→Arrigorriaga

Aitor Albizua: “Geroz eta gehiago ahalegintzen gara tokikoen esentzia gureganatzen”

Cadena SERek goizetan emititzen duen De buenas a primeras irratsaioko gidaria da Aitor Albizua kazetari arrigorriagarra.

De Buenas a Primera irratsaioko gidaria da Aitor Albizua / Utzitakoa

Geuria #054 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Geuriak 5 urte (2014-2019). Hego Uribe eskualdeko lehen euskarazko komunikabidearen lehen bost urteei begirada
Irakurri osorik PDFan

Existitu den gizarterik informatuena eta, aldi berean, desinformatuena ere bagarela uste du Aitor Albizuak (Arrigorriaga, 1992). “Informazioa dago nonahi, baina oro har oso errepikakorra eta arrotza da herritarrentzat”, uste du Albizuak. Estatu mailako hedabide gehienak politikarien bozeramaile bihurtu eta norbanakoen ahotsez ahaztu ote diren beldur da kazetari arrigorriagarra. Egoera horretan, tokiko hedabideek jokatzen duten papera nabarmendu du Albizuak: “Geroz eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da albistea bera gertatu den lekuan hedabidearen presentzia bermatzea, herritarrak albistegien eta informazioen protagonista bihurtzea”. Zentzu horretan, lantokia duen Cadena SERek azken urteetan burututako hausnarketaren berri eman digu Albizuak: “Herritarrentzako tresna erabilgarria izan nahi dugu berriro eta horretarako informazioaren eta entzulearen artean dagoen distantzia ezabatu behar dugu. Herritarren ahotsak erdigunera ekarri behar ditugu. Hori da tokiko hedabideek egiten dutena”. Eraldaketa prozesu horretan, De buenas a primeras saioa jarri zuen martxan iaz.

Espainiako hedabide handiek hausnarketarako garaia izan duzue.
Hala da. Izan ere, historikoki herritarrekiko eduki dugun zerbitzu publikoko izaera galtzeko bidean ibili garela ondorioztatu dugu. Gure edukien artean herritarrei zuzenean eragiten dien informazioaren gabezia handia sumatu dugu. Pentsa, estatu mailako hedabideok ematen dugun informazioaren %80 informazio instituzionala da, eta horrek politikarien bozeramaile izatetik hurbil eta herritarrengandik urrun kokatu gaitu. Kazetarion helburua ez da hori izan behar, inondik inora ere. Aitzitik, gizartearen bozeramaile izan behar dugu, norbanakoen eta kolektiboen aldarrikapenak, desadostasunak, arrakastak eta porrotak lehen lerrora ekartzen dituztenak. Horretan asmatu dute tokiko komunikabideek, eta hedabide handiek arlo humano hori nola berreskuratu behar dugun hausnartu dugu.

Nola iritsi gara egoera honetara?
Kasu askotan, erredakzioak geroz eta pobreagoak direlako. Esku, begi eta ahots gutxi daude informazioak behar bezala kontatzeko. Herritarrekiko gertutasuna galdu dugu, alegia, auzokoaren etxera joan eta bere arazoak bertatik bertara entzutea ez da normalean maila nazionaleko albistegietan gertatzen den zerbait. Errazagoa eta merkeagoa da politikari batek prentsaurreko batean esan duena jaso eta hori komunikatzea. Arlo politikoan hartutako erabakiak garrantzitsuak dira jakina, baina, politikarien adierazpenei baino, tarte handiagoa eskaini behar diogu hitz horiek gure egunerokoan izango dituzten ondorioak aztertzeari. Nola igarriko dugu etxeko hozkailuan legebiltzarrean hartutako erabaki hori? Hor dago gakoa. Komunikabide handiak ohartu gara horretaz eta gure espazioak birformulatzen ari gara behin eta berriz. Euskal Herrian kasu, Teleberrik ‘gertutik’ tartea sartu du albistegian eta irratiek ere ‘gertukoa’ hitza erabili dute publizitate mezu gisa. Hala ere, oso zaila dute ikuspegi nazional batetik benetako gertutasun hori lortzea.

Informatuta bizi gara?
Aurrekoan irakurri nuen: duela 100 urte bizi izan zen pertsona batek bere bizitza osoan jasotako informazio guztia egun batean jasotzen dugu guk. Baina, zer nolako informazioa? Historiako gizarterik informatuena garela diogu behin eta berriz eta, aldi berean, desinformatuena ere bagarela uste dut.

Komunikazioak bizi duen paradoxa. Inoiz baino gehiago, inoiz baino gutxiago.
Informazioaren saturazioa bizi dugu sarean, irratian, egunkarietan, telebistan… Ehunka hedabide daude gauza bera kontatzen dutenak, eta horrek informazioaren eraginkortasuna zailtzen du. Hein handi batean, albisteen errepikatzaileak bihurtu gara: albiste agentzia batek hau esan du, hedabide horrek hori esan du, nazioarteko komunikabide honek hau dakar azalean… Eduki horiek irakurri eta berregiten ditugu, pieza berri batean eurek kontatu dutena berriz ere kontatzeko. Jendea aspertu egin da eredu horrekin. Zentzu horretan, erabateko garrantzia dute tokian tokiko hedabideek. Albistea bertatik bertara bizi dezaketen kazetariak behar ditugu, gertukoen ahotsak jaso eta zabalduko dituztenak. Izan ere, estatu mailako hedabideon beste arazoetako bat zentralismoa da. Pentsatzen dugu Madrilen esandako edo gertatutako zerbaitek izugarriko interesa piztuko duela Arrigorriagako bizilagun batengan, eta ez da horrela. Ordea, albistearen erdigunean irakurleak ezagutzen duen auzokide baten izena eta argazkia jartzen badugu, orduan bai posible da irakurlearen arreta gureganatzea. Horretarako bertan egon behar du hedabideak, eta tokikoek hori dute, bertan daudela.

SEReko De buenas a primeras saioan hedabide-entzulearen arteko distantziak laburtzekotan zabiltzate.
Estatu mailako hedabidea gara, baina tokiko hedabideen esentzia hori gureganatu gura dugu. Europar Batasuneko ordezkari politikoak Parisen batu direla klima krisiaz eztabaidatzeko? Ba guk Huelvako nekazari bati deitzen diogu: ‘Huelvako Ramonek dio lehorteak direla eta azken 30 urtetako uztarik txarrena izan duela. Badajozeko Carmenek ere antzeko zerbait bizi du’. Izen abizenak jartzen ditugu albisteen atzean. Erredakzio bileretan gauza bera galdetzen dut beti: kontatuko dugun hau nire lagunei inporta zaie? Nire amari? Amamari? Ez? Ba pentsatuko dugu nola kontatu behar dugun edukia interesgarriagoa egiteko. Tokiko hedabideek lantzen dituzten albisteetan errazagoa da hausnarketa hori egitea: Udalak zera esan duela tabernen ordutegiari buruz? Pasatu zaitez kale nagusiko sei tabernatatik, eta hitz egin ostalariarekin eta bezeroekin. Ziur zure irakurleak kafea hartzen duela horietako batean.

Eta zuek nola lantzen duzue gertutasun hori?
Esatariak baino, irratsaioko protagonistak entzuleak bihurtzen ditugu. Zergatik entzun behar dute nire saioa eta ez beste batena? Nire informazioak benetan merezi duelako. Egunerokoan aplikatzen ez diren gauzez hitz egitera ohitu gara, eta horrek ez dauka zentzurik. Eguneko gaiei eta arazoei aurpegia jartzeko ahaleginetan ari gara gu: Trumpek zerga berezia jarri diela Espainiako olio-produktuei, joan gaitezen orduan olibak lantzen dituen langile baten etxera. Berarekin hitz egin eta gero, zabaldu dezagun telefono linea egoera berdinean dagoen horrek deitu dezan. Bilboko auzotarrak gaueko festa giroak sortzen duen zarataz kexu direla? Joan gaitezen gu diskoteka inguru horretara, bizi dezagun bertatik bertara zer gertatzen den eta hitz egin dezagun kaltetuekin. Hau guztia posible egiteko baina, enpresa zuzendariek kazetaritza mota honen aldeko apustua egin beharko lukete. SER-en ari gara apurka apurka norabide horretan, eta audientzia datuek bide onean gaudela erakusten digute. Sei hilabetetan 60.000 entzule izatetik 110.000 entzule izatera igaro gara gure saioa emititzen den ordu tarte horretan. Nolanahi ere, estatu mailako hedabide handiek ez dute inoiz tokiko hedabideek duten gertutasun hori izango, ezin dugulako toki guztietan egon. Tokikoek eremu txikiago batean jarduten dute, kontrolpean dute eskualde bateko egunerokoa. Benetako kazetaritza egiteko aukera ederra dute hedabide handiek utzitako hutsune horretan.

Entzuleekin konektatzea lortu duzuela uste duzu?
Esango nuke baietz. Oso atseginak eta eskertuak dira gurekin. Oso goiz hasten dugu gure saioaren emisioa, egunak oraindik argitu ez duenean, eta gaua nahiko bakartia da. Zergatik zaude itzarrik? Lanean zaude, ezin duzu lorik egin eta isilean egon behar duzu zure ondokoa lo dagoelako, norbait zaintzen ari zara… Gu hauen konpainia bihurtzen gara, euren egoera berean dauden pertsonen berri ematen diegu. ‘Aizu, zu bezain izorratuta gaude gu’. Zuzenean eragiten dien aktualitateaz hitz egiten saiatzen gara eta asko eskertzen digute ohiko politika kontuak beste alde batera uztea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak