→Arrigorriaga

Arrigorriagako adingabe bat inputatu du Ertzaintzak, sexu erasoa egitea egotzita

Ertzaintzak Arrigorriagako adingabe bat inputatu du, ustez, Arrigorriagan bertan neska bati sexu erasoa egiteagatik. Datozen egunetan epaile aurrean deklaratu beharko du ustezko erasotzaileak. Elkarretaratzea deitu dute azaroaren 8an, osteguna, Arrigorriagako udaletxe plazan, 19:00etan.

Ostegun gabean gertatu omen zen erasoa, Arrigorriagako tren geltokiaren inguruan. Salaketaren arabera, gaueko 23:30ak inguruan, trenetik jeitsi eta Makuako igarobidetik etxera zihoala, ezezagun batek ezustean eraso egin zion neska bati. Ustezko erasotzaileari aurre egin eta gero, lekutik alde egin eta salaketa jarri zuen neskak Udaltzaingoan. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren elkarren arteko ikerketaren ondotik, susmagarri gisa inputatu du Ertzaintzak Arrigorriagako adingabea.

Gertatutakoa egiaztatu ondoren, erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala egin du Arrigorriagako Udalak: “Modu argi eta irmoan salatzen dugu gertatutako erasoa. Halaber, babes osoa adierazten diogu biktima gazteari eta haren ingurukoei. Haien esku jarriko ditugu une zail hauetan behar  dituzten udal-baliabide guztiak”.  Eraso sexistak emakume eta gizonen desberdinkeria-egoeraren ondorio larriena direla eta errua ez dela inoiz emakumeena, erasotzailearena baizik adierazi dute -aho batez- alderdi politiko guztiek. Era berean, elkarretaratzea deitu dute bihar, osteguna, 19:00etan, udaletxe plazan. 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak