→Arrigorriaga

Aritz Berri Dantza Taldeak botako du aurten Madalenetako txupinazoa

arrigorriaga jaiak 2017 txupina 5

Hogei urte bete ditu aurten dantza taldeak, eta horren harira, pregoia irakurri eta txupinazoa botako du.

Uztailaren 19an hasiko dira Arrigorriagako jaiak eta Aritz Berri Dantza Taldeak hartuko du aurtengo Madalenei hasiera emateko ardura. Hogei urte bete ditu aurten dantza taldeak, eta horren harira, pregoia irakurri eta txupinazoa botako du.

Halaber, Euskaraldiak leku garrantzitsua hartuko du aurtengo Madalenetan. “Euskaraldia, 11 egun euskaraz” ekimenak bere hamaikakoa aurkeztu zuen ekainean eta kideetako batzuk pregoilarien ondoan izango dira txupinazoaren orduan.

Udaletxe plazan euskararen aldeko banderatxoak jarriko dira jaietako lehen egunetik eta udal-eraikinek Euskaraldiarekin lotutako apaingarriak izango dituzte jaiek irauten duten bitartean. Ostalariek ere bat egingo dute ekimenarekin eta “Hemen ahobizi/belarriprest gara” mezua duten pegatinak jarriko dituzte tabernetan. Euskararen aldeko txapak banatuko dituzte ere bezeroen artean. Horrez gain, uztailaren 22an, igandez, egingo den playback lehiaketan Euskaraldiko batzordeko kideek hartuko dute parte. Erraz ikasteko moduko euskal abestiak antzeztuko dituzte.

Modu honetan, festa giroan euskarak leku garrantzitsua izatea bilatu nahi du Euskaraldiko Arrigorriagako batzordeak, “berdin du ligatzeko garaian, dantza egitean, kuadrillen artean edo jolasean”.

Uztailaren 19tik 23ra bitartean ospatuko dira aurten Arrigorriagako jaiak, ostegunetik astelehenera, eta txosna batzordeak iragarri ditu zein kontzertu izango diren txosnagunean: Kaotiko, ETS eta Siroka arituko dira, besteak beste, aurtengo Madalenetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak