→Arrigorriaga

Arrigorriaga Bihotzean dokumentala aurkeztuko dute otsailaren 1ean, Lonbon

Arrigorriagako historiarekin zortzi kontakizun ezberdinekin osatu dute otsailaren 1ean Lonbon aurkeztuko duten dokumentala, artxiboko irudiekin eta zuzeneko testigantzekin osatuta. 

Mikel Cuadra saskibaloi jokalaria, Arrigorriagako Globoaren zelaiari buruz berbaz / Arrigorriaga Atzo

Azken hilabeteetan bolo-bolo ibili dira sare sozialetan Arrigorriagako historiaren nondik norakoak kontatzen dituzten bideo laburrak. “Bihotzean” izenpean, herriaren antzinako istorioak jasotzen dituzte bost minutuko obretan. Arrigorriagako paper-fabrika, herriak izan dituen hiru zinema aretoak, Padura saskibaloi taldearen hastapenak, Arrigorriagako “etxe-orratza”, Ugertzako presa edota Artiach margo-fabrikaren inguruko pasadizoak bildu dituzte bideo-labur horietan. Horiek guztiak bertatik bertara bizi izan zituzten herritarrek hartu dute istorioak berreskuratzeko ardura, Aitor Gonzalez Iturbe zinemagilearen zuzendaritzapean. Bada, orain, bideo horiek pieza batean batu eta 30 minutuko dokumentala osatu dute, Arrigorriaga Bihotzean. Otsailaren 1ean, ostiralez, aurkeztuko dute jendaurrean, Lonbo aretoan, 20:00etatik aurrera. Dokumentala emititu baino lehen, bideoan parte hartu duten herritarren esperientziak eta bizipenak entzuteko aukera egongo da, Lonbo Aretoan antolatu duten mahainguru batean.

DENBORAN BIDAIA
Dokumentalak “Arrigorriaga Atzo”, antzinako argazkiak berreskuratzeko Udalak martxan jarritako ekimenean du hazia. Sonia Rodriguez komunikazio zinegotziak azaldu duenez, “argazki horiek sarean eskegi ondoren, herritarren iruzkinetan ikusi genuen istorio pila zeukatela kontatzeko belaunaldi berriek ezagutzen ez dituztenak”. “Gure herriaren historia osatzen duten kontakizunak dira, harro sentitzeko modukoak eta galdu ezin ditugunak”, adierazi du zinegotziak. Uda ostean hasi ziren bideoak sarean eskegitzen: “jendearen erantzuna oso ona izan da. Gustatu zaie, eta hori iruzkinetan ikusi ahal izan dugu: herrimina, nostalgia, oroitzapenak…”, dio Rodriguezek. “Herritik eta herriarentzako kontatuko bizipenak dira. Arrigorriagako belaunaldi berriek aukera dute beren arbasoak nola bizi ziren ikusteko, bai eta arrazoi ezberdinetik gurera bizitzera etorri direnek ere”. Zentsu horretan, Arrigorriagak integrazioaren alde egindako lana nabarmendu nahi izan du zinegotziak, “denok baikara herri honen partaide”.

SASKIBALOIAREN GLOBOA
Bideoen artean, nabarmentzekoa da Padura saskibaloi taldearen hastapenak gogoratzen dituen laburmetraia. Egungo anbulategiaren ondoan dagoen plaza izan zen Paduraren lehen saskibaloi zelaia, zementu gainean. Ohikoa zen 60. hamarkadan, igandeko mezaren ondoren, berrehun herritar inguru saskibaloi partiduak ikusteko batzea. Baina harrigarriena, 70. hamarkadan gertatu zen. Legediaren aldaketarekin, eguraldi txarretik babesteko ordezko zelaia eduki behar zuten taldeek, eta hara nora, Arrigorriagan globo erraldoi baten barruan eraiki zuten, herriaren kanpoaldean. Mota honetako zortzi istorio ezberdinekin osatu dute otsailaren 1ean aurkeztuko duten dokumentala, artxiboko irudiz eta zuzeneko testigantzekin osatuta.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak