→Arrigorriaga

Gazteria, mugikortasuna eta enpleguari buruzko europar mintegia, Arrigorriagan

Arrigorriagak Gazteria, Mugikortasuna eta Enplegua Europar Mintegiaren I. Edizioa hartuko du apirilaren 17tik 19ra bitartean. Nerbioi Ibaizabal eskualdeak mugikortasunerako 7 europar beka eskainiko ditu

Gazteentzako kalitatezko enplegurako aukerak sortu, gazteei zuzendutako konfiantza esparruak garatu, gazteei euren prestakuntza eta trebakuntza hobetzea ahalbidetuko dien nazioarteko esperientzietarako sarbidea erraztu, eta zailtasun gehien dituzten taldeei zerbitzuen eta laguntzen sare jasangarri bat bermatzea dira Gaztedi Nerbioi Ibaizabal programaren helburuetako batzuk. Ildo horietan, 2018rako bi programa aurkeztu ditu. Alde batetik, Gazteria, Mugikortasuna eta Enpleguari buruzko Europar Mintegia eta bestetik, mugikortasunerako 7 europar beka.

Apirilaren 17an, 18an eta 19an Gazteria, Mugikortasuna eta Enplegua Europar Mintegiaren I. edizioa ospatuko da Arrigorriagan, Lonbo aretoan. Egitasmo horren xede nagusia da europar mugikortasunaren esparruan gazteek eskura dituzten aukerak eta tresnak ezagutzera ematea. Bertan, esparru tematiko ezberdinetan esperientzia eta europar ikuspegia duten pertsonen parte hartzea izateaz gain, europar mugikortasun beken deialdian izena emateko prozesua zabalduko da. Mintegia aurretiko urrats eta esparru egoki gisa planteatzen da interesa duten pertsonek informazioa zuzenean jasotzeko aukera izan dezaten, bai ikasteko zein lan egiteko europar mugikortasunari dagokionez, bai jarraian eskainiko den mugikortasun beka programari dagokionez.

Horren harira, Nerbioi Ibaizabal eskualdeak europar mugikortasuna sustatzeko zazpi beka eskainiko dizkie interes akademikoak edo laboralak dituzten eta gutxieneko trebakuntza akademikoa duten (erdi-mailako gradua) eskualdeko 18 eta 30 urte bitarteko gazteei. Bekek hiru hilabeteko iraupena izango dute eta hizkuntza-prestakuntzarekin osatuko dira. Nazioz haraindiko bitartekari batek taldea lagunduko du harrera-herrialdean den bitartean eta bertara joaten den gazte bakoitzak egonaldian zehar lagunduko dion harremanetarako tutore bat izango du. Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, interesa duten gazteek izena eman behar dute apirilaren 16a baino lehen www.nerbioiibaizabalgaztedi.eus webgunean edo, bestela apirilaren 17an, 18an eta 19an Arrigorriagan ospatuko den Gazteria, Mugikortasuna eta Enplegua Europar Mintegian bertan. Mugikortasun beka hauei esker 18 eta 30 urte bitarteko gazteek aukera izango dute Europako beste eskualdeetako enpresetan praktikak edo ikaskuntza-prozesuak garatzeko.

Arakaldoko, Arrigorriagako, Basauriko, Etxebarriko, Galdakaoko, Orduñako, Orozkoko, Ugao-Miraballeseko, Zaratamoko eta Zeberioko Udalek bat egiten dute Gaztedi Nerbioi Ibaizabal programan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.

Gazteria, Mugikortasuna eta Enplegua I. Europar Mintegia

Apirilak 17, asteartea
Irakasleentzako eta hezkuntza eta gazteria esparruetan lan egiten duten langileentzako mugikortasuna
09:00-09:30 Harrera eta izen-ematea
09:30-09:45 Hasiera eta mintegiaren aurkezpena. Maite Leizaola Bizkaiko Behatokiko Zuzendaria, Asier Albizua Arrigorriagako alkatea
09:45-10:00 Hasierako hitzaldia: Iñigo Alvarez de Eulate (Gestores Europeos)
10:00-10:45 Hezkuntza irakasleentzako europar mugikortasunerako aukerak: Xabier Ugarte (Txorierri Politeknika Ikastegia)
10:45-11:30 Gazteria esparruan lan egiten duten langileentzako europar mugikortasunerako aukerak: Salvatore Anselmo (Made For Skills S.r.I. Palermo-Italia)
11:30-12:00 Kafe-atsedena
12:00-12:45 Nola hartu parte gazte-trukeen esparruan garatzen den europar egitasmo batean: Alex Lopez (Kiribil Sarea)
12:45-13:30 Elkarteen parte-hartzea Europako Elkartasun Kidegoan: Raul Puerta (Injuve-Erasmus+: Gazteria kudeaketarako Espainiako Agentzia Nazionala)
13:30 Mahai-ingurua
14:00 Luntxa

Enplegurako mugikortasuna (26-35 urte)
15:00-18:00 Gazteei zuzendutako saio praktikoa. Lanerako mahai-inguru tematikoak eta txandakakoak: Atzerrian lan bat aurkitzeko aukerak; Zure lehen EURES lana; Erasmus ekintzaile gazteak (Paloma Lozano – Innogate to EU); langile gaituen eta ikerlarien mugikortasuna (Carmen Mendez – Bizkaia Talent); Europar mugikortasunerako Nerbioi-Ibaizabal beka programa

Apirilak 18, asteazkena
Gazteen ikaskuntzarako mugikortasuna (16-26 urte)
17:30-20:30 Lanerako mahai-inguru tematikoak eta txandakakoak: Europako Elkartasun Kidegoan diren ikaskuntzarako eta praktiketarako aukerak; Nola hartu parte unibertsitario gazteentzako mugikortasun proiektuetan; Lanbide Heziketako ikasleen mugikortasuna; Lanbide-orientazioa. Gaitasunak eta garapen profesionala; Hautagaitza baten prestaketa, CVa, Europass- Gaitasunen Europar Pasaportea; Europar mugikortasunerako Nerbioi-Ibaizabal beka programa

Apirilak 19, osteguna
Boluntariotzarako mugikortasuna (16-20 urte)
17:30-20:30 Lanerako mahai-inguru tematikoak eta txandakakoak: Nola hartu parte Europako Boluntario Zerbitzuan; Nola hartu parte gazte-truke proiektuetan; Europar mugikortasunerako Nerbioi-Ibaizabal beka programa

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|