→Arrigorriaga

Arrigorriagako eskolako begiraleak, hizkuntza ohiturak aldatzeko prest

EusLiderrak egitasmoan hartu dute parte jantokiko eta jolastokiko begiraleek, euskararen erabileran eragin, hizkuntza portaera berriak sortu eta eraldaketa gauzatzeko asmoarekin.

Eskolako GASCAko 30 beharginek hartu dute parte EusLiderrak egitasmoan / GEURIA

EusLiderrak egitasmoan hartu dute parte jantokiko eta jolastokiko begiraleek, euskararen erabileran eragin, hizkuntza portaera berriak sortu eta eraldaketa gauzatzeko asmoarekin.

Hizkuntza ohituretan eragin, eskola osatzen duten guztien artean euskara gehiago erabiltzeko. Helburu horrekin, Arrigorriagako Eskolako 30 begiralek hartu dute parte EusLiderrak egitasmoan, eskolan bertan burututako lau saiotan. AEK-k eta Ahizek antolatuta, EusLiderrak tailerrak euskararen erabileran eragitea du xede, hizkuntza portaera berriak sortuz eta eraldaketa sustatuz.

“Sarritan, errotuta ditugun hizkuntza ohiturek gure artean gaztelaniaz egitera bultzatzen gaituzte eta zaildu egiten dute txipa aldatzea”, dio Iratze Garmendiak, tailerretako irakasleak. “Batzuk hobeto, beste batzuk makalago, baina eskolako begirale guztiak gai dira euren artean eta ikasleekin ere euskaraz hitz egiteko. Hala ere, erraz jotzen dute gaztelaniara”, azaldu du Garmendiak. Hainbat adibide jarri ditu irakasleak: “Agindu sinpleak ematerakoan euskara da nagusi, baina horiek errepikatu behar dituztenean, ohikoa izaten da gaztelaniara igarotzea. Begirale batzuek pentsatuko dute hizkuntza arazoa izan dela, baina argi izan behar dute ezetz, umeak gai direla bigarrenez esanda ere, euskaraz ulertzeko. Egon lasai, euskaraz jarraitu, lehenengoan ez badizu entzun, bigarrenean entzungo dizu”. Jantokian eta jolas-orduan begiraleak eredu direla gogoratu du Garmendiak: “Ikasleek ikusi behar dute begiraleak ere, euren artean, euskaraz ari direla”.

Errotutako ohiturak aldatu daitezkeela ulertu eta lehenengo berba euskaraz egitearen garrantziaz aritu dira begiraleak, ariketa praktiko eta teorikoen bitartez. Hainbat aldaketa egin dituzte dagoeneko, sukaldean gaztelaniaz zituzten ohar batzuk euskaratuz. Bide batez, euren artean euskaraz egitera ohituta ez zeudenak, “aukera izan dute, lau egunez, naturaltasunez eta era efektiboan posible dela egiaztatzeko”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak