzen. Basauriko Inauterietan parte hartzea ere ez da gutxi. Ezberdina da, hori bai, hunkigarria oso. Basauritar ezagunen eta daramagun musika eta erritmoaren artean giro paregabea sortzen da.

Pozik zaude egiten duzun lanarekin?

Zalantzarik gabe, bai. Pozik nago orain arte egin dudanarekin, baita gaur egun egiten dudanarekin ere. Inauterietan lan egiteaz aparte, gainontzeko hilabetetan erakusleiho ikastaroak ematen ibiltzen naiz, baita eskulanekoak ere. Eta Gabonetan zer esanik ez. Data hauetan ere lan handia izaten dut Basauriko eta kanpoko zeinbat taberna atontzen eta, noizbait, Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan irabazle izan gara. Zortea daukat disfrutatzen dudalako gustatzen zaidana jorratzen eta espero dut beste hainbeste urte jarraitu ahal izatea.

Eta azkenengoz, badago ikasi ez duzun baina ikasi nahiko zenukeen zeozer?

Antzezpena! Duela urte batzuk antzezpen-ikastaro batean egon nintzen urtebete, baina utzi behar izan nuen hurrengo urratsa Madrilera joatea zelako eta nik hemen, jada, gauza asko nituelako. Baina asko ikasi nuen, piloa gustatu zitzaidan eta gaur egun, egia esan, damutzen naiz utzi izanaz. Bestalde, horrez gain, moda eta diseinua ikastea ere gustatuko litzaidake. Horrek guztiak asko erakartzen nau eta nire eguneroko zereginarekin lotura zuzena dauka.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak