→Arrigorriaga

14 milioi euroko aurrekontua izango du Arrigorriagak, iaz baino %10,62 gehiago

arrigorriaga udaetxea

Udaletxe zaharra birmoldatu, Ollarganeko (Abusu) igogailu berria eraiki eta Joseba Andoni Uriarte kalea berurbanizatzea izango dira inbertsiorik nagusienak.

Arrigorriagako udaletxea // Geuria

Udaletxe zaharra birmoldatu, Ollarganeko (Abusu) igogailu berria eraiki eta Joseba Andoni Uriarte kalea berurbanizatzea izango dira inbertsiorik nagusienak

Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak 2018rako aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu du. Guztira, 14.258.909,49 euro izango ditu Udalak aurten, iaz baino %10,62 gehiago. Aurreko urteetan bezala eta 2015-2019ko Legegintzaldi Plana erreferentzia-esparru gisa izanik, aurrekontua bederatzi arlotan banatu dute: garapen iraunkorra (5.532.074,61 euro, %38,80), izaera orokorreko zerbitzuak (4.997.713,12 euro, %35,05), Gizarte eskaintza eta sustapena (1.244.757 euro, %8,73), Kirolak (547.006,13 euro, %3,84), Ogasuna (508.746,08 euro, %3,57), Kultura (448.180 euro, %3,14), Gazteria eta Jaiak (436.812,50 euro, %3,08), Euskara (393.320,05 euro, %2,76) eta Hezkuntza (150.300 euro, %1,05).

Iazko inbertsio errealak 852.000 euroan geratu ziren bitartean, 2018 honetan bikoiztu egin ditu udal gobernu taldeak 1.700.000 euro ingururaino, hau da, kontuen %11,70. Garapen iraunkorra arloan dira inbertsiorik nagusienak: udaletxe zaharra birmoldatzea (500.000 euro), Ollarganeko igogailua eraikitzea (432.000 euro), Joseba Andoni Uriarte kalea berurbanizatzea (250.000 euro), kiroldegiko kanpoko pistetan komunak jartzea eta aldagelak handitzea (180.140 euro) eta Santo Cristo II-ko zelai artifiziala aldatzea (180.000 euro).

Udaletxe zaharra birmoldatzeari dagokionez, Asier Albizua Arrigorriagako alkateak dioenez, “asmoa da 2019an amaitua egotea obra hau, baina 2020ra arte ere luza daiteke“. Udal gobernu taldearen proiektuaren arabera, behe solairuan kokatuko lituzkete Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB), KZ Gunea eta erabilera anitzeko aretoa; lehenengo solairuan liburutegia; bigarren solairuan izango lirateke Kultura arloko bulegoak, proiekzio-gela, ikasleentzako talde-lanetarako bi gela eta multimedia espazioa; eta azken solairuan 60 pertsona hartuko lukeen ikasketa-gela.

arrigorriaga aurrekontua 2018 zirriborroa aurkezpena

Otsailaren 16an aurkeztu zuen udal gobernu taldeak 2018ko aurrekontuaren zirriborroa // Geuria

Diru-sarrera nagusiak transferentzia arruntetatik (8.773.500 euro) eta zerga zuzenetatik (3.312.050 euro) etorriko dira. Gastuei dagokienez, ondasunek eta zerbitzuek daramate zatirik handiena (6.431.136 euro), baita langileen gastuek (4.361.639 euro) eta inbertsioek ere (1.696.840 euro). Aurten, langileen gastuek guztizkoaren %30ari eutsi diote, eta inbertsioek, guztizkoaren %11,70 izanik, transferentzia arruntak (1.355.268 euro) gainditu dituzte.

Aurrekontu honetan, zerbitzu guztiei eutsi nahi die gobernu taldeak, arlo guztietan areagotu dituzte partidak Ogasunean izan ezik, eta beste behin ere, aurten zorra 370.000 euro baino gehiago murriztea lortu dute. Horrek esan nahi du aurreikuspenak betetzen badira 2011. urtetik 4 milioi euro baino gehiago amortizatzea lortu dela.

Laguntzak bermatuta

Kontu berrietan, udalerriko herritarrekiko konpromisoa nabarmentzen da, eta gizarte-laguntzak bermatzen jarraituko du udal gobernu taldeak, eta eskatzaile guztiek, hala egokitzen bazaie, diru-laguntza jasoko dute. Aurten 255.000 euro bideratuko dituzte gizarte-laguntzetara (iaz 230.000 euro). Gizarte Sustapenerako eta Ekintzarako arloak 1.244.767 euroko aurrekontua izango du eta enpleguari garrantzia handia emango diote. Era berean, udalerriko herritarrentzako, elkarteentzako eta erakundeentzako 1.355.268 euro (aurrekontu totalaren ia %10a) bideratuko dituzte.

Nabarmentzekoa da Udalgaztedi programan 107.000 euro inbertituko dituztela aurten (Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta eskualdeko beste udalerri batzuekin batera martxan jarritako programa, gazteei zuzenduta). Iaz 4.000 euro bideratu zituzten Udalgaztedi programara.

Ekarpenak aurrekontuari

Aurreko urteetan bezala, aurten ere herritarren parte-hartzea bultzatuko du Udalak aurrekontuan adostasuna lortzeko. Martxoaren 5era arte dute arrigorriagarrek iradokizunak bidaltzeko epea zabalik. Horretarako, aurrekontuak@arrigorriaga.eus helbide elektronikoa jarri dute herritarren eskura. Era berean, udaletxeko zein Abusu Zentro Soziokulturaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuetan (HAZ) aurkez ditzakete ekarpenak eta proposamenak, baita zuzenean Ricardo Martinez Ogasuneko zizegotziarekin edo Asier Albizua alkatearekin hitzordu bat adostuz ere.

Ildo horretatik, gainontzeko talde politikoek ere proposamenak egin ahal izan dituzte martxoaren 5era arte. Martxoaren 8an onartu dute 2018rako aurrekontua, ezohiko osoko bilkuran. Ildo horretan, alegazioak aurkezteko epea zabalik dago apirilaren 11ra arte.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak