→Ugao

Sakonean | Musikaren sarea kalean josiz

ugao sarea eguna 2017 cheaters taldea argazkia sarea sound system

Sarea Fest ospatuko da Ugaon ekainaren 15ean eta 16an. Orain arte egun bakarreko musika jaialdia izan da, baina aurten bi eguneko egitaraua antolatu dute.

The Cheaters taldea iaz Sarea Egunean // Sarea Sound System-Ugaoko Musikazaleen Elkartea

Sarea Fest jaialdia ospatuko da Ugaon ekainaren 15ean eta 16an. Orain arte egun bakarreko musika jaialdia izan da, baina aurten bi eguneko egitaraua antolatu dute

Musikaren kulturak eta arteak beti izan dute lekua Ugaon. 2003an eratu zuten udalerriko hainbat musikarik Sarea Sound System Ugaoko Musikazaleen Elkartea. Horien artean izan ziren, besteak beste, Arantzi Campillo, Idoia Larizgoitia, Josu eta Miren Gil, Zuhaitz Bergara, Eunate Arebiotorre eta Gorka Chamorro. Gaur egun zortzi kidek osatzen dute elkartea, denak musikarekin harreman zuzena dutenak: hala nola, musikariak, soinu teknikariak edota musikazaleak, besterik gabe.

“Hasiera batean urtero herriko elizan Ugaoko musikariez osatutako kontzertua antolatzen genuen. 70 musikari inguru biltzen ginen hilabete batzuk lehenago eta Arantzi eta Eunateren gidaritzapean, estilo guztietako kantuen bertsioak entseatzen genituen herriari Gabon kontzertu ederra eskainiz”, dio Gorka Chamorro ugaotarrak: “Ugaon zegoen kontzertu eskaintza eskasa ikusita, elkarteak kontzertuak antolatzeari ekin zion, Ugao musika agenden mapan ezarri nahian”.

Modu horretan eratu zuten Ganbarako Igande Musikatuak Zikloa: “Jane Jauregiaren ganbara leku ederra izan zitekeela pentsatu genuen eta hortxe hasi ginen kontzertuak antolatzen. Geroztik euskal musikari mordoa pasatu dira Janeko ganbarako eszenatokitik, batzuk oso ezagunak izan dira, baina gure helburuen artean musikari gazte eta berriei lekutxo duin bat eskaintzea ere badago”, dio Chamorrok.

Sarea Sound System elkarteak aurten 15 urte bete ditu. Elkartearen helburu nagusia da musika udalerrian eta gizartean hedatzea, eta horretarako hainbat ekimen antolatzen dituzte Ugaon. Horien artean aipatzekoak dira Ganbarako Igande Musikatuak zikloa eta Sarea Eguna.

Ganbaratik kalera

“Hilabetero, azken domeketan, Ganbarako Igande Musikatuak zikloa antolatzen dugu urritik maiatzera bitartean. Formatu txikiko kontzertuak dira, Jane Jauregiko ganbaran”, dio Goio Ramos Ugaoko Musikazaleen Elkarteko kideetako batek. Ekimenaren arrakasta ikusita, orain dela lau urte, 2014an, Sarea Eguna antolatzen hasi ziren Ugaoko Musikazaleen Elkarteko kideak. “Argi eta garbi, musika kalera ateratzea da Sarea Eguna edo Fest jaialdiko filosofia. Gero, doakoa izatea da beste xedeetako bat. Guk uste dugu zuzeneko musika lotuta dagoela tabernekin eta kaleko giroarekin. Orduan, jaialdia ekainean denez eta, teorian, eguraldi ona egiten duenez, Ganbarako Igande Musikatuak zikloa kalera ateratzea erabaki genuen”, dio Ramosek.

“Bide batez, herriko tabernen egoerari bultzadatxoa eman nahi genion, Ugaon parrandarako egun potente bat eskainiz eta musika herriko txoko ezberdinetara zabalduz”, dio Chamorrok.

Urtez urte Sarea Eguna indartzen joan da eta inguruetako herrietara ere hedatu da ekimenaren berri: “Ugaoko herritarrak kaleko kontzertuetara gerturatzeaz gain, inguruko herrietakoak ere badatoz gurera, musikaz eta giroaz gozatzera”, dio Ramosek: “Benetan arrakastatsua da Sarea jaialdia eta ikusi dugu are arrakastatsuagoa izan daitekeela. Benetan egun polita da, interesgarria eta giro oso ona sortzen da Ugaoko kaleetan. Beti izan da barneko kontua, ahoz ahokoa, baina egia da inguruko herrietatik gero eta jende gehiago datorrela kontzertuak ikustera”, dio.

ugao sarea eguna 2017 nebbian argazkia sarea sound system

Nebbian bikote gernikarra iaz Sarea Egunean // Sarea Sound System-Ugaoko Musikazaleen Elkartea

Sarea jaialdia Ugaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzen dute eta tabernen babesa ere badu. “Instituzioek diru-laguntzak emateaz gain, Ugaoko tabernek ere euren laguntza ekonomikoa ematen digute. Aurten, esaterako, taberna guztiek eman digute laguntza, eurentzako ere aukera ona baita ekimen hau”, dio Ramosek. Aurten 2.300 euro inguruko aurrekontua izan du Ugaoko  Musikazaleen Elkarteak Sarea jaialdia antolatzeko.

Emakumeak eta euskara

Ganbarako Igande Musikatuak zikloan formatu txikiko kontzertuak dira nagusi. “Emanaldi gehienak euskaraz dira -esango nuke hamarretik zortzi edo bederatzi direla euskaraz- eta saiatzen gara emakumeen presentzia nabaria izaten”, dio Ramosek.

Sarea jaialdia antolatzeko, ostera, beste formatu bat bilatzen dute antolatzaileek. “Kalean da jaialdia eta batzuetan talde zaratatsuagoak behar ditugu ikus-entzuleen arreta deitzeko. Guk eskaintzen ditugun baldintzak edo aurrekontua kontuan hartuta, ezin dugu edozein talde lotu. Orduan, Ugaoko Musikazaleen Elkartean konturatu ginen momentu batean ingelesez abesten duten taldeak edo bertsioak aukeratzen genituela Sarea Egunerako eta euskara eta emakumeen presentzia txikiagoa zela. Horregatik edizio batzuk atzera baldintza horiek barneratzea erabaki genuen. Argi dugu emakumeek eta euskarak presentzia izan behar dutela gure jaialdietan”, dio Ramosek.

Aurtengo Sarea Fest jaialdiko egitarauari dagokionez, bi taldek euskara hutsean abesten dute (Mumia eta Zazkel) eta beste batek erdi euskaraz (Susterbacks). Gainontzeko taldeek ingelesez egiten dute, batik bat bertsioak direlako: country edota soul bezalako estiloetako taldeak, alegia.

Emakumeen presentziari erreparatuta, Zazkel taldea emakumeek osatzen dute bere osotasunean eta The Dolphiners eta Ou mama! taldeetan emakumeak ere badaude.

Sarea Fest 2018

Sarea Eguna jaialdiaren datu positiboak aintzat hartuta, aurten bi egunetako festibala egitea adostu dute antolakuntzatik. Orain arte Sarea Eguna deitu izan dio Ugaoko Musikazaleen Elkarteak ekaineko jaialdiari, “egun bakar batean antolatzen baikenituen kaleko kontzertuak”, dio Ramosek. Aurten, ordea, Sarea Fest deitu diote jaialdiari eta bi egunetan zehar ospatuko da: ekainaren 15ean, ostiralez, arratsaldez, eta ekainaren 16an, larunbatez, egun osoan zehar. Aurtengoa laugarren edizioa izango da.

Egun nagusia larunbata izango da eta zortzi musika talde ariko dira Ugaoko kaleetan kontzertuak eskaintzen. Horiek dira: Moonshine Wagon (Gasteiz), The Pushermen (Bilbo), The Dolphiners (Bilbo), The Binilo’s (Getxo), Mumia (Arrigorriaga eta Ugao), Ou mama! (Getxo), Susterbacks (Ugao) eta Zazkel (Zeberio eta Bilbo). Ostiraleko saioan Sarea Abesbatza, Sarea Txiki Abesbatza eta Etorki Dantza Taldea izango dira udaletxeko plazan.

“Formatu akustikoan izango dira kontzertu gehienak. Batzuk euskara hutsean ariko dira eta beste batzuk bertsioen taldeak direnez, ingelesez”, dio Ramosek. Kontzertu bakoitza ordubetekoa izango da: “Emanaldi bat bukatu eta hurrengo kontzertua dator. Helburua da hasierako kontzertu horretan dagoen publikoa hurrengo kontzertura joatea, kalejira modukoa eginez”, dio Ramosek.

ugao sarea fest 2018 kartela egitaraua

Talde ezezagunen ahotsa

Sarea Sound System elkartea da Sarea jaialdia antolatzeaz arduratzen dena. Musika taldeak aukeratzeaz gain, eguneko egitaraua zehazten dute. “Gure artean egiten duguna da zerrenda luze bat atera. Hortik kontaktuak lotu, zein talde egokitzen den guk eskaintzen ditugun baldintzetan jotzeko. Lotu nahiko genituzke talde pilo bat, baina aurrekontua dena da eta beti parametro horiekin jokatzen dugu”, dio Ramosek: “Arestian aipatu bezala, euskararen eta emakumeen presentzia ziurtatu nahi ditugu edizio bakoitzean, eta gehienak eskualdekoak izatea edota eskualdearekin lotura izatea ere bai”.

“Goizeko saioan talde suabeagoak programatzen ditugu, eta eguna aurrera doan heinean, in crescendo doa musika ‘kañeroagoa’ eskainiz. Azkenengo kontzertua beti saiatzen gara potenteena izaten”, dio Ramosek. “Beharbada guk ekartzen ditugun taldeak ez dira hain ezagunak, baina hain zuzen ere hori da beste helburuetako bat: talde horiek ezagutaraztea”.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak