→Arrigorriaga

Antzerkia, dantza, magia eta zirkua Arrigorriagako XX. Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdian

arrigorriaga clown pailazo jaialdia 2015

Maiatzaren 8tik 10era bitartean ospatuko da Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia. Aurten 5 artista euskaldun arituko dira, tartean, Deabru Beltzak.

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren hogeigarren edizioa hemen da. Gaurtik hasita eta maiatzaren 10era arte, antzerkia, dantza, magia eta zirkua biltzen dituzten lanak ikusteko aukera izango dute Arrigorriagara hurbilduko direnek, umorea ezaugarri nagusi harturik. Emanaldiak doakoak izango dira.

Aurtengo edizioan Euskal Herriko 5 taldek hartuko dute parte, Andaluziako eta Kataluniako bana eta beste 5 nazioartetik: Frantziatik 3 eta Suitzatik eta Brasiletik bana. Euskaraz ikuskizun bakarra antzeztuko da, bost izango dira testurik gabeko lanak edo hizkuntza zehaztu gabe dutenak eta sei gaztelerazkoak. Ikuskizunak herriko hiru gunetan burutuko dira: Juan XXIII plaza, udaletxe plaza eta Kiroldegia.

DEABRU BELTZAK ETA MATHIEU MOUSTACHE

Maiatzak 8

18:30 Mathieu Moustache: “Dans tous ses états”, Juan XXIII plazan
Malabareak, bihurrikatzeak, dantza, antzerkia eta zuzeneko musika biltzen dituen obra barregarri honek irudizko unibertso bat ezagutzeko aukera emango du: tibetar batek aulkiekin dantza egingo du, arrano bat danbor bihurtuko da eta musikak malabareak egingo ditu espazioarekin.

19:45 Deabru Beltzak: “Drumbreak”, Juan XXIII plazan
Hitzik gabeko ikuskizun honek break dance eta perkusioa fusionatzen ditu, erritmoen eta koreografien borroka eskainiz. Eskuak lurretik altxatu eta musikaren konpasean bihurrikatzen dira. Neurrigabe egiten dute dantza, begirada finkoarekin eta burdinazko ausardiarekin, askorentzat ekintza suizida izango litzatekeenaren aurrean. Konpainiak ikuskizun harrigarria sortzen du, non musikak ikusleak hipnotizatzen dituen.

EKINTZA PARALELOAK

Ikuskizunez gain, hiru ekintza paralelo eskainiko ditu Jaialdiak. Programazioaren barne dagoen Cie Cacahuète konpainiak kale antzerkiko “L´enterrement de Maman XXL” ikastaroa eskainiko du; ostiralean Tiritirantes konpainiak “Cirqueamos” haurrentzako zirku tailerra eskainiko du Herri Ikastetxean; eta “Igelen metamorfosia” Corrado Masacciren txotxongiloen erakusketa ikusgai izango da maiatzaren 13ra arte Udaleko Erakusketa Gelan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak