→Arrigorriaga

Migrazioaren esperientzia mingarria eta traumatikoa irudikatu duten zazpi lan saritu dituzte Arrigorriagan

arrigorriaga errefuxiatuak 2018 argazkia Jonathan Weiss Unsplash

Iñaki Túrnezek lortu du lehen saria kontakizun laburretan, Kepa Kiefek kontakizun motzetan eta María Acinasek binetetan. Sari banaketa maiatzaren 11n izango da.

Jonathan Weiss // Unsplash

Iñaki Túrnezek lortu du lehen saria kontakizun laburretan, Kepa Kiefek kontakizun motzetan eta María Acinasek binetetan

Errefuxiatuek eta etorkinek pairatzen duten zorigaitza salatzeko literatur lehiaketa jarri zuen martxan Arrigorriagako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Guztira 42 kontakizun jaso dituzte: 23 lan kontakizun laburren modalitatean (gutxienez 20 lerro eta gehienez orrialdi bat), 18 lan ipuin motzen kategorian (gehienez 5 lerro) eta lan bakarra bineten modalitatean (gehienez 3 bineta).

Ildo horretan epaimahaiak dagoeneko irabazleen izenak eman ditu jakitera. Kontakizun laburren modalitatean irabazlea Iñaki Túrnez izan da Restos de marea lanarekin, bigarren postua Ane Arnaizek lortu du Hesiaren albo bietara kontakizunarekin, eta hirugarren postua Nerea Andradesentzat izan da Colores entre escombros lanarekin. Kontakizun motzen modalitatean Kepa Kiefek eraman du sari nagusia La valla lanarekin, McVelardenen Cenicientas nigerianas lanak bigarren postua eskuratu du, eta Maria Elena Cardonak hirugarren postua Negar nahaste kontakizunarekin. Bineten modalitatean Maria Acinasen Crucero de placer lana izendatu dute irabazle. Epaimahaiaren arabera, saritutako kontakizunak aukeratzeko lana “zaila” izan da eta aitortu dute esperientzia atsegina izan dela ezinbesteko migrazioak eragindako “esperientzia mingarria eta traumatikoa modu oso desberdinetan” irudikatu duten istorioak irakurtzea. 

Sari banaketa (sinbolikoa) maiatzaren 11n izango da Arrigorriagako udaletxeko plazan 19:30etik aurrera. Arrigorriagako OEE plataformako kideek errefuxiatuen aldeko jaialdia antolatuko dute egun horretan. “Jaialdiak jolaserako eta aldarrikapenerako eremu izan nahi du“, diote antolatzaileek.

Kontakizunak irakurgai

Kontakizunak apirilean eta maiatzean kaleratzeko asmoa agertu du Arrigorriagako Ongi Etorri Errefuxiatuakek. Interneten zabalduko dituztela adierazi dute, baita paperean ere. Arrigorriagako leku publikoetan eta hainbat lokaletan utziko dituzte kontakizunak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak