→Arrigorriaga

Arrigorriaga, Epifania antzezteko prest

Urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan, Arrigorriagako 200 herritar inguru batuko dira herriko plazan Erregetako Epifania antzezteko.

Erromatarrak Udaletxeko arkupeetan / BV FOTOGRAFOS

Urtero legez, urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan, Arrigorriagako 200 herritar inguru batuko dira herriko plazan Erregetako Epifania antzesteko. Epifaniaren 46. edizioa izango da aurtengoa eta Jesusen jaiotzaren berri ematen denetik Egiptora ihes egin behar duen unera arte kontatuko du istorioak.

Armando Astarloa idazle arrigorriagarrak 1969. urtean eman zituen herriko Epifania martxan jartzeko lehen pausuak. Ordutik belaunaldi ezberdinetako ehunka herritarrek hartu dute parte ikuskizunean. Aurtengoa 50. edizioa izan beharko litzateke, baina historian zehar hainbat aldiz eten behar izan dute Epifaniaren eszenaratzea: 1983. urtean gertatutako uholdeek, adibidez, erabat suntitsitu zituzten Epifaniarako erabiltzen zituzten apaindurak eta jantziak. Udaletxe berria eraikitzeko obrak zeuden bitartean ere ez zen Epifaniarik antzestu.

2019ko Epifania
Bederatzi ekitaldik osatuko dute aurtengo ikuskizuna, zazpi nagusi eta bi txikiagoak. Pertsonaien artean abeltzainak, herritarrak, danbor-joleak, erromatarrak, damak, eskribauak, Herodes… Eta, noski, Jesus, Maria eta Ekialdeko hiru Errege Magoak ere bertan izango dira.

Urtarrilaren 5eko ikuskizuna prestatzeko, azken hilabeteetan dozenaka herritar ibili dira lanean: jantziak, atrezzoa, argiak, soinua eta ikuskizuna egiteko beharrezkoa den logistika guztia prestatu dute. Besteak beste, antolakuntza lanetan ibili dira Emakumeen Madalen Elkartea (ikuskizunaren aurretik jantzi guztiak garbitu eta lixatu dituzte), Aritz Berri dantza Taldea (ikuskizunaren egunean jotak dantzatuko dituzte) eta herriko zenbait ostalaritza-establezimendu.

Udalak 6.500 euroko partidarekin lagundu du, eta gainerako gastuei aurre egiteko antolakuntzak Erregeen otzara zozkatuko du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak