→Galdakao

Motxiladun umeak bost dira Galdakaon gaur egun

galdakao motxiladun umeak 2018 urtarrila mahai ingurua 0

Galdakaon azken hiru hamarkadetan 25 motxiladun ume izan dira eta gaur egun 5 daude: lauk aita eta ama biak kartzelan dituzte eta besteak ama bakarrik.

Peru del Hoyo, mikrofonoa eskuan, Kepa del Hoyoren semea // Geuria

Galdakaon azken hiru hamarkadetan 25 motxiladun ume izan dira eta gaur egun 5 daude: lauk aita eta ama biak kartzelan dituzte eta besteak ama bakarrik

Ama, aita edo biak kartzelan izan dituzten edo gaur egun dituzten haur eta gazteei deitzen zaie Motxiladun Umeak. “Ez da horien inguruan asko hitz egin, baina orain azaleratzen ari da ume hauek bizi duten errealitatea“. Helburu horrekin antolatu zuten urtarrilaren 24an mahai-ingurua Ganda- segiko areto nagusian Galdakaoko Geugaz elkarteak (Galdakaoko preso guztiek zigorra Euskal Herriko kartzeletan betetzearen aldeko elkartea) eta Sarek. Peru del Hoyo eta Itziar Martinez galdakoztarrak eta Olatz Barrenetxea psikologoa izan dira mahai-inguruko gonbidatuak.

Euskal Herrian 18 urte arteko 113 inguru motxiladun ume daude (2016an Sarek aurkeztutako dossierra): 3 amarekin kartzelan, 9k aita eta ama biak dituzte preso, 6k ama bakarrik preso eta gainontzeko 95ek aita preso dute. Galdakaon azken hiru hamarkadetan 25 motxiladun ume izan dira eta gaur egun 5 daude: horietatik lauk aita eta ama biak kartzelan dituzte eta beste batek ama bakarrik.

galdakao motxiladun umeak 2018 urtarrila mahai ingurua 1

Gandasegiko areto nagusia bete zuen mahai inguruak // Geuria

Motxiladun umea izandakoa

Aita kartzelan sartu zutenean bi hilabete zituen Peru del Hoyok eta iazko uztailean aita espetxean hil zen arte izan da motxiladun haurra, umea eta gaztea. Datu esanguratsu bezala, Badajozera egin dituen bidaia guztiengatik, distantzia horiek batuta, Munduari 20 itzuli eman ahal izan dizkio.

Motxiladun umeen bizitza gogorra da“, dio Del Hoyok eta dispertsioaren arazoaz mintzatu da: “Dispertsioa familiak jasaten duen kondena immoral eta ilegala da. Askotan nik neuk pentsatu izan nuen bidaia gehiagorik ez egitea, oso gogorra delako. Hilean behin bidaian 7 ordu inguru ematen genituen ordu eta 40 minutuko bisita baterako eta jarraian beste 7 ordu etxera itzultzeko“, dio Peruk. “Ez da berdina bidaia bat Badajozera egitea edo Basaurira. Badajoz 700 kilometrotara dago eta Basauri 10 minutura. Bizikletaz ere joan nintekeen Basauriraino! Guk bidaia egiten genuen bakoitzean nire aitak presioa, tentsioa zuen. Eta hori ez da batere morala inorentzako“, salatu du Peruk.

Dispertsioaren inguruan Peruk dio gaur egun askoz barneratuago duela gizarteak arazo hori, orain dela urte batzuk ez bezala: “Jendeak lehen ez zuen asko ulertzen dispertsioaren arazoa. Ez zegoen besteenganako kontzientziarik. Eta oraindik ere tabu bezala ikusten dute batzuek. Gurasoek ez diete euren seme-alabei kontatzen zein den Euskal Herriko hainbatek bizi duen egoera hori dispertsioaren erruz“, salatu du.

Kartzelan ama izandakoa

Itziar Martinez galdakoztarrak 21 urte eman zituen espetxean eta kartzelatuta egon zen bitartean, 16 urte eta gero, ama izatea erabaki zuen. Semeak hasierako hiru urteak eman zituen amarekin espetxean eta bertatik irtenarazi zutenean Itziar motxiladun ume baten ama bihurtu zen. “Dispertsioak kalte egin dio nire semearen garapenari. Zigorra nik ordaindu ez ezik, semeak ere zigorra jasotzen du. Ni nahiko pribilegiatua izan nintzen Ametsen aita Palentziara joan zelako bizitzera eta asteburuetan berarekin egoten zelako. Granadan izan banintz, ordea, egoera bestelakoa izango zitekeen“, dio Martinezek.

Egunero 24 ordu berarekin ematetik, bi hilabeterik behin ikusten nuen semea. Baina benetan zortea izan zuen bi urte baino ez zirelako izan. Peru, adibidez, bere gaztaro osoan izan da dispertsioaren biktima“, salatu du Martinezek: “Teorian ume guztiek daukate eskubidea gurasoekin hezteko, baina gure kasuan kontrakoa da. Egiten dute ahalik eta gehien hori oztopatzeko. Umea kartzelatik ateratzen dutenean, presoa urrunago bidaltzen dute. Nire kasuan, Palentziatik Salamancara bidali ninduten, bidaian ordubete gehiago“.

Motxiladun umeak entzuten

Olatz Barrenetxea psikologoa da eta bere kontsultatik hainbat motxiladun ume igaro dira. “Kontsultara datozenak txarto daudelako datoz. Ume bakoitza mundu bat da eta dispertsioaren egoera modu batera edo bestera hartzen dute. Nik bi gauza nabarmenduko nituzke: hasteko, aita, ama edo biak kartzelan egoteak familia loturak galarazten dituela, berdin du Basaurin zein Algecirasen; eta bestetik, dispertsioa bera. Umeek ez dute denbora kontrolatzen eta eurentzako zama handia da hainbat eta hainbat kilometro errepidean egitea. Umearen garapen prozesuan eragiten du horrek“, dio Barrenetxeak: “Nire kasuan, nik ere garapen prozesu bat egin dut motxiladun umeekin batera. Ume asko psikologikoki txarto daude eta lehen ez zegoen prestatutako psikologorik kasu hauek artatzeko. Ez genekien nondik hasi eta orduan umeek markatzen zizkiguten euren beharrak“, dio Barrenetxeak.

Hiru hizlariek bat egin dute gizarteak babesa erakutsi behar diela motxiladun umeei, “bizi duten egoera oso gogorra eta immorala baita“.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak