→Arrigorriaga

500 gaztek hartu dute parte Arrigorriagako Gazteria Sailak antolatutako jardueretan

Arrigorriagako Gazteria Sailak balantzea egin du lehen seihilekoan antolatutako ekintzen inguruan. 500 gazte inguruk parte hartu dute hilabete hauetan zehar antolatutako jardueretan. 

Arrigorriagako gazteak, Kantabriara egindako irteeran//Arrigorriagako Gazteria Saila

Arrigorriagako Gazteria Sailak lehen seihilekoan antolatutako ekintzen inguruko balantzea egin du. 500 gazte inguruk parte hartu dute hilabete hauetan zehar antolatutako jardueretan.

Urtarriletik ekainera egindako Gaztechef sukaldaritza tailerrean 100 gazte inguruk hartu dute parte.  Gazteen autonomia sustatzeaz gain, sukaldeari loturiko estereotipo tradizionalak hautsi eta berdinen arteko lankidetza indartzea izan ditu helburu Gaztechefek.

12 gaztek lehen sorospeneko ikastaroa egin dute eta hirugarren urtez jarraian opor-azoka egin da, 120 parte-hartzaile baino gehiagorekin.

Eskulanen tailerrei dagokienez, 32 gazte izan dira seihileko honetan eskuzko trebetasunak lantzen. Besteak beste, aitaren eta amaren egunerako opariak egin dituzte. Pazkoa astean izan dira tailer gehienak: 3D eta hologramen tailerra, kapelak apaintzeko tailerra, Hi Selfie lehiaketa… 77 gazte bildu dira tailer hauetan. Futbolin txapelketa ere antolatu dute Aste Santuan.

Emakume Langileen Nazioarteko Egunean kamisetak margotzeko tailerra egin dute aurten. Horrez gain, ekainaren 28an, lehen aldiz LGBTI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna antolatu dute Arrigorriagan.

Lehiaketen arloan, Bidazti lehiaketa antolatu dute. Udalerriko gazteek zazpi bidaia-proiektu aurkeztu dituzte eta horietako bideragarrienek dirua jaso dute, bidaia horien gastuak ordaintzen laguntzeko. Halaber, irailaren 30era arte, martxan dago Arrigazte argazki-lehiaketa, gazteen bidaia esperientziak ikustarazteko asmoz.

Irteerak eta udalekuak
30 bat gazte ihes-gela edo scaperom delakoan parte hartzera joan dira Bilbora eta beste 25 Deriora joan dira Break on Stage hiri-kulturen jaialdiaz gozatzera. Zumaiako Flyschetara eta Chillida Leku museora bisita antolatu da ere, baita sagardotegira ere.

Ikasturte bukaerako irteeran jende askok eman du izena aurten, 78k, baina hogeita hamarrek baino ezin izan dute Kantabriara egindako bidaian parte hartu.

Multiabentura-udalekuei dagokienez, 33 gaztek hartu dute parte aurten. Bestalde, Akitania Berriko 13 eta 15 urte arteko 29 gazte eta 4 begirale izango dira Arrigorriagan, uztailaren 15etik 21era, gazteen arteko truke batean. Arrigorriagako hogei bat gaztek izena eman dute jada, astebetez etorriko diren gazteekin batera Gazteria Sailak antolatutako jardueretan eta irteeretan parte hartzeko.

Bukatzeko, 40 gazte inguru PortAventura atrakzio-parkera joango dira urrian, asteburu-pasa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak