→Arrigorriaga

Eraso sexistak prebenitzeko brigada ibiltariak antolatu dituzte Arrigorriagako jaietan

Berdintasun Sailak eraso sexistak prebenitzeko tailer ibiltariak antolatu ditu uztailaren 19an, 20an eta 24an, jende gehien espero den hiru egunetan.

Argazkia: Geuria

Arrigorriagako Berdintasun Sailak eraso sexistak prebenitzeko tailer ibiltariak antolatu ditu uztailaren 19an, 20an eta 24an, jende gehien espero den hiru egunetan. Gizarte hezitzailez osatutako talde batek balizko erasoak identifikatu eta prebenitzeko informazioa banatu eta eraso matxista bat jasan edo ikustekotan eman beharreko urratsak azalduko ditu herritarren artean.

Jaien lehen egunean egingo dute lehen esku-hartzea, 22:00etatik 00:30era. Bigarrena hurrengo egunean izango da, kontzertuen gauean, 23:00etatik 01:30era, eta azkena, hilaren 24an, 22:00etatik 00:00etara.  Denak plaza eta txosnen inguruan. “Alkohola eta jaia ez dira aitzakia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna hautsi eta errespetuzkoak ez diren jarrerak izateko”, diote Udaletik.

“Emakumeak sexu-objektuak ez direla argi utzi beharra dago, bai eta kaleak guztiontzako leku seguruak direla ere. Ezin dugu onartu leku zehatz batzuetan eta ordu batetik aurrera emakumeak arriskuan daudela sentitzea”, gaineratu dute. Zentsu horretan, emakumeak errespetatzen ez dituen edozein adierazpenen aurrean, fisiko edo ahozkoa izan, herritarrei jarrera aktiboa izan dezatela eskatu die Udalak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak