→Basauri

Sakonean | Zuloa ixten hasi diren irakurleak

basauri ibaigane liburutegia 2017 txikiak irakurketa

Euskaraz gehiago irakurtzen duen helduen belaunaldi baten lehenengo arrastoak nabari dituztela dio Izaskun Bernaolak, Basauriko Udal Liburutegi Sarearen zuzendariak. Oso arrasto txikiak dira, baina joera berri baten lehenengo urratsak izan daitezke

Euskaraz gehiago irakurtzen duen helduen belaunaldi baten lehenengo arrastoak nabari dituztela dio Izaskun Bernaolak, Basauriko Udal Liburutegi Sarearen zuzendariak. Oso arrasto txikiak dira, baina joera berri baten lehenengo urratsak izan daitezke

Euskaraz irakurtzera bultzatzea eta familiaren barruko hizkuntza gero eta gehiago euskara izan dadin lortzea. Horrela laburbildu dizkigu Izaskun Bernaolak Basauriko Udal Liburutegien Sareak haurrei eskaintzen dien egitarauarekin lortu nahi dituen helburuak. Liburutegien Sareko zuzendaria da Bernaola eta badaki, ondo jakin ere, helburu zailak direla horiek. Umeek liburu asko hartzen dituzte euskaraz, baina 11-12 urtetara iristen direnean eten egiten da joera hori. Etena gaztelaniazko liburuetan ere ikusten dela dio Ana Hoyosek, Basauriko Udal Liburutegi Sarearen koordinatzaile arduradunak. “Ohiturak aldatzen dituzte, irakurtzea ez den beste zaletasun batzuetara gerturatzen dira adin horretan: teknologia berriak, lagunekin planak… Urte batzuetara berriz itzultzen dira liburutegira”. Baina 11-12 urtetan ematen den eten hori euskarazko liburuetan askoz sakonagoa dela dio Bernaolak. “Eta ez dakigu horri nola aurre egin. Mila buelta eman dizkiogu kontuari, baina konponbide errazik ez duen arazoa da”.

Liburutegian jabetzen dira euskararen transmisiorako gune oso garrantzitsua dela familia, eta horri begira antolatzen dituzte Azalerako ipuinak eta Liburuen poltsa bezalako ekimenak, ia ikasturte osoan zehar luzatzen direnak eta haur zein gurasoekin irakurketarako ohiturak lantzea helburu dutenak. “Esan genezake Azalerako ipuinak umeek literaturaren munduan ematen duten lehenengo pausoa dela. Eta horren jarraipen moduan, Liburuen poltsa egiten da, 8 urtera arte. Bi ekintza horiekin lantzen ditugu ipuinak familia arloan, euskaraz”, azaldu digu Ana Hoyosek. Saroa Bikandi ipuin-kontalariak kudeatzen ditu ekimen biak.

Eta zortzi urtetik haurrerako gazte- txoentzat tailerra antolatu ohi dute Pazko Astean. “Ilustrazio tailerra egin genuen lehenengo urtean; idazketari buruzkoa hurrengoan; poropopoesia hirugarre- nean; eta stop-motion tailerra izan da az- kenekoa. Datorren urtean baliteke berriz ilustraziogintzari buruzkoa egitea”, dio Hoyosek.

Txikiak dira, baino hor daude

Helduentzat ere badu eskaintza Basauriko Udal Liburutegien Sareak, baina gaztelaniaz dira ekintza gehienak. “Helduek ez dute asko irakurtzen euskaraz, eta euskarazko ekintzetara ere normalean ez dira etortzen”, dio argi eta garbi Izaskun Bernaolak. Umeen artean ere gaztelaniaz gehiago irakurtzen dela dio, baina hizkuntza bien arteko aldea askoz nabarmenagoa dela helduen kasuan. “Gaur egun guraso ugari entzuten da euren haurrei euskaraz hitz egiten, baina gero ez dituzte euskarazko liburuak irakurtzen. Ez dirudi, beraz, faktore biak zuzenean lotuta daudenik”, dio Ana Hoyosek.

Hala ere, badirudi argi-printzaren bat ikusten dela zerumugan. “Badago belaunaldi bat, 35 urteren bueltan dabilena, gurean ohikoa dena baino euskarazko liburu gehiago hartzen dituena. Oraindik oso aldaketa txikia da, eta ikusi egin beharko da zer nolako garapena izaten duen. Baina bada aldaketa bat, eta kontuan hartu beharrekoa dela iruditzen zaigu”. Gogora dezagun Izaskunek berak orain bizpahiru hilabete emandako datua: 2016an 42.549 liburu mailegatu ziren Basauriko liburutegietan, eta horietatik 7.446 ziren euskaraz, %17 pasatxo. Datu horiek ikusita, edozein aldaketa txiki kontuan hartu beharrekoa delakoan gaude. Eta irakurtzen duten horretan ere nabaritu du berrikuntzaren bat edo beste Izaskunek. “Gaurkotasunezko gaiei buruzko liburuen inguruko interesa hazten ari da: kronika liburuak, kazetaritza lengoaia dutenak, besteak beste”.

Irakurle horiek izan litezke, beraz, gaur bertan Jon Arretxeren liburu berriaren aurkezpenean ikusiko ditugunak. Arrutiren banda aurkeztu zuen Arretxek azaroaren 30ean Ibaiganeko helduen liburutegian, Sanfaustoetan kokaturiko nobela. Eta gero, oso posible da Arrutiren banda irakurleren batek liburutegitik etxera eramana izatea, Izaskunek gogoratu digun moduan, “Jon Arretxeren liburuak baitira liburutegi honetan euskaraz gehien irakurtzen direnak”. Jendeak oraindik Ostegunak eta Ostiralak irakurtzen jarraitzen ote duen ere galdetu diogu, eta ezetz dio Bernaolak, orain Touré detektibeak duela arrakasta irakurleen artean. “Arretxek beti asmatzen du jendeak nahi duena argitaratzen. Ez dakit nola egiten duen, baina badaki zer nahi duen jendeak”.

This slideshow requires JavaScript.

Bada, Jon Arretxeren irakurle horientzat albistea ere badugu: Arrutiren bandan oinarritutako ibilbide literario bat egiteko asmoa dute Jon Arretxerekin. Udaberri aldera izango dela aurreratu digu Izaskunek. Horrez gain, Basauriko egileekin hilean behin liburu aurkezpenak egin nahi dituzte aurten. Kepa Larrearekin hasi dira urtarrilean, Mina edo libertartea! saiakera aurkeztuz, eta urte guztian jarraitu gero.

Zalaparta digitalaren ostean…

Espero ez genuen datu batekin amaitu dugu Izaskun Bernaolarekin eta Ana Hoyosek izan dugu hitz-aspertua, printzipioz eskuartean dugu gaiarekin lotura zuzenik ez duena baina, beharbada, beste baterako solasgaia eman dezakeena: “Berriz paperera bueltatzen ari garela esango nuke. Liburu elektronikoa probatu duen zenbait jende paperezko liburuetara bueltatu da berriro ere”, kontatu digu Izaskunek. “E-liburutegia hor dago, eta baditu erabiltzaileak, nire ustez gutxi diren arren. Baina liburu elektronikoak ez du, inondik inora ere, esaten zutena bezalako eraginik izan”. Hasieran bai, paperak behera egin omen zuen, baina orain joera kontrakoa dela dirudi, Ana Hoyosen hitzetan. Belaunaldi kontua, e-liburuak maileguan hartzeko edo erosteko guneetan erabiltzaileak liburua eskuratzeko aurkitzen dituen traba informatiko guztiak… Batek daki zein den motiboa, baina Bernaolaren eta Hoyosen iritziz, papera indarra hartzen ari da berriz ere.

Gurasoei baliabideak ematea da helburua, euren etxeetan irakurzaletasuna bultzatu dezaten”
Saroa Bikandi, ipuin kontalaria

basauri saroa bikandi 2017 argazkia asun agiriano

Saroa Bikandi, ipuin kontalaria // Argazkia: Asun Agiriano

Liburuen poltsa ekimena martxan dago urriaz geroztik eta, beraz, parte hartu nahi dutenek datorren ikasturtera arte itxaron beharko dute. Azalerako ipuinak, ordea, urtarrilean da hastekoa eta izena emateko epea zabalik izan da Gabonak bitartean. Saioak Basozelaiko Txiki Txokoan izango dira urtarrilaren 8an, otsailaren 5ean, martxoaren 12an, apirilaren 23an eta maiatzaren 24an (astelehenak), 17:00etan 20 hilabete bitartekoak eta 17:45ean 3 urte artekoak.

Bost urte daramatza Saroa Bikandik Basaurin Azalerako ipuinak eta Liburuen poltsa ekimenak kudeatzen. Irakurzaletasunaren transmisioan gurasoek, familiak duten eragina azpimarratu du.

Zein da Azalerako ipuinak eta Liburuen poltsa ekimenen helburua?
Gurasoak motibatzea, etxean irakurzaletasuna bultzatu dezaten. Gurasoek zaletasun hori hartzea da asmoa, gero umeekin bitartekari moduan ibiliko direlako. Umeei ipuinak kontatzea oso erraza da, baina gurasoek errekurtsoak hartzea da gakoa: zelan erabili ipuinak, zein liburu gomendatu, zein jarduera egin liburuaren ostean, zelan landu… Alegia, gurasoei baliabideak eman nahi dizkiegu euren etxeetan irakurzaletasuna bultzatzen joan daitezen eta euren esperientzia atsegina izan dadin.

Zein dira horretarako erabiltzen dituzun bideak?
Azalerako ipuinak ekimenean adinera moldatzen gara. Hau da, 0-3 urte tarte horretan gorputzaren bidez ikasten dute haurrek; beraz, erabiltzen dugu masajea edo gorputz-jolasa ahozkotasuna lantzen joateko: euren lehen hitz atsegin horiek, abestiak, ipuin laburrak… Azken finean, jolasa da euren beharrizanetara moldatuta. Gainera, ekimen honetan gertatzen dena da txikiek hizkuntzaren egarri asko daukatela eta deseatzen daudela. Beti egin izan diren gauzak egiten ditugu: altzo-jolasak, esku-jolasak, etab. Baina tailer hauetan egiten duguna da baliabide gehiago eman, ideia berriak hartu hori guztia lantzeko. Horrez gain, liburua bera ere lantzen dugu, lehen irakurleentzako edo adin tarte horretarako aproposak diren liburuak. Ideia da familian ibilbide literarioa sortzen joatea.

Liburuen poltsa ekimena aurrekoaren jarraipena dela esan genezake, 3-8 urte bitarteko umeekin egiten baitugu. Olerkia lantzen jarraitzen dugu, kontaketan liburua euskarri moduan hartzen dugu, eta beti egiten dugu liburutik ekintzaren bat: eskulana, jolasa… Liburua zelan dinamizatu daitekeen ikusteko balio du horrek. Azkenik, talde bietan liburuz betetako poltsatxo bat eramaten dute etxera txandaka. Etxean irakurtzen dituzte liburu horiek eta ondoren taldean partekatzen dute etxeko esperientzia. Uste dut aberasgarria dela oso.

Zergatik da hain garrantzitsua haurrak irakurzaletasuneragerturatzea?
Batetik, atseginez egindako gauza bat denean, plazer asko ematen duelako. Bestetik, haur literaturari eskertu diezaiokeguna da bizitza azaltzeko hainbat adibide ematen dizkigula. Eta gero, irudimena eta gustu estetikoa lantzeko ere balio dute esperientzia hauek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak