→Arrigorriaga

Errefuxiatuen egoera salatzeko literatur lehiaketa antolatu dute Arrigorriagan

errefuxiatuak 2018 unsplash Priscilla Du Preez

Errefuxiatuek eta etorkinek pairatzen duten zorigaitza salatzeko literatur lehiaketa antolatu dute Arrigorriagan. Lanak aurkezteko epea martxoaren 2ra arte dago zabalik.

Priscilla Du Preez // Unsplah

Errefuxiatuek eta etorkinek pairatzen duten zorigaitza salatzeko literatur lehiaketa antolatu dute Arrigorriagan. Lehiaketaren helburuak bi dira: alde batetik, etorkinen eta errefuxiatuen giza eskubideekin zerikusia duten balioak islatzen dituzten literatura-lanak sortzea, eta bestetik, herritarrak sentsibilizatzea bizitzen ari diren dramaren jakitun egon daitezen.

Lehiaketak hiru modalitate izango ditu: kontakizun laburra (gutxienez 20 lerro eta gehienez orrialde bat), kontakizun motza (gehienez 5 lerro) eta binetak (gehienez 3). Edonork parte har dezake, edozein hizkuntzatan. Parte hartzaileek euren kontakizunak gutunazal batean entregatuko dituzte Herriguneko zein Abusuko liburutegian, martxoaren 2a baino lehen.

Modalitate bakoitzak sari bana izango du: afari bat Arrigorriagako jatetxe batean bi pertsonentzat. Epaimahaiaren ebazpena izango da martxoaren 19tik 23ra bitartean. Ondoren, kontakizunak formatu digitalean eta paperean argitaratuko dituzte. Gainera, bide publikoan, tabernetan eta erakusleihoetan egongo dira ikusgai. Oinarriak irakurgai daude udal liburutegietan eta esteka honetan. Kontakizunen lehiaketa hau Arrigorriagako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak