☉ Arrigorriaga
Lonbo aretoan programatuta zeuden ekitaldiak uda ostera atzeratu ditu Arrigorriagako Udalak
Martxoan eta apirilean Lonbo aretoan programatuta zeuden sei ekitaldi iraila eta urrira atzeratu ditu Arrigorriagako Udalak.

Martxoan eta apirilean Lonbo aretoan programatuta zeuden ekitaldiak iraila eta urrira atzeratu ditu Arrigorriagako Udalak. Guztira sei ikuskizun programatu dituzte uda ondoren: Tupper XXX (Luna llena), Y todo por amor (7Grados), La isla (Histrión Teatro), Una visita inoportuna (Aztiak), Ikimilikiliklik (Marie De Joghn) eta El enjambre (Vaivén Producciones).
“Apustua egin dugu, ahal den neurrian, sortzaileek bezala beste hainbat sektoretako profesionalek ere izango duten galera arintzeko”, dio Iratxe Rubio Kultura zinegotziak: “Arrigorriagako udal gobernuaren lehentasuna izan da egoera zaurgarrian egon daitezkeen pertsonak laguntzea, dudarik gabe, baina ikusmira harago eraman dugu, eta beste arlo batzuetan ere ekarpena egiten saiatuko gara, ahal dugun neurrian. Horregatik, martxoan eta apirilean Lonbo aretoan programatuta geneuzkan ekitaldiak iraila eta urrira atzeratu ditugu, bertan behera utzi beharrean, beti ere osasun agintariek ematen dituzten aholkuei jarraituz”.
Lonbo aretoa 2020 iraila-urria
Irailak 24, osteguna
19:30 Tupper XXX (Luna llena)
Irailak 25, ostirala
20:00 Y todo por amor (7Grados)
Urriak 9, ostirala
20:00 La isla (Histrión Teatro)
Urriak 22, osteguna
19:30 Una visita inoportuna (Aztiak)
Urriak 25, igandea
12:30 Ikimilikiliklik (Marie De Joghn)
Urriak 29, osteguna
20:30 El enjambre (Vaivén Producciones)
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Hezkuntza Kontseilu berriak udalerriko hezkuntza-beharrak identifikatuko ditu
Udalerriko hainbat eragilek eratutako foro honek, gainera, hezkuntzari eskola-eremutik kanpo ere helduko dioten baterako proposamenak eta ekintzak bultzatuko ditu aldi berean

Joan den otsailean lehen ohiko bilera egin ostean, martxan da Arrigorriagako Udal Hezkuntza Kontseilua.
Ikastetxeetako, familietako, hezkuntzako, udal zerbitzuetako, kirol klubetako eta Udaleko talde politiko guztietako ordezkariek eratzen dute foro hau eta helburu nagusia udalerriko hezkuntza-beharrak modu koordinatuan identifikatzea izango da. Gainera, hezkuntzari eskola-eremutik kanpo ere helduko dioten baterako proposamenak eta ekintzak bultzatuko dituzte.
Gorka Etxebarria Euskara, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak azaldu du kontseilua “tresna baliotsua” izango dela hezkuntza ardura partekatua izan dadin: “Elkarrekin eta era kohesionatuan egin behar dugu lan, eta horretarako aukera eskainiko digu kontseiluak”, eta Kontseilu hau martxan egotea “urrats garrantzitsua” dela gaineratu du, ” komunitate gisa dugun erantzukizun partekatua aitortzeko eta haurren eta nerabeen ahotsak benetako espazioa izan dezan bermatzeko”.
Hezkuntzaren esparruan, kontseilu honen motorrak dira Arrigorriagako Haurreskola, eskola, institutua eta Abusu ikastola; Familiari dagokionez Gure Magalean guraso elkartea ageri da; Hezkuntza eragileen artean Altzoan zaintza sarea, Arritxikerrak, Kilimusi eskaut taldea eta eskolako mendi taldea; udal zerbitzuetan Gaztegunea, Ludoteka eta EISE (Gizarte Zerbitzuetako hezitzaileak) eta kirol kluben artean Padura saskibaloia, Garriko taekwondo, Arri-gorri irristaketa eta Arrigorriagako Tenis Kluba.
“Kontseilu honen bidez, Udalak benetako udalerri hezitzailea eraikitzeko apustua berresten du, gobernu-planaren 26. neurrian jasotako konpromisoari erantzunez”, diote Udaletik.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako udal igerilekuen ordutegia ordu erdi luzatuko dute martxotik aurrera “zerbitzua hobetzeko”
Goizeko lehen orduan erabiltzaile asko pilatzen direla detektatu ondoren, irekiera-ordua aurreratzeak masifikazioak gutxitzen lagunduko duela arrazoitu dute Udaletik

Gaur egun arte, Arrigorriagako udal igerilekuek 09:00etan zabaltzen zituzten ateak, baina martxotik aurrera ordu erdi lehenago zabalduko dute, 08:30ean, alegia.
Helburua “zerbitzua hobetzea” dela iragarri dute udal ordezkariek: “Neurri hau erabiltzaileen eguneroko beharrei entzun ondoren hartu da”, azaldu dute. Izan ere, goizeko lehen orduan erabiltzaile asko pilatzen direla detektatu ondoren, irekiera-ordua aurreratzeak masifikazioak gutxitzen lagunduko duela arrazoitu dute. “Gainera, ordutegi zabalagoarekin, herritar gehiagok izango dute euren erritmoari egokitutako kirola eta igeri egiteko aukera”.
Horrela, urteko egutegiari dagokionez ordutegia 08:30etik 22:00ra bitartekoa izango da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 20:00ak bitartekoa larunbatetan eta 08:30etik 14:00ak artekoa igande eta jaiegunetan.
Uda sasoian (ekainaren 8tik irailaren 6ra, orokorrean), ordutegia 08:30etik 22:00ra bitartekoa izango da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 20:00ak bitartekoa larunbatetan eta 08:30etik 20:00ak artekoa igande eta jaiegunetan.
Uztaila eta abuztuan, ordutegia 08:30etik 21:00ra bitartekoa izango da astelehenetik ostiralera, 08:30etik 20:00ak bitartekoa larunbatetan eta 08:30etik 20:00ak artekoa igande eta jaiegunetan.
☉ Arrigorriaga
Zineforuma, antzerkia eta erromeria antolatu dituzte Arrigorriagan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan
Jardueraz beteriko egitarau zabala antolatu du Arrigorriagako Udalak Lamiaena Emakumeen Etxearekin eta Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean, martxo osoan zehar

Arrigorriagako Udalak, Lamiaenarekin eta Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean, egitarau zabal eta feminista iragarri berri du Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Egitaraua otsailaren azken egunetan hasi eta martxo osora zabalduko da, hainbat diziplina uztartuz, “hausnarketa kritikoa eta ospakizun kolektiboa sustatzea xede”, hiru ardatz nagusirekin: Hausnarketari dagokionez, otsailaren 26an ‘Begirada feminista bat zahartzeari’ izeneko hitzaldiarekin emango zaio hasiera programari. Kulturaren esparruan, martxoaren 3an Zineforum Feminista antolatu dute Lonbo aretoan eta hilaren 7an eta 21ean antzezlanak egingo dituzte bertan. Sormenari eta haurrei dagokienez, ‘Plastiko magikoak’ izeneko eskulan tailerra antolatu dute eta Virginia Imaz ipuin kontalariak saio berezi bat eskainiko du.

Martxoaren 8an ekitaldi bi antolatu dituzte: alde batetik elkarretaratzea egingo dute udaletxeko plazan eta herriko emakumeak izango dira protagonistak. Jarraian, Aritz Berri Dantza Taldeak ‘Emakumeon eskubideen alde dantzan’ izeneko erromeria eskainiko du.
“Egitarau hau herrian azken hilabeteetan egiten ari den lanaren jarraipena da”, azaldu dute egitaraua antolatu duten lantaldetik. “Aipatzekoa da, adibidez, gizonen inplikazioa sustatzeko urtarrilean egindako tailerrak izan duen harrera ona, non 22 gizonek parte hartu duten eta “Lamiaenako aliatuen” taldea sortzeko ernamuina izan nahi duen. Beste hainbat ekimen feminista ere egiten dira aldi berean. Hauen guztien bidez, Arrigorriagak herri berdinzaleago eta justuago baten aldeko apustu irmoa berresten du”.
Egitaraua | Emakumeen Nazioarteko Eguna Arrigorriagan
Otsailak 26, osteguna
18:00 Hitzaldia: ‘Begirada feminista bat zahartzeari’, Lamiaena
Berdintasun Saila
Martxoak 3, asteartea
18:30 Zineforum feminista: ‘Jone batzuetan’, Lonbo aretoa
Berdintasun Saila
Martxoak 5, osteguna
18:00 Tailerra: ‘Plastiko magikoak: pin-ak, giltzatakoak eta iman aldarrikatzaileak’, Lamiaena
Berdintasun Saila
Martxoak 7, larunbata
19:30 Antzerkia: ‘Ni errekadista nintzen’, Lonbo aretoa
Kultura Saila
Martxoak 8, igandea
12:00 ‘Emakumeok plazara!’ Kontzentrazioa eta Berdintasun Kontseiluaren adierazpenaren irakurketa, udaletxeko plaza
12:30 Erromeria: ‘Emakumeon eskubideen alde dantzan’, udaletxeko plaza. Aritz Berri dantza taldea
Martxoak 11, asteazkena
17:00 Umeentzako ipuin kontalaria (Virginia Imaz): ‘Bigarren printzesa’, Lamiaena
Euskara eta Berdintasun Saila
Martxoak 21, larunbata
19:30 Antzerkia: ‘R&J’ La dramática errante, Lonbo aretoa
Kultura Saila
☉ Arrigorriaga
Ikurrina Arrigorriagan jarri zeneko 50. urteurrena oroituko dute Armando Astarloaren dokumentalarekin
Dokumentala ikusi ostean bertan agertzen diren elementuak aztertuko dituzte Malmasingo Lagunak elkarteko Asier Ibarretxe kidearen eskutik

Otsailaren 27an Arrigorriagan ikurrina ipini zeneko 50. urteurreneko dokumental laburraren proiekzioa egingo dute Malmasingo Lagunak elkarteko kideek.
Armando Astarloa idazle, ekonomialari eta abokatua, eta aldi berean dokumentalaren egilearen zinta proiektatu ostean edukiaren azterketa eta solasaldia eskainiko du Asier Ibarretxe Fernandez de Larrinoa Malmasingo Lagunak elkarteko kideak.
“Bost minutuko iraupena duen dokumentala proiektatuko dugu udaletxean”, azaldu dio GEURIAri Ibarretxek. “Ikurriña Arrigorriagako udaletxean ipini zuten egunean filmatutako irudiak dira, 1977ko urtarrilaren 31n, hain zuzen ere”.
Armando Astarloak ‘Super 8mm’ kamera batekin grabatutako irudiak ikusi ahal izango dira Azokea aretoan. “Udalerriaren hainbat filmazio egin zituen Astarloak eta iaz irudi horiek ekarri zituen Arrigorriagara”. Irudi analogiko horiek digitalizatu dituzte eta horrela, Arrigorriagako dokumentu historiko hori auzotar guztiek ikusi ahal izango dituzte proiekzio egunean.
“Plazan egin zuten ekitaldia erakutsiko dute irudiek”, zehaztu du Malmasingo Lagunak elkarteko kideak. “Garai hartako auzotarrak, txistulariak eta prentsa librearen langileak ikusiko dira bertan ere, besteak beste”. Zinta pare bat aldiz erreproduzituko dute eta segidan bertan agertu diren elementu jakin batzuk sakonean aztertuko dituzte Asier Ibarretxek erabiliko duen diapositiba batzuen bidez. “Solasaldia zabala izango da eta gerturatuko direnek berba egiteko aukera izango dute ere”.
Hitzordua 19:00etan ipini dute Arrigorriagako udaletxeko ‘Azokea’ aretoan eta saioa elebiduna izango da.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Udalak ere ez du atxilotuen jatorriari buruzko daturik publikatuko
“Neurri horrek ez du delitu edo atxiloketa gutxiago ekarriko”, esan du gobernu taldeak

Arrigorriagako Udalak ere ez du Eusko Jaurlaritzak ezarritako irizpidea jarraituko eta ez du atxilotuen jatorriari buruzko datuak publikatuko.
Gobernu taldearen arabera, “neurri horrek ez du delitu edo atxiloketa gutxiago ekarriko”, esan dute.
Hego Uribe eskualdean Basauriko Udalak dagoeneko zehaztu dute jatorriaren berri emango duela, “gezurrak saihesteko eta gardenak izateko”.
Eta, kontrako erabakia hartu dute, esaterako, Arrigorriagako Udalaz gain, Galdakaok, Bilboko, Barakaldoko, Leioako edo Erandioko udalek.









