→Arrigorriaga

Euskararen aldeko “hamaikakoa” aurkeztu dute Arrigorriagako Euskaraldian

“Euskaraldia, 11 egun euskaraz” ekimena martxan da Arrigorriagan. Jende andana hurbildu da udalbatza aretoan egin duten aurkezpenera, Aneguria rap abeslariak gidatuta. Euskaraldiko “hamaikakoa” ezagutarazi dute ere.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri mailan egingo den ekimena da Euskaraldia. 11 egunez hizkuntza aktibatzea, ohituretan eragitea eta, azken batean, euskararen erabilera sustatzea helburu du Euskaraldiak.

Jendetza batu da udalbatza aretoan Euskaraldiko aurkezpenean // Geuria

Ahobizi eta belarriprest

Euskaraldiak bi rol nagusi proposatu ditu 11 egun horietarako. Ahobizi: “Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet”, eta Belarriprest: “Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut”

Modu honetan, jendarteko harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatu nahi du Euskaraldiak.

Arrigorriagako hamaikakoa

Honako hauek osatzen dute Arrigorriagako Euskaraldiaren “hamaikakoa”: Maddi Ruiz de Azua ikaslea (Belarriprest), Aitor Paredes Athleticeko jokalaria (Ahobizi), Irantzu Goikoetxea udal euskaltegiko ikasle ohia (Ahobizi), Joseba Laiseka Padura futbol taldeko arduraduna (Belarriprest), Iratxe Fresneda zinemagilea (Belarriprest), Eva Meñike euskaltzalea (Ahobizi), Danel Elezkano pelotaria (Ahobizi),  Joana Garcia tabernaria (Belarriprest), Teresa Campos Jaenetik etorritako arrigorriagatarra (Belarriprest), Arkaitz Zipitria bertsozalea (Ahobizi) eta Ainhoa Galdeano patinatzailea (Belarriprest).

Arrigorriagako hamaikakoa // Arrigorriagako Udala

Nola batu Euskaraldiara?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakete izena Euskaraldian. Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da eta Belarriprest izateko euskara ulertu behar da. Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.  Bietako batean apuntatuz gero, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eramatea proposatzen du Euskaraldiak, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiten ari zarenaren seinu bezala.

Aneguria rap abeslaria, Euskaraldiako aurkezpenean // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak