→Arrigorriaga

Ainhoa Iglesia: “Irratiaren berehalakotasuna eta gertutasuna maite ditut gehien”

Ainhoa Iglesia Olabarrik (Arrigorriaga, 1995) barru-barrutik ezagutzen du irratia. Kazetaritza bukatu eta berehala hasi zen EITBn lanean, Radio Euskadin, eta ordutik gabeko boletinen arduraduna eta goizeko albistegietako erreportaria izan da.

Ainhoa Iglesia, kaleko zuzeneko irrati kontakizun batean / Ainhoa Iglesia

Zortzigarren urtez, Unescok Irratiaren Nazioarteko Eguna ospatu du gaur. XIX. mende bukaeran sortu ziren lehen irrati emisioak, eta ordutik etengabeko bilakera izan du hedabideak. XX. mendean zehar, zalantzaz betetako hainbat momentu igaro ditu irratiak, telebistaren sorrerarekin esate baterako. Hasieran, irudiak zabaltzeko aukerarekin, irratia desagertuko zela uste izan zuten askok, baina errealitateak erakutsi du irratiak indar handia duela oraindik ere. Nork ez du irratia inoiz entzun? Askok egunari ekiteko aukeratzen dute, beste askok kotxe edo autobus bidaiak arintzeko, bulegoan, sukaldean… Ainhoa Iglesia Olabarrik (Arrigorriaga, 1995) barru-barrutik ezagutzen du irratia. Kazetaritza bukatu eta berehala hasi zen EITBn lanean, Radio Euskadin, eta ordutik gabeko boletinen arduraduna eta goizeko albistegietako erreportaria izan da. Irratiaren nazioarteko egunean, berarekin batu gara hedabidearen nondik norakoak hobeto ezagutzeko.

Kazetaria zara eta irratian zaude lanean. Nolatan?
Unibertsitateko azken mailan nengoela, praktikak egiten hasi nintzen, Radio Euskadin, bekadun moduan. Kurtsoa amaituta, udarako luzatu zidaten bekaldia eta uda bukatuta, bi urteko praktika kontratua eskaini zidaten. Aukera ederra sortu zitzaidan, ikasketak bukatu eta kazetaritza munduan sakontzeko Euskal Herriko irrati entzutetsunetako batean. Hortxe ari naiz.

Zeintzuk dira irratian dituzun eginkizunak?
Beti egon naiz albistegietan, baina oso eginkizun ezberdinak izan ditut. Bekadun nintzela aste barruko albistegietan eta asteburuetako albistegietan izan naiz, eguneko albisteak eta erreportajeak lantzen, bai eta prentsaurrekoak edota manifestazioak zuzenean jarraitzen. Aipatzekoa da aste barruko eta asteburuetako martxa oso ezberdinak direla: aste barruan prentsa deialdi asko egoten dira, eta gauzak gertatu ahala kontatzen ditugu. Kaosa izaten da askotan, albistegiak prentsaurrekoa eman bitartean emititzen direlako. Asteburuetan gaiak denbora gehiagorekin lantzen dira, eta gehiago sakondu daitezke. Egia da ere asteburuetako lan taldea txikiagoa izaten dela eta horrek bakoitzaren lan karga handitzen duela. Praktika kontratuarekin gaueko boletinetara pasa nintzen. Boletinak orduz orduko albistegi laburrak dira, 5 minutukoak, eta erredakzioan ni bakarrik nengoen hauek lantzeko. Erantzukizun maila, beraz, handiagoa zen. Orain goizeko albistegian ari naiz lanean, Dani Alvarezek gidatzen duen Boulevard saioan. Kaleko lana da gehienbat: eguneko gaiei lotutako elkarrizketak, albisteetan sakontzen laguntzen duten erreportajeak, denboralek sortzen dituzten kalteen jarraipena… Izan ditudan etapa guztietan pila bat ikasi dut, oso aberasgarria izan da leku batetik bestera aldatzen joatea.

Zein da gehien gustuko duzuna?
Momentu honetan goizeko informatiboa esango nuke. Kontakizunaren erritmoa frenetikoa da eta prest egon behar zara azken orduko gertaera baten aurrean erantzuteko eta kalera irteteko informazio bila. Oso programa polita da eta kazetari moduan asko hazten ari naizela uste dut.

Zeintzuk dira irrati esatari batek izan behar dituen ezaugarriak?
Irratiaren magia berehalakotasuna da, momentuan momentukoa, eta horrek exijitzen du irrati esataria azkarra izatea, langilea eta erantzuteko gaitasun efektiboa edukitzea. Gaurkotasuna jarraitu beharra dago, noski: prentsa irakurri, beste irratsaio batzuk entzun, Interneten arakatu… Ahotsari dagokionez, suposatzen da ahots goxoa izan behar duela irrati esatari batek, baina nire ahotsak ez du aparteko ezer… (kar kar) Beraz, ez dakit, argi hitz egitearekin eta ondo ahoskatzearekin nahikoa dela esango nuke. Irrati formatua maite behar duzu, hori bai.

Berehalakotasunak ezberdintzen al du gehien irratia gainontzeko hedabideetatik?
Bai, berehalakotasun hori da irratiaren ezaugarri nagusiena, hedabidea berezia bihurtzen duena. Azken orduko albiste bat ematen denean entzuleek irratia pizten dute, badakitelako hor eskainiko dela informazioa beste hedabideetan baino lehenago. Adibiderik argiena trafikoaren inguruko informazioa da. Kotxez doazen entzuleek izugarri eskertzen dute istripuen berri momentuan bertan ematea, horrela bide alternatibo bat hartzeko aukera dutelako. Irratia beti izan da eta beti izango da gertaerak unean bertan kontatuko dituena, eta hori oso polita da. Ez hori bakarrik, irratiko informazioa kontrastatua egon beharko luke beti, kazetariek landua. Gaur egun Twitter bezalako plataformak sartu dira berehalakotasun horren lehian, baina ez dute irratien fidagarritasun maila bera lortu, oraindik.

Zein gai jorratu duzu zuk?
Puf! Gai mordoa! Informazio aldetik Katalunia asko eta politika asko, egia esan. Azken boladan elizan emandako sexu abusuak ere jorratu ditugu, eta Deustuko Salesianos ikastetxeko sexu abusuen biktima batekin hitz egitea tokatu zait, esate baterako. Bere testigantza entzutea izugarri gogorra izan da, baina beharrezkoa ere bai. Gai positiboagoak ere landu ditut:  pasa den urtarrilean 106 urte bete zituen emakume bat elkarrizketatu nuen. Izugarria izan zen bere istorioak entzutea, mende eta piku bizi ondoren! Bere sekretua inoiz ezkondu ez izatea zela esan zidan (kar kar). Horrelako gaiak dira politenak, pertsonen istorioak kontatzen dituztenak.

Anekdota bereziren bat gordetzen duzu?
Gogoratzen dut bekaduna nintzenean, Tinderren inguruko erreportaje bat egitea egokitu zitzaidala: badakizu, ligatzeko aplikazioa. Kalera irten nintzen mikrofonoarekin jendeari galdetzera ea aplikazioa ezagutu eta erabiltzen zuen…. Ba bueno, mutil batengana hurbildu nintzen hori galdetzera eta bere erantzuna honakoa izan zen: “Zu zara?”  Nik ez nuen ezer ulertzen… Kontua zen, kasualitate hutsez, bera Tinderren bidez ezagututako neska batekin geratzen ari zela, ordu horretan justu, eta toki horretan. Pentsatu zuen ni nintzela bere zita eta broma bat egiten ari nintzela! Hori dena grabatuta geratu zen eta emititu genuen! Oso momentu dibertigarria izan zen.

Bi urteren ondoren, zer da irratitik gehien gustatzen zaizuna?
Esan dudan guztia: berehalakotasuna, egiten duen konpainia… Radio Euskadiko whatsapean entzuleek askotan idazten digute konpainia egiten diegula esanez, etxean bakarrik daudenean edota kotxean doazenean. Edadetuek, esaterako, beti izaten dute irratia piztuta eta asko eskertzen dute bai albisteak edo bai entretenimenduzko programak entzutea, aktibo mantentzen die. Eta nire aldetik, irratia momentura arte izan dudan bizitza laborala da, irratian baino ez dut lan egin eta egia esan oso-oso gustora nago, irratian geratu nahiko nuke urte luzez.

Eta zuk, zer entzuten duzu irratian?
Ba… espero dut nire nagusiek hau ez irakurtzea (kar kar). Irratian lan egiten hasi aurretik musika emisorak baino ez nituen entzuten. Orain, bertan lanean izanda, beste mundu bat deskubritu dut eta Radio Euskadi bezalako emisora gehiago entzuten ditut. Hala ere, aitortu beharra daukat musika dela gehien entzuten dudana. Kotxean esaterako, animatzeko eta lanaz deskonektatzeko! Musika ere beharrezkoa da bizitzan!

Bukatzeko. Bere garain, kantu batek zioen “Video killed the radio star”. Luzerako doa irratia?
Urteak dira hori entzuten ari garela, baina errealitatea da irratia oreka naturalean bizi dela telebista eta Internetekin. Egia da garai berrietara moldatu behar izan dela, emisorek profila sortu dute sare sozialetan, eta entzuleekin duen harremana ere asko hobetu du. Euren mezuak jasotzen ditugu etengabe Whatsapp eta Twitterren bidez eta gero antenan irakurtzen ditugu. Irratiak ez du gaurko egunez desagetzeko arriskurik. Hedabide mota bakoitzak bere espazioa dauka eta baita bere publiko mota ere. Kotxe barruan edo dutxan gauden bitartean, esaterako, ezin dugu Internet irakurri, ez eta telebista ikusi ere. Beste adibide bat jartzearren, Internet oso onuragarria izan da irratirako, bertan podcastak igo daitezkeelako eta horrela edukiak edozein momentutan entzun daitezkeelako. Irratiak garai berrietara moldatzen asmatu du: modernizatu egin da, eta horretan jarraitzen du etengabe.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak