→Arrigorriaga

Elikadura osasungarriari buruzko jarduerak nagusi izango dira Arrigorriagan

Urriaren 22tik 28ra bitartean, Elikadura Osasungarriaren Astea ospatuko dute Arrigorriagan. Besteak beste, hitzaldiak, tailerrak, antzerkia, zinema eta fruta banaketa egingo dituzte. 

Unplashen, jcmike

Urriaren 22tik 28ra bitartean, Elikadura Osasungarriaren Astea ospatuko dute Arrigorriagan. Besteak beste, hitzaldiak, tailerrak, antzerkia, zinema eta fruta banaketa egingo dituzte. 

Astelehenean hasita, hilaren 22an,  “Eman pozoia: gaixotzen gaituen elikaduran barrenako bidaia” hitzaldia antolatu dute eskolan, 17:00etan. Haren ondoren, 20:00etan,  “Geure neurria eta bizitza janariaren bitartez” anorexiari eta bulimiari buruzko informazio-tailerra egin dute Kultur Etxean.

Asteartean, elikadura eta kirolari buruzko hitzaldia izango da Kultur Etxean 20:00etan, eta asteazkenean, hilaren 24an, haurren obesitateari buruz arituko dira.

Ostegunean, hamaiketako eta askari osasungarrien inguruko hitzaldia egingo dute eskolan, 17:30ean. Ostiralean, Abusuko Gazte Txokoan, “Gazte-zumba eta irabiatu suspergarriak” tailerra egingo dute. Zentro soziokulturalean “Organik” haurrentzako antzezlana antolatu dute.

Larunbatean, txikienentzako sukaldaritza ikastaroa egingo dute Kultur Etxean. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Gaztegunean “Gazte-zumba eta irabiatu suspergarriak” saioa egingo da berriro, 18:00etan, eta, jarraian, “Show cooking” bat egingo dute udaletxeko arkupeetan.

Bukatzeko, igandean, urriaren 28an, goizeko 10:00etan hasita, ibilaldi osasungarria egingo da Beteluri eta Bentalta artean, bi ordu ingurukoa.

Eskolako ikasleentzat ere jarduerak antolatu dituzte, klase orduetan: fruta banatuko zaie, 1. eta 2. mailako ikasleei. 3. eta 4. mailako ikasleentzako errezeta osasungarrien inguruko lehiaketa bat antolatu dute eta WALL-E filma proiektatuko dute 5. eta 6. mailakoentzat.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak