→Arrigorriaga

‘Bidaiaren Txokoa’ sortuko dute Arrigorriagako Gaztegunean eta “zozketa bidaiaria” egingo dute

Aste Santua dela eta, Arrigorriagako Udalak bidaietako postalak jasotzeko ekimena errepikatuko du eta zozketa egingo du ondoren. Era berean, Bidaiateka berritua eskaintzen ari dira.

Arrigorriagako Udaleko Gazteria Sailak bigarren urtez jarri du abian bidaietako postalak jasotzeko ekimena. “Aste Santua gainean daukagu eta bisitatutako tokitik Gaztegunera postal bat bidaltzen duten guztien artean bidaiatzeko artikuluen zozketa bat egingo dugu“, diote.

Parte hartu nahi duenak postala bidali behar du Gaztegunera: “Kontaiguzu zein ondo ari zaren, zein leku bisitatu duzun edo bidaian gehien gustatu zaizuna“, diote: “Heltzen zaizkigun postal guztiak bildu eta Gaztegunean ‘Bidaiaren Txokoa’ egingo dugu“. Jasoko dituzten postal guztien artean zozketa egingo dute eta irabazleak “opari bidaiaria” lortuko du.

400 BIDAIA-GIDA BIDAIATEKAN

Gazteguneak Bidaiateka zerbitzua eskuragarri du herritarrentzako. Bertan 400 bidaia-gida inguru daude, “kontinente guztietako herrialdeetakoak, eskualdeetakoak eta hirietakoak“. Gidaliburuak eta aldizkariak 15 egunerako uzten dira maileguan eta ondoren, beste 15 egunerako berritu daiteke mailegua.

Gainera, beste baliabide asko daude Bidaiatekan. Besteak beste, elkarrizketa-hiztegiak 20 hizkuntzatan eta mendiko gaietan espezializatutako aldizkari eta liburuen artxibo handia: oinez edo bizikletaz egiteko ibilbideak, igoerak, mendi-ibiliak, Donejakue bidea, ostatuak, Euskal Herriko mendiak, Pirinioak edota Alpeak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak