→Arrigorriaga

Aitor Arenas: “Film luzeen eta laburren arteko parekotasuna oraindik urruti dago”

arrigorriaga aitor arenas elkarrizketa 2018 geuria 043 ale berezia berba eta irudia

Aitor Arenas (Arrigorriaga, 1981) zine ekoizle eta banatzailea da. Batik bat, film laburrak produzitzen eta zabaltzen ditu Banatu Filmak-en bitartez.

Aitor Arenas, Arrigorriagan // Argazkia: Maider Ibañez

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Aitor Arenas (Arrigorriaga, 1981) zine ekoizle eta banatzailea da. Batik bat, film laburrak produzitzen eta zabaltzen ditu. Telebistan hasi zen lanean, baina krisiaren eraginez Banatu Filmak ekoiztetxea eratu zuen lagun batzuekin batera. Institutuan zela maitemindu zen film laburren formatuarekin eta erabaki zuen zinearekin zerikusia duten ikasketak egitea. Unibertsitate garaian, beste hiru lagunekin Umorea Labur jaialdia eratu zuen Arrigorriagan eta Zaratalabur jaialdia ere antolatzen dute Zaratamon.

Nondik datorkizu zinemarekiko zaletasuna?
Txikitatik zinemarekiko grina izan dut eta beti kontsumitu izan ditugu pelikulak gure etxean. Gero institutuan (Laudiokoan) konturatu nintzen mundu honetan lan egin nahi nuela. Institutuko azken urteetan film labur bat jarri ziguten eta berehala maitemindu nintzen formatu horretako zinemarekin. 

Eta txinparta hori piztu zizun filma izan zen…
Kepa Sojo zinemagile laudioarraren 100 maneras de hacer pollo al txilindrón (1997). Orduan konturatu nintzen zinema ikasi nahi nuela, baina arrazoi ekonomikoengatik (oso garestia zen Bartzelonara, Madrilera edota Estatu Batuetara ikastera joatea), ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen EHUn. Ez dira ikasketa berak, baina harreman zuzena dute. Zinea benetan zer den ikasi nuen unibertsitatean. Esate baterako, nik txuri-beltzezko pelikularik ez nuen ikusten, baina unibertsitateko lehen urtean Psycho (Alfred Hitchcock, 1960) filma ikusi genuen eta harrigarria izan zen niretzat, flipatu egin nuen. Gainera, zinea irakurtzen ere ikasi nuen unibertsitatean. 

Gaur egun, besteak beste, Banatu Filmaken egiten duzu lan.
Bai. Baleuko telebista ekoiztetxean errealizadore moduan lan egin nuen, baina krisiarekin, 2010ean, lana bukatu zen eta kide ohi batek eta biok pentsatu genuen film laburren banaketa enpresa bat eratzea. Horrela sortu zen urte hartan Banatu Filmak.

Zein da zuen egitekoa Banatu Filmaken?
Izenak dioen bezala, filmak banatzen ditugu. Egia esan, denetarik egiten dugu eta bertako lankideok zeregin ezberdinak hartu ditugu gure gain. Banaketa etxe bezala hasi ginen, baina azken boladan lana dibertsifikatzen ari gara. Esate baterako, Tamara Lucarini nire lankidea batez ere jaialdiekin buru-belarri dabil, eta nik alde kreatiboan dihardut: hainbat lehiaketetan edo jaialditan epaimahaikide bezala aritu naiz, edo film laburrak programatu eta kontsultore lana egiten dut. Adibidez, azken aldian Txinan programatu dut eta bertan jaialdiak antolatzen laguntzen ibili naiz.

Zuzendari gazteei ere aukerak ematen dizkiezue.
Gero eta zuzendari gazte gehiago dago zine munduan eta Banatu Filmaken fokua aldatu genuen orain dela urte batzuk: nahiago dugu zuzendari gazteei edota zerbait esan behar dutenei aukerak ematea. Hala ere, ez diogu aterik inori ixten.

Film luzeak zein laburrak zinea dira, baina oraindik ere ezberdintasun handia dago bien artean. Zein hausnarketa egiten duzu horren inguruan?
Film Laburren Industriaren Elkarteko (AIC) kidea naiz -gainera, zuzendaritza batzordean nago-. Film luzeen industria txikia bada, are txikiagoa film laburrena. Bi formatuak zinea dira bai, baina borroka dago oraindik parekotasuna lortzeko. Begira bestela, aurtengo Goya sarietan zelako mespretxua egin zieten laburrei. Orduan, borroka horretan dihardugu: film laburren duintasuna eskatzen. Esate baterako, telebistak ez daude behartuta film laburrak erostera, film luzeak bezala. Eta zinemetan ez da film laburrik programatzen. Horregatik, ezin dira parean jarri.

Ekoizpenari begira ere ezberdinak dira.
Bai. Normalean film laburren errodajeak oso txikiak dira, baina denbora luzea behar dute ekoizpenean emaitza oso ona eduki dezaten. Aurreprodukzioa, produkzioa, post-produkzioa eta banaketaren artean urteak igaro daitezke. Prebioa oso astuna izan daiteke, baina amaieran betegarriagoa da.

Eta, publikoari begira?
Film laburrak programatzen ditugun guztietan, publikoaren erantzuna oso ona izan da. Adibidez, Arrigorriagako Umorea Labur edo Zaratamoko Zaratalabur jaialdietan aretoak ia-ia betetzen dira. Orduan, guk gure buruari galdetzen diogu: “Zergatik diote telebistek beldurra film laburrak programatzeari?”. Jendeak film laburrak ikusi nahi ditu eta Youtube-ko aroan gauden honetan, asko kontsumitzen den errealitate bat da.

Umorea Labur aipatu duzu, dagoeneko Arrigorriagan egonkortuta dagoen jaialdia.
19 urte nituela sortu genuen hiru lagunen artean (Joserra Millán, Oscar Machín eta hirurok) Umorea Labur jaialdia nire herrian. Lehenengo urtean Lonbarri deitzen zen eta erakustaldia baino ez zen. Umoreaz gain, bestelako generoak proiektatu genituen, baina bigarren urtean jaialdi bihurtzea erabaki genuen eta espezializaziora jotzea. Horrela eratu genuen Umorea Labur jaialdia. Aholkua eskatu genion Kepa Sojori eta berak esan zigun inguruan ez zegoela umorea lantzen zuen jaialdirik. Peñiscolan bazegoen bat, baina inguruan ez. Gainera, Euskal Herrian komedia egiten zuten zinemagileen belaunaldi handia zegoen. Batzuk aipatzearren, Koldo Serra, Ruben Ontiveros eta Borja Cobeaga.

Telebistan eta zinean lan egin duzu. Zeinak betetzen zaitu gehien?
Zinea izan da beti nire foku nagusia, baina beka bat eman zidaten ETBko albistegietan errealizazio lanetan ibiltzeko. Egia esan, ez nuen ikusten harremanik nik benetan egin nahi nuenarekin, baina konturatu nintzen zerikusia bazutela. Hala ere, oso ezberdinak dira telebista eta zinea, noski. Aukeratzekotan, zinearekin geratzen naiz, askoz gehiago kontatzen didalako. Zineak bizia ematen dit.

Di-Da

Gordetzen duzun objektu preziatua. Bi esango dizkizut: alabak grefusiko bat eman zidan eta honakoa esan zidan: “Ozeanoak zu aukeratu zaitu, hartu Te-Fitiren bihotza” (Vaiana pelikulatik aterata) eta, Michael Jacksonen ikuskizun bat AEBetan ikusteko sarrerak irabazi genituen eta horiek gordetzen ditugu

Liburu bat. Pequeño libro del mindfulness (Patrizia Collard)

Telesail bat. Manhunt: Unabomber (Netflix)

Abesti bat. Killing in the name (Rage Against The Machine).

Pelikula bat. Ikusi dudan azkena La forma del agua (Guillermo Del Toro) edo bestela, barre asko egiten dut Groundhog Day (Harold Ramis) filmarekin

Miresten duzun bertutea. Zintzotasuna

Miresten duzun pertsonaia historiko bat. Monty Phyton taldea bere osotasunean

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|