→Arrigorriaga

Armando Astarloa: “Epifaniak berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna adierazi nahi du”

50 urte igaro dira Errege eguneko Epifaniaren lehen antzezpena egin zenetik. Armando Astarloa bizilagunak eman zituen antzezpena martxan jartzeko lehen urratsak eta ordutik ehunka herritarrek hartu dute parte urteroko hitzorduan.

50 urte igaro dira Errege eguneko Epifaniaren lehen antzezpena egin zenetik. Urtarrilaren 24an hitzaldia eskainiko du Armando Astarloa antzezpenaren sustatzaileak udaletxeko Euskalduna Barria aretoan, Bertoko Ostegunak zikloan.

Epifaniaren sustatzaile nagusietako bat da Armando Astarloa (Arrigorriaga, 1948) idazle, ekonomialari eta abokatu arrigorriagarra. Egun Tenerifen bizi bada ere, herrigintzan ibili izan da Arrigorriagan urte luzez eta oso ondo gogoratzen ditu Epifania martxan jarri ahal izateko gainditu behar izan zituzten zailtasunak. Berarekin batu gara Epifaniaren hastapenen inguruan berba egiteko.

Armando Astarloa (Arrigorriaga, 1948)

50 urte pasa dira Arrigorriagako lehen Epifania antzeztu zenetik. Zelan gogoratzen dituzu antzezlanaren hastapenak?
Garai zail eta berezi batean bildutako ideia, desio eta esperientzien batasunetik jaio zen Arrigorriagako Epifania. Txikitatik Madrilen eta Bilboko kabalgatan bizitakoak eta geroago ekonomia fakultatean ikusitakoak eta, batez ere, ezagututako jendeak inspiratu ninduten. Ez zen sorrera batzarrik egin baina izugarrizko garrantzia izan zuen herritarren arteko elkar ulertzeko eta laguntzeko nahiak. Gazteok ekimenarekiko erabateko konpromisoa adierazi genuen, batez ere garai hartako diktaduraren oztopoak gainditzeko.

Hiru Errege Magoak 1969. urtean / Armando Astarloa

Zer nolako oztopoak?
Sistemak proposatutako ekintzez aparte, oso zaila zen beste ezer egitea. Informazio eta turismo ministerio frankistara jo behar izan nuen baimen eske, eta zorte handia izan nuen, garai hartako Bizkaiko ordezkaria nire unibertsitateko irakaslea zelako. Jose Antonio Zarzalejosek nire izenean agindu zuen idatzia baimena emanez, eta dokumentu horrekin Bilboko Polizia Etxe Nagusira jo behar izan nuen baimena eskatzera. Hala eta guztiz ere, Epifaniaren antzezpena Falangearen izenean egin behar genuela esan ziguten eta 50.000 pezeta eskatu zizkiguten. Herrigintzari esker, antzezpena herritarren izenean egitea lortu genuen eta diru eskakizuna Arrigorriagako bizilagunen dohaintzei esker ordaindu genuen. Hori bai, ezin izan genuen udaletxe atarian inolako bozgorailurik ez apaingarririk jarri, ez eta udal zerbitzurik erabili ere. Muntaketa, antolaketa eta garbiketa guztia musu-truk egin genuen.

Ministerio frankistak agindutako baimena / Armando Astarloa

Polizia etxeak agindutako baimena / Armando Astarloa

Nola lortu zenituzten jantzi eta apaingarri guztiak?
Herritarrok sortu genuen guztia: diseinua, jantzia, apaingarriak… Ez zegoen aurrekonturik, gure ahalegina eta ilusioa bakarrik, eta hori ez dago neurtzerik. Oso diru gutxirekin ikuskizun ederra antolatu genuen, herriaren erantzuna erabatekoa izan baitzen.

1983ko uholdeak mugarria izan ziren.
Desastre itzela izan zen. Azken urteetan erositako, sortutako eta landutako material guztia desagertu zen. Guztia. Horri gehitu behar zaio Epifaniak ez zuela inolako babes legalik, eta beraz, ez genuela diru-laguntzak kobratzeko eskubiderik. Gertaera horrek, ordea, balio sinboliko izugarria izan zuen, agerian utzi zuelako herriaren konpromisoa. Epifaniak landatutako sustraiak uste baino sendoagoak zirela konturatu ginen eta fruitua berriz loratu zen. Aurreko urteetako antzezpenen fotograma batzuk erabilita, material eta eszenografia guztia berreraiki genuen. Ataku antzerki taldea sortu zen eta belaunaldi berrien laguntzaz, atrezzo, apaingarri eta material guztia berreskuratu genuen.

Gaur egun hastapenetan erabiltzen zituzten jantzi antzekoak erabiltzen dituzte Arrigorriagan/ Geuria

Boluntariorik gabe, beraz, Epifaniarik ez.
Hala da. Boluntariorik gabe, gaur egun ezagutzen dugun Epifania ez zen existituko. Herritarrak, elkarteak, merkatariak… Epifaniak Arrigorriagako eragile gehienak batzen ditu, eta horrek egiten du antzezpena posible. Elkartasun adierazle izugarria da Epifania eta horregatik zaindu behar dugu hain ondo. Belaunaldien arteko transmisioa, hortaz, ezinbestekoa da antzezpenaren biziraupenerako.

Nola entseatzen da halako antzezpen handia?
Esfortzu eta ahalegin handiarekin. Hasieran, sistema kontran genuenez, zailagoa zen entseguetarako baliabideak lortzea. Eskerrak eskola eta maisuak alde genituen, eta ikastetxeko gelak erabiltzen genituen. Gaur egun erraztasun gehiago dago Udalak bere baliabideak gure esku uzten dituelako. Hala ere, norbanakoen konpromisoak gakoa izaten jarraitzen du, bakoitzak bere betebeharrak eta kontuak dituelako eta zaila delako Epifaniak eskatzen dituen ordu guztiak eskaintzea. Benetan kontuan hartzeko zerbait da hori, guztioi gustatzen zaigulako urtarrilaren 5eko gauean Epifania hor egotea, baina denek ez dute argi hor egoteak zer nolako esfortzua suposatu duen Arrigorriagako herritar askorentzat.

Zer eskaintzen dio Epifaniak Arrigorriagari?
Epifaniak berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna suposatzen du. Hiru kontzeptu hauek Epifaniaren istorioan ikus daitezke, baina batez ere herritarren artean. Berdintasuna, emakumeek eta gizonek maila berean parte hartzen, laguntzen eta erabakitzen dutelako antzezpenean. Elkartasuna, argi dago, herritarren ilusiorik gabe ez delako posible Epifania egitea. Eta askatasuna, Epifaniaren hastapenari erreparatu behar zaio: bidegabeko legeen aurrean altxatu eta herri bezala erabaki zer eta nola egin nahi dugun, inposiziorik gabe.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak