→Arrigorriaga

Eder Olivencia: “120 rubik kubo baino gehiago ditut etxean”

Bilbao Open Rubiken lehenengo edizioko txapelduna da Eder Olivencia arrigorriagarra. 19 urterekin Euskal Herriko eta Espainiako txapelketa asko irabazi ditu eta bere asmoa Europan lehiatzea da.

Bilbao Open Rubiken lehen edizioko txapelduna da Eder/Geuria

Bilbao Open Rubiken lehenengo edizioko txapelduna da Eder Olivencia arrigorriagarra. 19 urterekin Euskal Herriko eta Espainiako txapelketa asko irabazi ditu, Orain Europan lehiatu gura du.

Erno Rubik arkitekto eta eskultore hungariarrak sortu zuen Rubik kuboa, 1974an. Kubo magikoa deitu zion berak diseinatu berri zuen 3×3 laukiko kuboari. Kolore zuri, gorri, urdin, laranja, berde eta horiekin margotu zuen, sei alde eta bederatzi laukitxo alde bakoitzean. Alde guztietan kolore bereko kubo guztiak elkartuz lortuko zenuen kuboa askatzea. Erno Rubikek berak hilabete bat baino gehiago behar izan zuen kuboa askatzeko. Eder Olivenciak (Arrigorriaga, 1999) 10 segundo baino gutxiago behar ditu egun. Bilbao Open Rubik txapelketaren irabazlea dugu Ollarganeko bizilaguna eta Rubikaren inguruko kontuak inork baino hobeto azaldu dizkigu.

Eder Olivencia, Bilbo Open Rubikeko lehenengo edizioko txapeldun nagusia. Kategoria askotan nagusitu zara, Eder.
Hala da bai. 3×3, 4×4, 5×5 eta 7×7 kategoriak irabazi ditut. Egia esateko, besteren bat irabazteko ere esperantza nuen… Bartzelonako lagun batekin aspaldiko lehia nuen 6×6 kategoria nork irabaziko… Berak irabazi du oraingoan eta ni haren atzetik sailkatu naiz, bigarren. Ikusiko dugu hurrengoan…Hala ere, ezin kexatu, oso pozik nago lortutako emaitzekin, asteburu itzela izan da.

10, 3 segundo behar izan dituzu, bataz beste, 3x3ko kuboa askatzeko. Ti-ta.
Bai, eta azkarrago ere askatu dezaket. Lehiaketan 9, 46 segundotan askatzea lortu dut, baina txapelketetan denborarik onena ez da kontuan hartzen. Kategoria bakoitzean bost aldiz askatu behar duzu kuboa. Horietako bakoitzean erabili duzun denbora neurtzen da eta horietatik onena eta txarrena alde batera uzten dira. Erdiko hirurak erabiltzen dira kategoria horretan izan duzun bataz besteko denbora neurtzeko.

Alde bakoitzean zenbat eta kubo gehiago izan, zailago?
Ez nuke esango zailagoa denik… 3×3 eta 4×4 laukiko kuboak askatzen ikasita, 1000×1000 laukiko kuboa askatzen ere jakingo duzu. Zailtasun handiagoa baino, pazientzia eta denbora gehiago behar duzula esango nuke. 4x4ko kuboa askatzeko, adibidez, 32 segundo behar izan nituen Bilboko txapelketan.

Nolakoa da lehiaketa?
Bilbo Open Rubikean adibidez, 14 kategoria daude eta izena nahi duzun guztietan eman dezakezu. Kategoria guztietako dinamika bera da: kuboa estalita uzten dute mahai gainean eta prest zaudenean, izaratxoa kendu eta 15 segundo ematen dizkizute kuboa behatzeko. Denbora tarte horretan kuboa askatzeko erabiliko dituzun lehenengo mugimenduak planifikatu behar dituzu, bi askoz jota. Hortik aurrera, “look ahead” delakoa egiten duzu. Mugimendu bat egin bitartean, hurrengoan pentsatzen ari zara, ez duzu apenas laukien koloreak behatzeko astitik, buruan imajinatu behar duzu guztia.

Bilboko lehiaketak oihartzun handia izan du, baina aurretik ere beste txapelketa batzuetan lehiatu zara.
2012an hasi nintzen lehiaketetan parte hartzen, Basaurin. Ordutik etengabe ibili naiz, hara eta hona. Euskal Herrian hainbat txapelketa irabazi ditut: bi aldiz Basaurin, behin Plentzian, beste bat Portugaleten eta azkena Bilbo Open Rubikean. Espainiako txapelketara ere birritan aurkeztu naiz, Madrilen eta Valentzian. Bosgarren sailkatu nintzen Valentzian, hirugarren postutik oso hurbil. Nire asmoa Estatuko txapelketetan emaitza hobeak lortzea eta Europara salto egitea da.

Ibilbide honek baina, badu bere hasiera.
13 urte bete berri nituela, Rubik kuboa oparitu zidan lehengusinak. Pare bat aldiz saiatu nintzen kuboa askatzen, baina gainontzeko trasteekin batera ahaztuta utzi nuen. Egun batean nire aitak kuboa berreskuratu eta askatzen ikasi zuen. ‘Eder, saiatu zaitez, ez da horren zaila’, bota zidan amua. Orduantxe hasi nintzen ikasten, aitak zirikatuta. Youtuben bideo tutorial onak daude ikasteko eta apurka-apurka kuboa menperatzen hasi nintzen. Egun 120 kubo ezberdin baino gehiago ditut etxean.

Eta orain, metodo irabazlea zein den ikasi duzu.
Nire ustez, ez dago metodo irabazlerik. Hau da, txapelketetan erabiltzen dudan metodoa Rubik mundua ezagutzen duen edonorrek ezagutzen du. Ehunka bide daude kuboa askatzeko, sinpleenak geldoagoak dira, eta badaude konplexuagoak eta azkarragoak ere, baina praktikatuta, edonor da kapaza metodo konplexu hori ikasteko. ‘Algoritmoa’ deitzen diogu Rubik kuboa askatzeko aukeratzen dugun mugimendu sekuentziari. Arraroa ematen badu ere, matematikak gorroto ditut.

Hara! Askok pentsatuko dute kalkuluekin abila izan behar dela Rubik kuboa menperatzeko…
Bai, askotan esan didate hori, baina mito hutsa da. Kontzentrazioa beharrezkoa da, noski,  eta algoritmoen oinarrian matematika dagoela ezin uka, baina algoritmoak diseinatuta daude jada eta nire ustez gakoa eskuetan duzun abilezian dago. Papiroflexia egitea izugarri gustatzen zait eta nahiko lan txukunak egiten ditut. Horrez gain, gitarra  jotzen dut eta punteoak egiten abila naiz. Atzamarrak, beraz, azkar mugitzen ditut, baita kuboa askatzean ere. Hala ere, abilezia hori edonorrek landu dezake, nahiz eta traketsa zarela pentsatu, ahaleginarekin asko hobetu daitekeen zerbait da.

Nola animatuko dugu jendea Rubik kuboa egitera?
Harrigarria bada ere, gehienok daukagu Rubik kuboren bat etxean galduta. Emaiozue aukera bat, mugikorretik, telebistatik edo ordenadoretik deskonektatzeko bada ere. Afizio polita da oso, osasungarria eta doakoa. Eta kasu egidazue, ‘adikzioa’ sortzen du. Gure artean, tamalez,  ezezaguna da Rubik mundua. Batzuek pentsatuko dute afizio bakartia edo frikia dela, baina Rubikarekin hasi nintzenetik lagun piloa egin ditut: lehiaketetan, elkarteetan, elkarretaratzeetan … Izugarrizko giroa dago jokalarien artean. Ez izan beldurrik eta probatu!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak