→Arrigorriaga

Uraren Jaia Arrigorriaga herrigunean ospatuko da aurreneko aldiz

arrigorriaga uraren jaia 2016 bizkaia ur partzuergoa

Urarekiko sentsibilizazio jaia ekainaren 3an ospatuko da. Aurreneko aldiz, Beteluriko araztegitik kanpo antolatu dute jaia eta Arrigorriaga erdigunera hedatuko da.

2016ko jaia Beteluriko Edateko Uren Tratamendutegian, Arrigorriagan // Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa

Urarekiko sentsibilizazio jaia ekainaren 3an ospatuko da. Aurreneko aldiz, Beteluriko araztegitik kanpo antolatu dute jaia eta Arrigorriaga erdigunera hedatuko da

Nagusiki familiei eta ikasleei zuzendutako Uraren Jaia jarduera ludiko eta hezigarriak 26. edizioa beteko du aurten eta ekainaren 3an, igandez, ospatuko da Arrigorriagan. Orain arte Beteluriko araztegian antolatu izan dute jaia, baina aurten, aurreneko aldiz, Arrigorriaga herrigunean ospatuko da. Hain zuzen ere, Agirre Lehendakaria parkean.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatzen du Uraren Jaia. Jarduera honen helburu nagusia da herritarrak, bereziki, gaztetxoenak, kontzientziatzea, ekosistema urtarraren biziraupenerako uraren zentzuzko erabilerak eta kutsadura saihesteak daukaten garrantziaren inguruan.

40 jarduera baino gehiago

Bizkaiko Ur Partzuergoak 40 jarduera baino gehiago antolatu ditu Uraren Jaia ospatzeko. Besteak beste, tailer didaktikoak eta artistikoak, erakusketak, puzgarrien parkea, arrantzan egiteko eta txalupekin jolasteko igerileku txikiak, ur-arrapala, ludoteka, ohe elastikoak eta urari eta ingurumenaren babesari lotutako alderdiak lantzeko beste hainbat jolas eta espazio izango dira Arrigorriagako Agirre Lehendakaria parkean. Era berean, goizeko lehenengo orduetatik txaranga bat ibiliko da esparru osoan zehar, eta kaleko antzerkia, magia, photocall-a eta diskofesta egongo dira.

Bestalde, bertaratzen diren guztientzako hamaiketako txiki bat antolatu dute: fruta freskoa eta jaiaren irudiarekin atondutako baso bat ur (oroigarri gisa etxera eraman ahal izango dena).

Bisita gidatuak Beteluriko araztegira

Uraren Jaia Arrigorriaga erdigunean ospatu arren, jardunaldi osoan zehar bisita gidatuak antolatuko dituzte Beteluriko araztegira, edateko uren tratamendutegiaren funtzionamendua ezagutzeko. Bisitaldiak begirale espezializatuen eskutik izango dira. Betelurira iristeko autobusak jarriko dituzte, horregatik aldez aurretik izena eman behar dute interesdunek jai-eremuan bertan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak