→Arrigorriaga

14 milioi eta erdiko aurrekontua aurkeztu du Arrigorriagako gobernu taldeak, iaz baino % 2,75 handiagoa

Herritarrek iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte apirilaren 26ra arte.

Arrigorriagako Udala / Geuria

Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak 14.664.325,23 euroko aurrekontu zirriborroa aurkeztu du, aurreko urtekoa baino % 2,75 handiagoa. Besteak beste, udaletxe zaharra eraberritzeko 800.000 euro bideratuko dituzte, 180.000 euro erabiliko dira Santo Cristo I zelaiko belar artifiziala aldatzeko, 110.000 euro Abusuko Zentro Soziokulturaleko haur-jolasen gunean estalkia ipintzeko, 100.000 euro Kuboko pasabidea martxan jartzeko, 100.000 euro segurtasun-kamerak ipintzeko, beste 100.000 euro Lonboko skate-pistarako (lurzoruaren azterketaren inguruko txostena jaso ondoren), 90.000 euro kiroldegiko, frontoiko eta pistetako fokuak LED argiekin ordezkatzeko eta 50.000 euro poliziaren eta brigadaren ibilgailuak berritzeko.

Horrez gain, Itzuliak Arrigorriagara egindako bisita, Lonbo Aretoko eserlekuen ordezkapena eta Santa Isabel guneko jolastokian estalki bat ipintzeko lanak ere ordainduko dira iazko geldikinarekin (453.337 euro).

Aurrekontuko 1.290.379 euro gizarte‑sustapenerako, erabiliko dira,  %13,6 (1.999.316,50 euro), udalerriko pertsonei, elkarteei eta erakundeei emandako dirulaguntzen bidez.  Herritarrek iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte apirilaren 26ra arte (informazio-batzordea ere egun horretan bilduko da), aurrekontua maiatzaren 2an egingo den ezohiko osoko bilkurara eraman baino lehen. Proposamenak aurkezteko aurrekontuak@arrigorriaga.org helbide elektronikora idatzi edota udaletxeko edo Abusuko Zentro Soziokulturaleko Herritarren Arretarako Zerbitzura jo behar dute herritarrek. Nahi dutenek zinegotziekin edo alkatearekin hitzordua adostu ahal izango dute..

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak