→Basauri

Ilusioaren magiarekin, fikzioa errealitate

basauri nahia otegi 2018 quidditch

2005ean Estatu Batuetako Vermonteko unibertsitateko gazte talde batek munduko lehen quidditch taldea sortu zuen. Nahia Otegi basauriarra Espainiako bigarren jokalaririk onena izendatu dute

Ezkerrean, Nahia Otegi basauriarra. Eskubian, bi talde elkarren aurka Quidditchean jokatzen // Bizkaia Boggarts

2005ean Estatu Batuetako Vermonteko unibertsitateko gazte talde batek munduko lehen quidditch taldea sortu zuen. Nahia Otegi basauriarra Espainiako bigarren jokalaririk onena izendatu dute

Igande goiz batean Barakaldoko BEC inguruko landetan paseoan bazabiltza eta dozena bat pertsona makila bat hanka artean daukatela pilotarekin jolasean ikusten badituzu, harritu zaitez nahi baduzu, baina ez ikaratu. Quidditchera jolasten ari dira.

Nahia Otegi (Basauri, 1987), arte ederretan graduatua eta egun diseinuko gradua ikasten ari den gazte basauriarra, bere burua komikien, cosplay eta manga munduen zale amorratutzat duena, igandero batzen da Ansion Euskal Herriko hainbat tokitatik etortzen diren beste 11 pertsonekin. “Quidditch mugglea” praktikatzen dute bertan, hau da, aztiak ez direnek praktikatzen duten quidditcha. “Ez dugu hegan egiten, ezin dugu magiarik egin, muggleak gara. Guk korrika egiten dugu, baina erratza hanka artean daukagula”, dio basauriarrak.

Fikziotik errealitatera

J.K Rowling idazle britaniarrak 1997an ‘Harry Potter eta Sorgin Harria’ argitaratu zuenean, fantasiaren munduan soilik imajina zitekeen kirola aurkeztu zuen gurean. 2005ean, ordea, Estatu Batuetako Middleburyko unibertsitateko (Vermont) gazte talde batek aztien kirola zena gizakien kirol bihurtu zuen. Hortik aurrera AEBetan sendotu, nazioartera salto egin eta Euskal Herrira ere heldu da.

Bizkaia Boggarts taldeko kidea da Nahia, gure herrian sortu den lehen quidditch taldekoa. 2014ko udan, Yerai Espinosa portugaletetarrak deituta eta taldea sortzeko asmoarekin, Lekeitiotik, Basauritik, Getxotik eta Portugaletetik etorritako lau lagun batu ziren Ansioko landetan. Eman zuten lehenengo pausoa taldeari izena jartzea izan zen, eta quidditcheko legeak esaten duen bezala -talde guztien lehendabiziko deiturak, taldeak ordezkatzen duen hiriaren izena eduki behar du- ‘Bizkaia’ izatea adostu zuten. Boggarts, ordea, kirolaren erroei men egiten dion taldearen abizena da. Harry Potterren munduan, gehien ikaratzen zaituen izaki bihurtzen diren animalia magikoak dira boggartsak. Lehen entrenamendu ofiziala uda horretako irailaren 7an izan zen, lau pertsonez osatua. “Kirol frikia dela? Ez dizut ezetz esango. Talde hau sortu genuen laurak Potterren mundutik gatoz, baina egun taldean bada mundu hori oihartzun mediatikoaren ondorioz bakarrik ezagutzen duenik” aitortzen du Otegik.

Izan ere, hurrengo hilabeteetan zortzi kide gehiago batu zitzaizkien -tartean Artziniega eta Mutrikutik etorritakoak-, 12 pertsonako talde fina osatu arte. “Ez da oso zenbaki altua estatuko eta Europako gainontzeko taldeekin alderatuz, baina gutxienez quiddtich partidu bat arazorik gabe jokatzeko balio du. Ematen du euskaldunok gauza berri eta alternatiboak probatzeko traba gehiago jartzen ditugula”, dio Nahiak. Errugbia, futbola eta eskubaloiaren esparrutik etorritako hainbat jokalari dituzte taldean, baita maratoiak korritu dituztenak ere. Bada, kirol hauekin antzekotasun asko ditu quidditchak. “Jende askok gutxietsi egiten gaitu hanka artean makila bat eramate hutsagatik, frikien eta zoroen kirola baino ez dela esaten digute. Baina egia dena da ahalegin fisiko handia eskatzen duen kirola dela. Horrek kirolari askoren arreta deitu du”, azaltzen du Nahiak. Kontaktu fisiko asko egon ohi da quidditch partiduetan, eta intentsitate hori izaten da publikoaren aurreiritzi gehienak ezabatzen dituena, talde bizkaitarreko jokalariaren esanetan.

Partiduek 20 eta 30 minutu artean irauten dute. Zazpi pertsonaz osatutako bi talde aurrez aurre lehiatzen dira eta helburu nagusia quafflea, golak sartzeko balio duen pilota, aurkarien uztaietatik sartzea da. Gol bakoitzak 10 puntu balio du. Quaffleaz aparte, bludgerra edo pilota kolpatzailea dago. Kolpatzaileek soilik uki dezakete baloi hori. Bludgerrak norbait joz gero, jokalari hori erratzetik jaitsi eta bere zelaiko uztaiak eskuekin ukitu beharko ditu, jokoan jarraitu nahi baldin badu. Azkenik snitch pilota dago. 18.minutuan irteten da snitcha. Jokalari neutro batek gerritik eskegita eramaten du snitcha, eta bi taldeetako ‘bilatzaileen’ egitekoa izango da pertsona horri pilota kentzea. Pilota hori eskuratzen duen taldeak 30 puntu gehituko dizkio bere markagailuari partiduaren amaieran.

‘Gehienez lau’

Kirol konbentzionalek ez bezala, sexuaren araberako banaketa ezabatzen du quidditchak. Nazioarteko Quidditch Elkarteak (IQA ingelesez) argitaratutako lehenengo arauditik (6.edizioa dago indarrean egun) adostu zuten quidditchak kirol mixtoa izan behar zuela, eta hori bermatzeko gehienez lau” ko araua edo genero legea ezarri zen. Lege honen arabera, talde bakoitzeko aitortutako genero bereko gehienez lau jokalari egon daitezke zelaian aldi berean. Aipatu beharra dago jokalariaren generoa jokalariak berak kontsideratzen duen generoa izango dela. Horrek markatuko du arau honen muga, eta ez sexu fisikoak. “Quidditcha kirol aitzindaria da emakumeen berdintasunari dagokionez, baita transen komunitatearen integrazioari dagokionez ere. Gizartea honen jakitun izango balitz, jendearen eta instituzioen onespena errazagoa litzateke”, azpimarratzen du basauriarrak.

Aitorpenik ez

Euskal Herriko instituzioek ez dute quidditcha kirol ofiziala kontsideratzen. Hortaz, kirol honetan ari diren taldeek ez dute inolako laguntza ekonomikorik jasotzen, eta haien kabuz finantzatu behar dute materiala eta instalazioen alokairua. Bizkaia Boggartsek landa publikoak erabiltzen ditu entrenatzeko, baina eguraldi kaskarra dagoenean, eta gogoan izan dezagun Euskal Herriko klima, frontoi baten alokairua ordaintzen dute Santurtzin. Oraingoz, errugbiko talde bezala federatzeko aukera proposatu die Bizkaiko Foru Aldundiak, baina Bizkaiko Errugbi Elkarteak ezezkoa eman die beti.

AEBetan, adibidez, egoera guztiz ezberdina bizi dute quidditcheko jokalariek. Han kirol federatua da, eta unibertsitateko ikasleak bekak jasotzen hasi dira quidditchean jolasteagatik”. “Errugbi elkartearen jarrera ulergarria da. Azken batean, haiek jasotzen duten diru laguntzek ez diete talde berriak onartzeko aukera handirik ematen, eta are gutxiago ‘frikitzat’ ezagutzen den kirol talde bat”, azaltzen du Otegik. Baina aitortua ez izateak bestelako arazoak ere badakartza, talde berrien sorrerarako oztopoak, adibidez.
Euskal Herrian, Bizkaia Boggarts talde bizkaitarraz aparte, talde bakarra dago quidditcherako hautua egin duena, Gasteiz Gamusins taldea. Bien artean ‘Euskadiko Quidditch Liga’ osatzen dute eta elkarren aurka jokatzen dute bi asterik behin, “entrenamenduei zentsu pragmatikoa eta era berean dinamika bat sortzeko balio duena”, Yeray Espinosa EQLren fundatzailearen esanetan. Aurten Burgoseko talde batekin “Iparraldeko liga” osatu dute, aurkari berrien aurka lehiatzeko asmoarekin.

Bigarrenak estatu mailan

Oztopoak oztopo, Euskal Herriko bi taldeek iazko otsailean Madrilen ospatu zen quidditcheko Espainiako Kopan parte hartu zuten, eta Bizkaia Boggarts bigarren sailkatu zen. Estatu mailako 8 taldek hartu zuten parte Rivas-Vaciamadrilen antolatu zen lehiaketan.

Nahia Otegi, Boggarts taldeko kolpatzailea, Kopako bigarren jokalaririk onena izendatu zuten eta honek Munduko Kopan espainiar selekzioarekin lehiatzeko aukera eman zion. “Asko motibatzen nau nire errendimenduaren aitorpenak eta ez soilik lehiakortasunagatik. Nire ingurukoei, familiari eta lagunei, exijentzia maila altua duen kirol honetan ona naizela eta estatu mailan nabarmentzeko gai naizela demostratzeko balio izan dit. Munduko Kopan lehiatzeak, ia 10.000 pertsonen aurrean, ‘frikitzat’ eta ‘lelotzat’ de nitzen gaituzten horiei, guri buruz daukaten ideia horri beste buelta bat emateko balio izango die, eta agian, orduan, instituzioek eta norbanakoek quidditchari merezi duen oinarrizko aitorpena emango diote”.

Beldurrari, lotsari edota besteek zer pentsatuko duten horri merezi ez duen garrantzia ematen badiogu, bizitza honetan egin diren gauza asko ez ziratekeen gauzatuko. Zerbaitegatik ilusioa baduzu ekin iezaiozu, beti aurkitu duzu norbait eta. Guk fikzioa errealitate bihurtzea lortu dugu”, azpimarratu du harro Nahiak.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|