Sareak

|

Basaurin izandako sexu abusuen inguruko ‘Hiru buruko munstroa’ dokumentala argitaratu du GEURIA Hego Uribeko herri komunikabideak. Lanak hiru atal ditu eta guztira hamaika testigantza jasotzen ditu.

Honako herritarren testigantzak jasotzen ditu gaur argitaratutako hirugarren eta azken atalak: Aitor Godoy (J.I.B.B. akusatuaren biktima), Yoli Calonge (Pepe Godoyren bikotea) eta Pepe Godoy (J.I.B.B. akusatuaren biktima eta salaketa publiko egin zuen lehen biktima).

Honako herritarren testigantzak jasotzen ditu asteartean argitaratutako bigarren atalakJuan Ignacio Azurmendi (1974. urtetik Basconia Kirol Klubeko zuzendaritzako kide eta 2006. urtetik presidente), Txomin Uribe (1980-2005 Ariz eta BEA taldeetako entrenatzaile, baita presidente ere), Nerea Careaga (Lehen salaketa publiko egin zuen Pepe Godoyren laguna) eta Andrés Luque (1988-2018 Lope de Vega-Bizkotxalde ikastetxeko eskola-zaina).

Honako herritarren testigantzak jaso zituen astelehenean kaleratutako lehen atalak: Txema Durán (1979-1980 urteetan Calderón ikastetxean eskola futbolean jokalari), Koldo Bilbao (1986-1989 urte bitartean Basconia Kirol Klubeko haurren kategorian jokalari), Jota (1987-1989 urte bitartean Basconia Kirol Klubeko alebin kategorian jokalari) eta Inaxio Niño (‘Ez naiz isilduko’ plataformaren kide eta Peperen laguna). Halaber, lehen atal honen amaieran, hurrengoen aurrerapen labur bat ikusteko aukera dago. 2019ko otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean grabatu ziren elkarizketa guztiak.

Lan honen asmoa bere garaian GEURIAn zein beste hedabide askotan argitaratutako informazioa osatzea eta honako helburuak betetzea da:
– Abusuen biktimei babesa ematea.
– Ulertzen saiatzea nola den posible gertakari hauek gertatu izana, une hartan sakaletarik izan gabe. Biktimekin enpatia izan, baita susmoak eduki baina delitua egiaztatzeko frogarik izan ez dutenekin ere.
– Basauriarrekin eta, orokorrean, Hego Uribeko herritarrekin arazo larri hau elkarbanatzea eta guztion artean nola aurre egin diezaiokegun hausnartzea, etorkizunean berriz halakorik gerta ez dadin eta gure seme-alabengan eraginik izan ez dezan.

Dokumentala egiten honako pertsonek hartu dute parte: Jon Villapun (zuzendaria eta gidoia), Etxahun Gonzalez Sarria (elkarrizketak eta gidoia), Maider Ibañez (azpi-idatziak), Sara Zozaya (abesti nagusia: ‘Run’ III diskotik), Amaia Goikoetxea (musika), Garikoitz Grijalbo (Pedro López Cortazar zelaiko argazkiak) eta Olaia Nogales (artxibo irudiak).

Lanaren arrazoia
2014an sortu zenez geroztik, GEURIAren ezaugarri nagusienetako bat izan da kontu handiz landu beharreko informazioa modu konstruktibo batean kudeatzea gure inguru hurbilerako. Kazetaritza-zorroztasunarekiko gure konpromisoa mantentzen ahalegindu gara beti, baita gure solaskideak ahalik eta modu justuenean tratatzen ere.

Pepe Godoyk bere kasuaren berri eman zuenetik informazio ugari argitaratu da bai gure eskualdean baita Euskadi mailan ere, sare sozialetan milaka iruzkin irakurri ahal izan dugu… Baina uste dugu, behin hilabete batzuk igarota, argitara atera diren kasuen inguruko hutsune informatiboa dagoela: abusu kasu horien gaineko begirada lasaiago bat, hobeto hausnartutakoa, baita kasu horiek eragin dituzten edo eragin ditzaketen ondorioen gainekoa ere.

Lan honek ez du morborik, sentsazionalismorik eta konfrontaziorik nahi, ezta bertan parte hartzera gonbidatua izan den pertsona edo entitaterik salatzea ere. Egiarekin konprometitutako errelato anitza eratu nahi du, kontu honekin lotura duten pertsona guztien tokian jartzen saiatu nahi du, eta etorkizunean jarraitu beharreko norabide bat ezarri, Peperena eta gainerako biktimena bezalako kasuak ekidin ditzagun etorkizunean.

GEURIAko lantaldearen aldetik, eskerrik asko bideo hauek posible egin dituzuen guztioi.

☉ Basauri

800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko

Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

|

Iruaretxetan dago Basauriko baso autoktonoa // Basauriko Udala

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.

Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.

“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.

Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.

Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.

Tailerrak baso autoktonoan

Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.

Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.

Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.

Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

|

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.

Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.

Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.

Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.

Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.

Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin

Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

|

San Fausto plazako obrak, aste honetan // Geuria

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.

Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.

Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.

Jaietan erabiliezin

Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.

Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

|

San Fausto plazako obrak, aste honetan // Geuria

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.

Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.

Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.

Azarorako bukatuta

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.

Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.

Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Euskal Herriko folklorearen plaza bihurtuko da Basauri asteburuan Dantza Agerketari esker

Mendexako dantza taldea, Tolosako Udaberri, Gasteizko Indarra, Zuberoako Atharratzeko Dantzariak eta lehen aldiz Murchanteko herritarrek parte hartuko dute Basauriko 53. Euskal Herriko Dantza Agerketan

|

Irailaren 20an, larunbatez, izango da ekitaldi nagusia Bizkotxaldean // EHDA

Euskal folkloreak eta dantza tradizionalek lekua izango dute asteburu honetan Basaurin. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Dantza Agerketa izango da irailaren 19tik 21era bitartean.

Aurtengoa 53. edizioa da eta honako taldeek hartuko dute parte: Mendexako dantza taldea (Bizkaia), Tolosako Udaberri (Gipuzkoa), Gasteizko Indarra (Araba), Atharratzeko Dantzariak (Zuberoa) eta Murchanteko herritarrak (Nafarroa).

“Aurten aipatzekoa da Nafarroako Erriberako Murchanteko herritarrek ‘paloteoa’ ekarriko dutela lehen aldiz Basaurira. Urteak daramatzate herriko plazan ‘paloteoa’ egiten abuztuaren 15ean, San Roke patroiaren bezperan”, diote antolatzaileek.

Ekitaldi nagusia irailaren 20an, larunbatez, izango da, baina asteburu osoan zehar dantza plaza bihurtuko da Basauri: irailarne 19an, ostiralez, haurrentzako tailerrak, erromeria herrikoia eta Basauri Kantari izango dira, eta irailaren 21ean, igandez, Basauriko hiru dantza taldeek (Agintzari, Basauritar eta Edurre) emanaldia eskainiko dute.

Egitaraua | Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa

Irailak 19, ostirala
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak, marrazkiak margotzea, musika tresnak egitea… Gainera, buruko zapiak jartzeko tailerra ere izango da nagusientzat
18:30 Txorizo dastaketa sagardoarekin
19:00 Erromeria herrikoia Solobarriako karpan
20:30 Basauri Kantari Solobarria plazatik

Irailak 20, larunbata
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik
19:00 Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian

Irailak 21, igandea
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian

Osorik irakurri