→Arrigorriaga

Jose Cebrecos (Adecka): “Gertuko komertziorik gabe, herriak ez du izateko arrazoirik”

Arrigorriagako merkatariek “Salgai dago” kartela itsatsi, pertsinak itxi eta argia itzali dute berriki herriko komertzioetako erakusleiho guztietan. Arrigorriagako merkatariek bizi duten “egoera zailaz” ohartarazteko kanpaina baten barruan egin dute hori.

Herriko komertzioek pertsianak itxi eta "salgai dago" kartela itsatsi zuten erakusleihoetan / Adecka

Arrigorriagako merkatariek “Salgai dago” kartela itsatsi, pertsinak itxi eta argia itzali dute berriki herriko komertzioetako erakusleiho guztietan. Arrigorriagako merkatariek bizi duten “egoera zailaz” ohartarazteko kanpaina baten barruan egin dute hori, eta Jose Cebrecos merkatarien elkarteko presidentearen esanetan, “esperientzia eta erreakzio latzak” eragin ditu bizilagunengan, “adineko pertsonetan batez ere”. “Toki guztietan bezala, Arrigorriagako biztanleria ere geroz eta zaharragoa da eta gertuko komertziorik gabe, herriak ez du izateko arrazoirik izango. Izan ere, merkatalgune handietara joango al dira pertsona hauek eguneroko ogia edo jatekoa erosteko? Dendarik gabeko herria nahi dugu, ala bizitasunez betetako herria?”, galdetu du Cebrecosek.

Sentsibilizazio kanpainako irudia / Adecka

Besteak beste, erosketak egiteko ohitura berriek min handia egin dietela dio Adeckako presidenteak: “Jendeak nahiago du askotan merkatalgune handietara joan eta epe luzerako erosketak egin, egunerokoan behar duena herriko komertzio txikietan erostea baino. Bestetik, Internet bidezko erosketen gorakadak eragin zuzena izan du komertzio txikian”. Zentsu horretan, merkatarien elkarteak eta Udalak elkarlanean burututako zenbait ekimen azpimarratu nahi izan ditu Cebrecosek: Arrigobonoa, merkatarien eguna edota Arrigorriagako merkatarien kreditu txartela. “Udan zozketa ugari egingo ditugu Arrigorriagako kreditu txartelarekin herrian erosketak egin dutenen artea: pilota partidak, zinerako sarrerak. igeriluko paseak, afariak…”, azaldu du Adeckako presidenteak. “Oso garrantzitsua da herriko komertzio txikien alde apustu egiten dutenei eskerrak ematea, eta zozketa honen bitartez hori egin nahi dugu: herriko merkatarioi aurrera egiten laguntzen digutenak aitortu”, azaldu du. Hain zuzen ere, merkatarien jaia egingo dute larunbat honetan, ekainak 8, kontsumitzaileekiko esker keinu bezala. Doako txistorrada antolatu dute plazan, baita txikientzako puzgarriak, tailerrak eta DJ musika ere.

MBPB-ren eguneraketa

Udaleko enplegu sailetik, bestalde,, Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia eguneratzeko lanetan ari direla jakinarazi dute. 2007an sortutako plana da, eta haien esanetan, “egungo errealitatearekin zerikusi gutxi du plan horrek”. “Orduan herriaren estetikari erreparatzen genion gehiago, inguruko herrietarako bezeroak erakartzeko helburuarekin. Egungo erronka ordea, herriko bizilagunak ohartaraztea da, ez gehiago erosteko, baizik eta herriko komertzioetan erosteko”, azaldu du Maite Barahona jarduneko zinegotziak. Egungo errealitarera ahalik eta hobekin eguneratzeko, inkesta abiarazi du enplegu sailak. “Bizilagunen iritzia jaso nahi dugu, herriko komertzioa nola ikusten duten, zer da gehien eskertzen dutena, zer da faltan botatzen dutena…”, dio Barahonak. Ekaina bukaerara arte beteko da inketa, etxeetara bidalitako txostenaren bitartez edo Udalaren webgunearen bitartez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak