→Arrigorriaga

Barsobia baserrian bizi zen herritarrak 24.420 euroko kalte-ordaina jasoko du Udalarengandik

EH Bilduk dekretua ezeztatzea eskatu du eta kanpoko txosten juridiko bat egitea exijitu du, legea urratu delakoan.

Barsobia baserria udal-jabetza da 1999tik / Maps

1999tik udal-jabetza den Barsobia baserria uzteagatik 24.419,97 euroko indemnizazioa ordaintzea erabaki du, alkate-dekretu bidez, Arrigorriagako Udalak. EH Bilduk dekretua ezeztatzea eskatu du eta kanpoko txosten juridiko bat egitea exijitu du, legea urratu delakoan.

1995ean Torrontegi II proiektu urbanistikoak “Barsobia” edo Barzubia izeneko baserria Udalaren esku utzi zuen. Lau urte geroago, 1999an, bertan bizi ziren bi bizilagunek bertan jarraitzen zuten eta urte hartako martxoan Arrigorriagako Udalbatzak baserria hilabete batean uzteko eta giltzak emateko ebazpena onartu zuen. Torrontegi IIproiektuko Konpentsazio Batzordeak 4.229.527 pezetako indemnizazioa adostu zuen bi ahizpentzako. Bi bizilagunek uko egin zioten eskaintzari eta 19 urtez bizi izan dira udal-jabetzako eraikiniean. 2018ko martxoan utzi zuten baserria eta irailean indemnizazio eskaera erregistratu zuten udaletxean. Azaroan, eraikina hutsik zegoela egiaztatu ondoren, alkate-dekretu bidez onartu dute 24.419,97 euroko kalteordaina ordaintzea (1999an Konpentsazio Batzordeak eta Udalbatzak adostutakoa, eurotan, 4.229.527 pezeta). .

EH BILDUREN SALAKETA
Arrigorriagako EH Bilduk “adar jotetzat” hartu du erabakia, eta salatu du “19 urtez udal etxebizitza batean doan eta denon lepotik bizi izan direla herritar horiek”. Dekretuaren ezeztapena exijitzeaz gain, kanpoko txosten juridiko bat aginduko du EH Bilduk, “legea urratu delakoan”. “Alkateorde batek sinatu du dekretua, indemnizatua izango den herritarra alkatearen senide zuzena delako, eta horregatik erabakitik inhibitu behar da. Udal Batzak dauka honen inguruko erabakiaren eskumena? Baserria hilabetean ez uzteko erabakiak ez ote luke indemnizazioa ukatu beharko? Ez ote dauka Udalak 19 urtez ilegal okupatutako jabetzaren kalte-ordaina eskatzeko eskubidea? “, diote ezker koaliziotik.

Carlos Atutxa Gurtubai hirugarren alkateordeak sinatu du dekretua, idazkariak eta udal kontu-hartzailetzak elkarrekin egindako txostenean oinarrituta. “Txostena 1.999ko Udalbatza Osoaren erabaki batean oinarritzen da. Erabaki horren bidez, Udalak bere gain hartu zuen baserria hustean bertako bizilagunei kalte-ordaina ordaintzeko betebeharra. Orduko Konpentsazio Batzarrak Udalari eman zion kalte-ordainaren zenbatekoa”, dio Atutxak. “Baserria hutsik zegoela egiaztatu ondoren eta aipatutako txostenean oinarrituta, ebazpena ezagutarazi eta onartu da”, gaineratu du Arrigorriagako hirugarren alkateordeak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak