
☉ Basauri
Sakonean / Literaturak intimo izateari uzten dionean
Hamazazpi urte dira Basaurin euskal irakurleak literaturaz berbetan aritzeko lehenengoz elkartu zirenetik. Makina bat aldaketa jasan du taldeak orduz geroztik, baina helburuak bere horretan dirau: euskaraz irakurtzea, eta irakurketa horrek utzitako esperientzia besteekin konpartitzea.
Hamazazpi urte dira Basaurin euskal irakurleak literaturaz berbetan aritzeko lehenengoz elkartu zirenetik. Makina bat aldaketa jasan du taldeak orduz geroztik, baina helburuak bere horretan dirau: euskaraz irakurtzea, eta irakurketa horrek utzitako esperientzia besteekin konpartitzea
Iaz (2016an) 42.549 liburu mailegatu ziren Basauriko liburutegietan: horietatik 34.039 gaztelaniazko liburuak ziren, eta 7.446 euskarazkoak. Basauriko kalean zenbat euskara entzuten den kontuan hartuta, Etxepareren hizkuntzan hartutako liburu kopurua hain txikia ere ez dela pentsa dezake baten batek, eta euskarazko liburuetara jotzeko ohitura duen herritar taldetxo bat badela.
Ideia horretara iritsita ez legoke soberan Basauriko euskarazko irakurle-taldeari buruz berba bi egitea, ez baita atzo goizean sortua eta, batek daki, bere aletxoa jarria izan baitezake gaur egun liburuak euskaraz maileguan hartzen dituen taldetxo horretan. Idazleekin solasean du izena Basaurin euskal irakurleak elkartzeko martxan jarri zen lehenengo ekimenak. GEURIAko irakurleren batek edo bestek gogoan izango du beharbada. Euskarabilan hasi zuen bere ibilia taldeak 2000. urtean. Karmele Albisu izan zen Euskarabilako irakurle-txokoaren lehenengo saioak gidatu zituena, eta urte batzuen ostean, Isa Castillok hartu zuen haren lekukoa. Basauritik kanpo, beste herri batzuetako liburutegietako irakurle-txokoak ere gidatzen zituen Isak, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak, eta Basaurin ere antzeko zerbait egin zezaketela pentsatu zuen. “Alde batetik ikusten nuen irakurle-txokoa liburutegira eramanez gero, Euskarabilara hurbiltzen ez zen jendea gertura zitekeela liburutegira. Bestetik, halako ekintzetarako diru publikoa erabili behar zela uste nuen, alegia, irakurle-taldea bezalako ekimen bat ez zela elkarte batean ateratzen genuen diruarekin bakarrik nantzatu behar”.
Hala, Pozokoetxeko kultur etxera jo zuten euskarazko zein gaztelaniazko irakurle-taldeak martxan jartzeko proposamenarekin. Bi taldeetarako eskaintza zabaldu zuten: euskarazkorako ez zuen inork izenik eman eta gaztelaniazkora gerturatu zirenak larregi ziren talde bakarrean batzeko. Hortaz, gaztelaniazko bi talderekin jarri zen abian Pozokoetxeko kultur etxean irakurle-txokoaren ekimena 2008ko urtarrilean. “Pozokoetxeko gaztelaniazko bi taldeez gain, Euskarabilako euskarazko taldearekin ere jarraitu genuen”, zehaztu du Isak.
Ordea, egoera horrek ez zuen konpontzen Isak zuen kezka: alegia, diru publikotik gaztelaniazko ekintzak ordaintzen zirela eta euskarazkoak, ez. “Horrez gain, garai hartan Euskarabilan hausnarketa prozesu batean murgilduta geunden, gauzak zertxobait aldatzeko ideiarekin, eta prozesu horren barruan erabaki genuen Euskarabilatik ere indar apur bat ipini behar genuela Pozokoetxen euskarazko irakurle-talde bat osatzeko”. Ahalegin horri esker sortu zen 2011. urtean Pozokoetxen liburuak euskaraz landuko zituen taldea; ordura arte martxan zeuden gaztelaniazko bi taldeetako bat desagertu, eta hizkuntza bakoitzeko talde bana geratu zen, ez baitzegoen hiru txoko mantentzeko behar adina dirurik. “Euskarazko taldean oso jende gutxi hasi ginen; Euskarabilako Idazleekin solasean programara joaten zirenak ziren, gainera, horietako batzuk. Euskaltegietatik ere indar apur bat egiten hasi ziren euskara ikasten ari ziren ikasleak animatzeko eta horrela taldetxoa handituz joan zitzaigun”. Lehenengo ikasturtean bospasei lagun batzen ziren, baina urtez urte taldeak pixkanaka gora egin zuen eta azken urteetan hamar laguneko taldetxoa ziurtatuta izaten dute.
Hilean behin biltzen dira Pozkoetxeko irakurle-talde biak eta, Idazleekin solasean egitasmoan ez bezala, gehienetan euren artean komentatzen dute liburua, idazlearen presentziarik gabe; ikasturtean zehar behin edo bitan soilik izaten dute idazlearen bisita, aurrekontuan izan dituzten murrizketek ez baitute gehiagorako ematen.
Nolako irakurlea, halako liburua
Orain hamazazpi urte Euskarabilako irakurle-txokora joaten hasi ziren irakurleen eta gaur egun Pozokoetxera gerturatzen direnen artean alderik ba ote dagoen galdetuta, baiezko biribila eman digu Isa Castillok. “Euskarabilara joaten zen jende asko hain zuzen ere Euskarabilan egiten zelako joaten zen saioetara, Euskarabilak abian jartzen zituen ekimenak bultzatzeko, militantzia puntu batekin, alegia. Pozokoetxeko taldean, ostera, bestelako motibazioak aurkitu ditut. Batzuk aspektu literarioagatik joaten dira; beste batzuk, euskara ikasteagatik; eta euskaraz irakurri nahi baina nondik hasi ez dakielako etortzen denik ere bada, alegia, gida moduko bat izateagatik”.

Asel Luzarraga idazlea Basauriko irakurle taldean / Utzitakoa
Irakurle-txokoetan lantzeko liburuak aukeratzerakoan, hainbat aspektu izan behar dira kontuan. Alde batetik, gauza jakina da irakurlegoaren gehiengo zabal batek nobelak irakurtzen dituela, horixe dela gehien gustatzen zaien generoa. “Baina hori ahaztu gabe, bestelakoak ere sartzen saiatu behar du gidariak: poesia libururen bat, adibidez. Eta jendeari gehiago kostatzen bazaio, saio horretara idazlea gonbidatzen saia zaitezke, kontua pixka bat arintzeko”. Saiakeraren bat edo antzerki-libururen bat ere landu izan dute Pozokoetxeko taldean.
Bestetik, gogoan izan behar da taldera doazen lagun guztiak ez datozela euskara maila berarekin eta, beraz, saio batean Joseba Sarrionandiaren saiakera bat lantzen badute, hurrengoan ahalegin gutxiago eskatzen duten detektibe nobela bat programatzea komeni dela.
Ez da berez etortzen
Oraindik ere sarritan entzuten den kontua da euskarazko liburuak gaitzak ei direla. Isak ez du zalantza handirik gai horren inguruan. “Zailak direla? Noski, hizkuntza jakin batean irakurtzeko ohiturarik hartzen ez baduzu, sekula ez zaizu erraza egingo. Niri betidanik gustatu izan zait irakurtzea. Euskara ikasi nuenean, gaztelaniazko eta euskarazko liburu bana izaten nituen beti esku artean: baina gaztelaniazkoa amaitzen nuen eta euskarazkoa hortxe geratzen zitzaidan ataskatuta. Jabetzen nintzen horrela ez nuela sekula ikasiko euskaraz irakurtzen, eta horregatik erabaki nuen behar nuen denbora guztia hartuko nuela euskaraz bakarrik irakurtzeko. Bi urtetik gora egin nuen horrela. Euskaraz irakurri nahi nuen eta banekien horixe zela egin behar nuena. Ahalegin hori egin beharra dago, ez da berez etortzen euskaraz irakurtzeko ohitura. Eta ez diot euskaldun berriengatik bakarrik. Euskaldun zaharra den jende askok ere badio euskarazko liburuak zailak direla. Baina borondate eta lanketa kontua dela uste dut”.
Euskal mundua gaztelaniaz bakarrik irakurtzen duen irakurleengana gerturatzeko ahalegina ere egiten dute Pozokoetxeko gaztelaniazko irakurle-taldean: ikasturte bakoitzean euskaratik gaztelaniara itzulitako bizpahiru liburu lantzen dituzte, eta saioetara etortzen diren idazle gutxi horiek idazle euskaldunak izaten dira. “Oso polita da, gaztelaniazko taldeko irakurleentzat oso mundu ezezaguna baita euskal sortzaileena. Ederra da ikustea nola ezagutzen dituzten eta gero jarraipena egiten dieten”, azaldu du Isak.
Gaztelaniazko irakurle-taldeak urriaren 5ean egin zuen ikasturteko lehen saioa, eta euskarazkoak urriaren 19an ekin zion kurtso berriari.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.










