→Hego Uribe

Sakonean | Dispertsioaren hegiak

hego uribe dispertsioaren hegiak senideak 2018 mariasun borde mari simarro pedro etxeberria

Motxiladun umeez gain, zama bera daramate bizkarrean presoen senideek, batez ere hauek adinez nagusiak badira eta ezin badute askotan bidaiarik egin euren seme-alabak ikusteko.

Mariasun Borde, Mari Simarro eta Pedro Etxeberria // Geuria

Motxiladun umeez gain, zama bera daramate bizkarrean presoen senideek, batez ere hauek adinez nagusiak badira eta ezin badute askotan bidaiarik egin euren seme-alabak ikusteko

Gaur egun, 285 euskal preso baino gehiago daude espainiar eta frantziar estatuko 74 kartzelatan, eta bai familiek bai hurbilekoek modu berdinean bizi dute dispertsioa. Hego Uribe eskualdeari dagokionez, 19 preso daude etxetik ehunka kilometrotara dispertsatuta. Horiez gain, lau iheslari eta deportatu bat.

Sakabanaketaren arazoan motxiladun umeez gain, adinez nagusiak diren senideek ere zama bera daramate bizkarrean. Horiek dira presoen gurasoak, aitite-amamak, anai-arrebak edota osaba-izebak. “Duela 29 urtetik euskal presoen aurka sistematikoki ezartzen den urruntze politika, egungo espetxe politikaren pare da. Hau ez da soilik urruntze eta salbuespen neurrietara mugatzen. Eta presoei ez ezik, haien senide eta lagunei ere eragiten die. Presoak ikusteko milaka kilometro egitera behartzen baititu, haien bizitzak fisiko, psikologiko eta ekonomikoki baldintzatuz”, diote Etxerat Elkartetik: “Urruntze politikak hil edo erasotu egiten gaitu, bi ahoko ezpata baita. Urruntzearekin mina ziurtatuta dago, eta euskal jendartearen oso eremu anitzari eragiten dio: adin, sexu, klase eta ideologia desberdinetako pertsonek jasaten dute. Desberdintasun hauek ez dute garrantzirik, pertsona moduan dagozkigun giza eskubideak ukatzen ari baitzaizkigu. Etxeratek arlo horretan dihardu etengabe, euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarte gisa”.

Hego Uribeko errealitatea

Hego Uribe eskualdeko 18 preso daude gaur egun dispertsatuta Espainiako kartzeletan (540 eta 1.100 kilometro artean) eta bakarra Euskal Herrian (Txus Martin -larriki gaixorik- Zaballako espetxean, Araban, 70 kilometrotara). Eskualdeko presoen %32k 50 urte baino gehiago ditu, %47k 40 urte baino gehiago eta %21ek 35 urte baino gehiago. Guztiek 12 urte baino gehiago bete dituzte espetxean: %63k 15 urte baino gehiago egin ditu kartzelaratuta eta %27k 10 urte baino gehiago. Gainera, preso bik 20 urteak bete dituzte jada.

Gurasoen adinari erreparatuz, %22k 80 urteak pasa ditu, %8k 75 urteak, %38k 70 urteak eta %19k 65 urteak. “Askok osasun arazoak dituzte eta horren ondorioz zailtasunak hilero mugitzeko euren seme-alabak ikusteko, bidaia hauek guztiz neketsuak baitira”, diote Etxeratetik.

Mariasun Bordek (Ugao, 1954), Pedro Etxeberriak (Galdakao, 1944) eta Mari Simarrok (Galdakao, 1947) dispertsioaren zama daramate bere gain. Joseba Borde Gaztelumendi, Irkus Badillo Borde eta Leire Etxeberria Simarro presoen senideak dira. Mariasun Josebaren arreba da, baita Irkusen izeba ere, eta Pedro eta Mari Leireren gurasoak dira. Bakoitzak egoera ezberdina bizi du sakabanaketari dagokionez.

Larriki gaixorik, 650 kilometrora

Hego Uribeko bi preso larriki gaixorik daude espetxean. Horietako bat da Joseba Borde ugaotarra (Ugao, 1959). “Nire anaiak 16 urte daramatza kartzelan. Gaur egun Coruñako espetxean dago, Ugaotik 650 kilometrotara. 59 urte ditu eta hiru arreba ditu bisitatzeko gai (Loli, Gotzone eta ni neu), hirurak 60 urteren inguruan gaudenak. Gure kasuan fisikoki ez dugu arazorik bisitan joateko, baina gure osaba-izeben kasuan (80 urte inguruan daude) urteak daramatzate iloba ikusi barik”, dio Mariasun Bordek. 16 urte hauetan zehar Soto Del Real (Madril), Valdemoro (Madril), Huelva, Leon eta Villabona (Asturias) eta Teixeiroko (A Coruña) espetxeetan egon da kartzelaratuta Joseba.

Kolon-ondesteko minbizia du Josebak, “beste gehigarri bat, dispertsioaz aparte”, dio Mariasunek. “Bera pozik dago egiten dioten jarraipenarekin, baina familiarentzat sufrimendua izaten da noiz edo noiz. Esaterako, ospitalera eramaten dutenean guk ezin dugu telefonoz zuzenean deitu galdetzeko ea nola dagoen. Bisitan joaten garenean informatzen gaituzte”, dio Mariasunek: “Euskal Herriko kartzelaren batean balitz, egoera bestelakoa litzateke. Lasaiagoa guretzat”.

Kartzelarako bidaiez galdetuta, hilabetean behin anaia ikustera doala dio Mariasunek. Ez dago Mirentxin autobus zerbitzurik, beraz, bakoitzak bere bidaia prestatu behar du: “Teixeidorako bidaian konbinazioak izugarriak dira. Coruñaraino autobusez joan ohi gara. Gero hiriburuan beste autobus bat edo trena hartu behar duzu espetxera joateko. Noski, kontuan hartu behar dituzu garraioen ordutegiak bisitara garaiz heltzeko”, dio. Izan ere, noizbait 10 minutu berandu iristeagatik bisita ukatu diete. “Beste aukera da hegazkinez joatea, baina askoz garestiagoa da eta asteburu osoa galtzen duzu”, dio Mariasunek.

“Anaia edo iloba bisitatzera noan bakoitzean, ezinegona dut. Bidaian pentsatzen dut etengabe. Lehenengo pentsamendua helmugara ondo iristea da, garaiz heltzea, eta gero, preso dagoen senidea itxuraz eta osasunez ondo aurkitzea”, dio Mariasunek: “Leher eginda bukatzen dut asteburua”.

98 urteko amama

Mariasun Bordek anaia kartzelan izateaz gain, Irkus Badillo iloba ere badu espetxean. Gotzone Borde bere ahizparen eta Boni Badilloren semea da Irkus (Ugao, 1979) eta 14 urte daramatza kartzelan. Gaur egun Foncalenten dago, Alacanten, Ugaotik 804 kilometrotara. “Aurretik Soto del Real eta Alcalá Mecon izan da Irkus”, dio Mariasunek. “Estatu Batuetan anaia du eta horrenbestez oso gutxitan elkar ikusten dute. Urtean behin-edo. Bere gurasoak hilero doaz bisitan, baita bere emaztea eta 8 urteko semea ere”, dio Mariasunek.

Irkusen kasuan, 98 urteko amama du eta gutxi gorabehera 10 urte dira elkar ikusten ez dutela: “Amamak noizean behin bilobari telefonoz deitzen dio eta Irkusi galdetzen dio ea noiz nahi duen berak amaman bisitan joatea. ‘Bertara eramaten banaute, bihar han naiz’ esaten dio askotan. Hau da, amama ez da kontziente zelako astuna egiten den 800 kilometroko bidaia (guztira 1.600 kilo- metro, joan-etorri) egitea, 40 minutuko bisitarako edo 2 orduko viserako. Apenas etxetik irteten da kalera, pentsa nolakoa izan behar duen Alacanteraino bidaian joatea. Baina bera beti agertzen da prest bisitan joateko”.

Kasu horietan, presoek aukera dute astean zortzi dei egiteko, bost minutukoak. “Amamari hilean behin deitzen dio”, dio Mariasunek.

2 urte alaba ikusi barik

Pedro Etxeberriak eta Mari Simarrok Leire (Galdakao, 1977) alaba dute kartzelan. Gaur egun Algecirasen dago Leire, Cadizen, Galdakaotik 1.100 kilometrora. “Leirek 12 urte daramatza kartzelan eta 6 Algecirasen. Estatu frantsesean bost urte egon da espetxeratuta, Fleuryn”, dio bere ama Marik. Aurretik ere Teixeiroko espetxean izan da eta bertan bi urte eman zituen, Algecirasera “gu informatu barik” eraman aurretik: “Dispertsioaren beste aurpegi bat da orain kontatuko dizudana. Leire Teixeiron zegoela bidaia aprobetxatu genuen eta oporretan joan ginen Galiziara, Boiro herrira. Bisita eguna iritsi zenean espetxera joan eta momentuan bertan esan ziguten kartzelaz lekualdatu zutela gure alaba. Abisatu barik. Inpotentzia izugarria sentitu genuen egun hartan”, dio Marik.

Mariren kasuan ere hilero doa alaba ikustera, “askotan nire bilobarekin”. Leirek 14 urteko semea du eta bi ahizpa: Joana eta Ainhoa (azken hau Londresen bizi da). “Algecirasera autobusean goaz, Etxeratek antolatutakoan. Ostiral arratsaldean irteten gara Bilbotik eta igandean gauean iristen gara etxera, Galdakaora”, dio Simarrok: “Bisitak (40 minutukoak) astero eskatzen ditugu eta visak (2 ordu artekoak) hilabeteko epearekin. Normalean visetara joaten gara”.

Leireren aitak, Pedrok, bi urte daramatza alaba ikusi gabe. “Gaixorik nago eta ezin naiz etxetik kanpo denbora luzez egon -oxigenoa behar du Pedrok-. Bi urte dira alaba azkenekoz ikusi nuela. Badakit ezin dudala Algecirasera bidaia egin eta mentalizatuta nago. Dispertsioaren arazoa konpondu bitartean -noizbait konpontzen bada- badakit ezingo duela alaba asko ikusi. Gogorra da horrela esatea, baina hala da. Sei urtetan birritan baino ez dut alaba ikusi”, dio Pedrok: “Nik hemen, Euskal Herritik gertu ikusiko dut Leire, ez hemendik ehunka kilometrora”.

Esperantzara kondenatuta

“ETAren behin betiko amaiera iragarrita, dispertsio politika bertan behera geratu beharko litzateke, baina nik ez dut horren argi”, dio Marik: “Ez dut mugimendurik ikusten politikoen artean, baina erratuta egotea espero dut. Esperantza galtzen den azkenekoa da, baina etorkizun hurbila beltz ikusten jarraitzen dut”. Pedrok dioenez, “interes politikoak egon dira, badaude eta egongo dira sakabanaketaren inguruan. Botoak galtzearen beldur dira politikoak dispertsio politika bertan behera uzten badute, bai bertako alderdi politikoak zein Espainiakoak”.

Bere aldetik Mariasun Borde itxaropentsu ageri da presoen hurbilketarekin. “Lehen urratsa da presoak Euskal Herrira gerturatzea. Logikoena da hori, eta gainera legeak hala adierazten du”.


Dispertsioaren hegiak

Dispertsioaren hegiak dinamikaren bitartez, Etxerat Elkarteak egungo espetxe politikaren bazter eta profil guztiak ikustarazi nahi ditu. Lehenbizi Dispertsioaren haurrak edo Motxiladun umeei buruzko hitzaldia antolatu zuen eta orain bigarren hegia aurkeztuko dute Galdakaon maiatzaren 7an, astelehenez: Adin nagusikoak edota gaixorik dauden senideak eta dispertsioa. Hitzaldia Gandasegi ikastetxean izango da 19:00etatik aurrera.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|