→Basauri

Sakonean | Elikagaien banaketa, Basauritik Bizkaira

basauri bizkaiko bankuen elikagaia 2017 elikagai bilketa

Bizkaiko Elikagaien Bankuak Basaurin du egoitza. Bizkaiko 35.000 pertsonari ematen dio zerbitzu. Abenduaren 1ean eta 2an bilketa handia egingo dute.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak Basaurin du egoitza. Bizkaiko 35.000 pertsonari ematen dio zerbitzu. Abenduaren 1ean eta 2an bilketa handia egingo dute supermerkatuetan

Orain dela 22 urte sortu zen Bizkaiko Elikagaien Bankua (BEB). Hain zuzen ere, 1995. urtean hamar lagun inguruko boluntario talde batek eratu zuen ongintzako fundazio hau. Hastapen urte haietan eskutik eskura banatzen zituzten boluntarioek elikagaiak, behar zituztenentzat. “Irabazi asmorik gabeko erakundea eratu zuten hamar lagun inguruk, denak erretiratuak, 65 urtetik gorakoak. Horregatik hasiera batean Jubilatuen Elikagaien Bankua izena jarri zioten erakundeari”, dio Cayetana Lopez-Tapia Bizkaiko Elikagaien Bankuko biltegiaren sailkapenerako arduradunak: “Ofizina txiki batean lan egiten zuen musu-truk talde horrek, biltegirik gabe. Hasiera hartan elikagaiak biltzen zituzten eta behar zituztenen artean banatzen zituzten, eskutik eskura”.

Gaur egun, 140 langile ditu bere gain Bizkaiko Elikagaien Bankuak, arlo desberdinetan banatuta: gizarte saila, biltegiak, eskaerak, garraioa, logistika, idazkaritza, komunikazioa, diruzaintza, instalazioak, giza baliabideak edota elikagai-bilketa. “Langile finkoez gain, hainbat boluntariok laguntza eskaintzen digute. Gehienak Basaurikoak dira, baita Galdakao edo Arrigorriagakoak ere. Biltegia ondoan izateak inguruko boluntario gehiago hurbiltzen ditu gurera”, dio Lopez-Tapiak.

basauri bizkaiko elikagaien bankua 2017 langileak

Basaurin du egoitza nagusia Bizkaiko Elikagaien Bankuak // Geuria

Gizartearen beharrak handituz joan dira, eskaerek ere gora egin dute eta birsortu eta berregituratu behar izan dugu guk ere”, dio Lopez-Tapiak: “Erakundea asko hazi da. Batik bat 2012tik aurrera, Espainiako Elikagaien Bankuak Adiskidetasunaren Asturiasko Printzea saria eskuratu zuenez geroztik. Gizartean argia izan zuen horrek eta ezagutarazteko bidea izan zen”.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak Basaurin du egoitza: “Biltegi nagusia Cervantes etorbidean dugu eta Mercabilbaon biltegirik ez dugun arren, ofizina txikia badugu”, dio Lopez-Tapiak. Elikagaien Bankua egunero zabaltzen dute, astelehenetik ostiralera 07:30etik 13:00etara. “Biltegian lanean daudenek hornidura iturrietatik jasotzen duguna biltegiratzen dute, eta egunean bertan banatu egiten dute. Mercabilbaon egiten dugun funtzionamenduari dagokionez, saltzen ez dutena biltegira ekarri edo gurekin elkarlanean dabilen txikizkako elkarte bati ematen diote (gehienbat, frutak eta barazkiak), egunean bertan ere bana dezaten”, dio Lopez-Tapiak.

Espainiako Elikagaien Bankuko Federazioa (FESBAL) 1996. urtean eratu zen eta guztira 56 Elikagaien Bankuk osatzen dute sarea, gutxienez bat probintzia bakoitzeko. FESBALek Elikagaien Banku guztiak kudeatzen ditu, baina probintzia bakoitzak bere autonomia du koordinatzerako orduan. “Euskal Autonomia Erkidegoan hiru Elikagaien Banku ditugu: Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Gure kasuan, Bizkaian, zuzendaritza batzorde propioa dugu eta honakoek osatzen dute: Miguel Angel Fernandino presidentea, Javier Extremo eta Luis Crovetto lehendakari ordeak, Jesus Adan idazkaria, Jose Luis Novelle diruzaina eta Victoria Arrue, Maria Teresa Carranza, Maximiliano Ceballos, Nicomedes Charterina, Alberto Garai, Jesus Javier Isasi, Patxi Mugika, Nicolas Palacios eta Luis Enrique Uriarte bokalak“.

Elikagai xahuketari ez

Elikagaien Bankuko lema argia da: “Elikagaiak alferrik galtzeari ez”. Zentzu horretan, elikagai bilketak egiten dituzte. “Batik bat jendeak elikagai bilketa handiengatik ezagutzen gaitu, baina egia esateko, beste hainbat gauza burutzen ditugu. Elikagaien Bankuak barneko eta hain ezagunak ez diren beste proiektu batzuk ditu, elikagai bilketak bezain garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak direnak”, dio Lopez-Tapiak. Besteak beste, proiektu horiek dira: elikagai xahuketaren eta hurbilen dugun gosearen aurkako borroka; elikagaiak doan jaso eta doan banatzea; bidezko banaketaren ziurtasuna ongintzako erakunde homologatuen bidez egitea; eta koordinazioa eta kudeaketa boluntarioen esku uztea.

Erakundearen funtzionamenduari dagokionez, ardatz nagusia elikagaiak biltzea da hornidura iturri hauen bitartez: elikagaien enpresek eta banaketa-enpresek emandakoak; Eusko Jaurlaritzaren eta Estatuko Gobernuaren nekazaritza sailek kudeatutako kanpainen soberakinak; Mercabilbaoko handizkako saltzaileen eta nekazaritza kooperatiben soberakinak; saltoki handietan eta ikastetxeetan egindako aldi bateko kanpainak; Europar Batasunetik datozen eta Nekazaritza Bermearen Espainiako Funtsaren (NBEF) bidez egindako ekarpenak; eta, herritarrek dohaintzan ematen dituzten elikagaiak.

Lopez-Tapiak dioenez, “argi dago hornidura iturri nagusiez gain, herritarrek ematen duten guztiarekin gure biltegiak betetzen ditugula. Esate baterako, iazko balantzeari dagokionez, bilketa handiaren bitartez 866.291 kilo jaso genituen (%21,6), Nekazarien kooperatibek emandakoaren atzetik (1.020.052 kilo, %25,4). Zentzu horretan, abenduaren 1ean eta 2an elikagaien urteko bilketa handia egingo du Bizkaiko Elikagaien Bankuak. “Elikagai bilketa lurraldeko saltoki guztietan egingo dugu, baita herri txikienetan ere. Gure helburua da, hain zuzen, Bizkaiko udalerri guztietara heltzea”, dio Lopez-Tapiak (biltegiaren sailkapenerako arduraduna izateaz gain, abenduko bilketa koordinatzen dabil). Gutxi gorabehera, Bizkaiko 260-280 supermerkatutan gauzatuko dute elikagai bilketa: “Kanpaina horretan 5.000 boluntario inguru ariko dira, Elikagaien Bankuan lanean ari diren 140 langileez aparte”.

Elikagaien banaketari dagokionez, Bankuak berak ez du erabakitzen nori eman. Cayetana Lopez-Tapiak azaldu duenez, “Elikagaien Bankutik instituzioetara bidaltzen ditugu elikagaiak. Hala nola, gizarte zentroak, behartsuentzako jantokiak, drogazaleak artatzeko zentroak, abegi elkarteak, pertsona ezinduen zentroak, egoitzak, erakunde erlijiosoak, etorkinentzako zentroak, ikastetxeak eta udalekuak, eta beste elikagaien banku batzuk. Gizarte sailak kudeatzen ditu bidalketak, udaletxeetako gizarte-langileen laguntzarekin. Gero instituzio bakoitza arduratzen da behar dutenen artean elikagaiak banatzeaz”.

Bestetik, erakundeak Europar Batasuna arloa du bere barne. “Erakunde europarrak berak urtean lau banaketa egiten du kontinente osoan, soberan geratu diren elikagaiekin. Europako banaketa hau ez da Bizkaiko Elikagaien Bankukoarenarekin osagarria, beraz, norbaitek Europar Batasunetik elikagaiak jasotzen baditu, hilabete horretan ez du Bizkaiko Elikagaien Bankuko elikagairik jasoko. Hitz gutxitan, ez dugu inoiz banaketa bikoizten”, dio Lopez-Tapiak. Bizkaiko Elikagaien Bankuak 100 instituziorekin lan egiten du eta gutxi gorabehera 35.000 pertsonari ematen dio zerbitzua.

5 milioi kilo elikagai

Bizkaiko Elikagaien Bankuak, orain dela 22 urte sortu zenetik gaur egunera arte, hazkunde nabaria izan du janari bilketari dagokionez. “Espainiako enpresarik handienek ere ez dute inoiz horrelako bilakaerarik izan! Jakina, behar sozial baten arrazoiagatik hazi da hainbeste”, argitu du Bizkaiko Elikagaien Bankuko biltegiaren sailkapenerako arduradunak.

Krisi ekonomikoaren eraginez, azken hamar urteak eskandalagarrienak izan dira. Eta, ni Elikagaien Bankuan lanean nabilenetik –orain dela bost urte hasi nintzen lanean– hirukoiztu egin dugu gure ahalmena. Aurten, gaur egunera arte mila kilo elikagai inguru jaso ditugu. Urtean, 5 milioi kilora iristen gara (Espainian22 milioi elikagai kilo batu zituzten iaz)”, dio Lopez-Tapiak.

Bizkaiko Elikagaien Bankuko iazko memoriari erreparatuta, 2016an 4.065 tona sartu ziren Basauriko biltegira, 2015ean baino %13 gehiago. Elikagaien jatorriari dagokionez, nekazarien kooperatiben bitartez 1.020.052 kilo sartu ziren (%25,4), bilketetatik 866.291 kilo (%21,6), Europar Batasunetik 774.264 kilo (%19,3), Mercabilbaotik 417.911 kilo (%10,4), bestelako dendetatik 223.294 kilo (%5,6), elikagaien saltokietatik 217.570 kilo (%5,4), elikagaien soberakinetatik 149.278 kilo (%3,7), biltegiko inbentarioa gaurkotzetik 124.782 kilo (%3,1), ikastetxeetatik 113.226 kilo (%2,8), beste probintzietako Elikagaien Bankuetatik 62.784 kilo (%1,6), eta elikagai enpresak ez direnetatik 42.856 kilo (%1,1).

300 bazkide inguru

Elikagai Bankuaren xedea ez da dirua biltzea, hala ere, bere helburuei heltzeko gutxieneko finantziazioa behar du, edozein erakundek dituen gastuak kitatzeko. Besteak beste, garraioa, biltegien ekipamendua, hozkailuak eta bulegoa. “Halaber, energia elektrikoa, mantenua, komunikazioak, aseguruak eta tankera horretako beste gastu batzuei ere egin behar diegu aurre”, dio Lopez-Tapiak. Bizkaiko Elikagaien Bankuari egiten zaizkion ekarpenak -dirutan, espezietan edo ekipamenduan direla-, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Sozietateen Zergan aringarri dira.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak bazkideak ditu eta hilero, hiru hilabetero, urtean bitan edo urtean behin diru-ekarpenak egiten dituzte. Gaur egun, 300 bazkide inguru izango ditu Bankuak. Horietatik asko bertako langileak gara. Dirua ematea boluntarioa denez, ez dugu kanpainarik egiten”, dio Lopez-Tapiak

Gora