→Basauri

Probidentzia ikastetxeak 85 urte Basaurin

basauri probidentzia andra mari ikastetxea 1932 lehen promozioa

Probidentzia Andra Mari ikastetxeak 85 urte bete ditu Basaurin. Apirilaren 21ean ospakizun-jaia antolatu dute.

1932ko ikasleak, Probidentziako lehen promozioa // Probidentzia Andra Mari ikastetxea

Probidentzia Andra Mari ikastetxeak 85 urte bete ditu Basaurin. Apirilerako ospakizun-jaia antolatu dute eta bertan ikasle zein irakasle izandakoak eta direnak elkartuko dira

30eko hamarkadaren hasiera zen Probidentzia Andra Mari alaba erlijiosoek Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat Basaurin errotu zutenean. “Ikastetxea berez 1931n sortu zen Probidentziako alaba erlijiosoen eta S.A. Basconia lantegiko ordezkaritzaren arteko elkarrizketa baten ondorioz“, dio Amaia Etxebarria Urtiaga Probidentzia ikastetxeko zuzendariak (berriztarra). Eraikina 1930ean eraiki zuen Estanislao Segurolak eta gaur egun berdin mantentzen da. “Jesus Landarena uste dut zela lursaila eta ondoan txaletak baino ez zeuden. Alde batean mojak bizi ziren eta ingurua landa-eremua zen“, dio Etxebarriak.

Garai hartako Basaurik 8.000 biztanle inguru baino ez zituen eta Basconia fabrikak hazkundea ekarri zuen udalerrira. “Basconiako zuzendariek eskola bat nahi zuten Basaurin beren langileak eta haien seme-alabek hezteko. Orduan, kongregazio bat bilatzen hasi ziren eta Eibarren zegoen Probidentzia Andra Mari aurkitu zuten. Hezkuntza aldetik oso onak zirela entzun zuten nonbait Basconiakoek, eta hala harremanetan jarri ziren Basaurin eskola bat sortzeko“, dio Etxebarriak. Gauzak horrela, 1932ko urtarrilaren 9an ireki zituen ateak Probidentzia eskolak Basaurin: “Eskolako lehenengo zuzendaria Maria Carmen Peña Garikano izan zen eta 1934ra arte iraun zuen. Ondoren Madre Margarita de Jesus monja asturiarrak hartu zuen zuzendari kargua 1955era arte“.

Hasierako antolaketa

1932an hiru ikasgela baino ez zituen eskolak: 6 urtera artekoa (mistoa), 6 eta 8 urte bitarteko nesken beste bat eta 9 eta 14 urte arteko nesken beste ikasgela bat. Hiru ikasgela horiek beheko solairuan zeuden eta bigarren solairuan hasierako urteetan Basconiak baimena eman zien mojei eskola partikularrak emateko, “irakaskuntza berezia jasotzen ari ziren neska ikastunentzako“. Irakaskuntza berezi horiek ziren: frantsesa (Probidentzia Andra Mari kongregazioa frantsesa delako), brodatuak eta pintura.

basauri probidentzia andra mari ikastetxea eraikina 30 hamarkada

Probidentzia ikastetxeko eraikina 30. hamarkadan // Probidentzia Andra Mari ikastetxea

Irakaskuntza berezi hori Gerra Zibila piztu arte eskaintzen zen Probidentzia eskolan: “Ondoren, Basconiako langileen seme-alabentzako zen, eskola partikularrik gabe“, dio Etxebarriak: “Irakaskuntza zein materiala, dena doakoa zen ikasleentzat“. Gerra garaian eskola itxi egin zuten eta 1937an berriro ireki zituen ateak. “1937an haurrentzako bi gela, umeentzako hiru ziklo eta 14 urtetik gorako neskei zuzendutako lan-berezientzako klase bat eskaintzen hasi ziren: bertan berriro ere ikasten zuten brodatuak egiten, pintura eta frantsesa. Brodatuen eta pinturen erakusketa urtean behin antolatzen zuten eta Basconiako kontseiluko kideak erakusketara etortzen ziren. Era berean, 14 urtetik gorako beste neska batzuk Bilbora joaten ziren magisteritza ikastera“, dio Etxebarriak.

Eskola 1932an ireki zenean 120 ikasle zeuden matrikulatuta eta gerraostean ia bikoiztu egin zen matrikulazioen kopurua: “Gerra Zibila bukatuta, 225 ikasle matrikulatu ziren gurean eta horietatik 50 mutilak ziren. Ministerioko exijentziak gero eta handiagoak ziren eta Lehen Hezkuntzako sei klase izatera iritsi zen ikastetxea. 60ko hamarkadan 14 urterekin eskola bukatzen zutenean sekretaritza ikasten zuten ikasleek. Bertan, kultura generala, mekanografia, takigrafia, frantsesa, kontularitza, kalkulua, korrespondentzia eta heziketa erlijiosoa eskaintzen zituzten“, dio Etxebarriak.

Probidentzia ikastetxea Mojen eskola bezala ezagunagoa da basauriarren artean eta heziketa erlijiosoak garrantzia handia izan du beti hezkuntza-proiektuaren barruan: “Mojak garenez, beti irakatsi izan dugu heziketa erlijiosoa. Ikastetxe honek beti izan du harremana Basauriko parrokiarekin eta bertako abadeak jarraipena egiten zien ikasleei. Gaur egun modu ezberdin batean irakasten dugu erlijioa: batik bat baloreetan oinarritzen dugu heziketa, hau da, Jesusek pertsona bezala erausten dizkigun baloreetan. Batez ere, umeek proiektuka lan egiten dute baloreak ardatz hartuta“, dio Etxebarriak.

Probidentziatik San Josera

70eko hamarkadan Oinarrizko Hezkuntza Orokorra (OHO-EGB) hezkuntza-sistema ezarrita zegoen eta zortzi ikasturtek osatzen zuten, normalean 6 urtetik 13 urtera bitartean. “Gelak 40 ikaslez osatzen ziren garai haietan“, gogorarazi du Etxebarriak. Zuzendariak gaineratu duenez, “1971an S.A Basconia lantegia Altos Hornos de Vizcaya enpresak barne hartu zuen eta ondorioz baita Probidentzia Andra Mari ikastetxea ere. 1974an, Altos Hornosek Hezkuntza Ministerioari bere eskola guztiak eman zizkion, baina Probidentzia Andra Mariko kongregazioa eskolako titular modura geratu zen“.

Ondoren, 1984an Hezkuntza Ministerioak ezarri zituen xedapen berrien ondorioz, zentroa Haur Hezkuntzako ikastetxe izendatu zuten. “Orduz geroztik Probidentzian Haur Hezkuntza eskaintzen da, eta Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza San Jose ikastetxean”, dio Etxebarriak. San Jose ikastetxea Probidentzia baino bi urte geroago zabaldu zuten San Viatorreko elizgizonek: “Bertan Lehen Hezkuntza eta Arteak eta Ofizioak eskaintzen zituzten, gero bertako mutilek Basconia lantegian lan egin zezaten prestatzeko“. Gauzak horrela, Probidentzian neskek ikasten zuten bitartean, San Jose ikastetxean mutilek ikasten zuten.

Gaur egun eskola biak mistoak dira eta bi ikastetxeen arten hitzarmena dago ikasleak zentro batetik bestera zuzenean pasatzeko. Urte batetik 6 urtera bitarteko neska-mutilek ikasten dute Probidentzian eta gero San Jose ikastetxera salto egiten dute Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza egiteko.

Euskararen arloa 1974. urtera arte ez zen hezkuntza-proiektuan sartu. “Ikastetxean zegoen Irene Renteria Meza andereño elantxobetarra euskara ikasleen artean bultzatzen hasi zen eta euskara ikasgai bezala ematen zuen harrez geroztik“, dio Etxebarriak. 1987/1988 ikasturtean B eredua ezarri zuten eta 2000. urtetik aurrera D eredua. Gaur egun 224 ikasle daude matrikulatuta Probidentzian.

85. urteurrena

Apirilaren 21ean, larunbatez, ospatuko du Probidentzia ikastetxeak bere sorreraren 85. urteurrena. “Ikasleak, anai-arrebak, ikasle ohiak edota irakasleak elkartuko gara urtebetetzea ospatzeko“, dio Amaia Etxebarria ikastetxeko zuzendariak. Datuak datu, 235 lagun inguru elkartuko dira ikastetxearen 85. urteurrena ospatzeko bazkarian.

Ondorengoa izango da ospakizun-jaiko egitaraua: 10:30ean meza San Pedro elizan, 11:30ean antzinako argazkien eta objektuen erakusketa eta haurrentzako tailerrak Probidentzian, eta 15:00etan bazkaria San Jose ikastetxean.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|