→Arrigorriaga

Duintasunari eusteko herri-sarea

Hamar migratzailerentzako harrera gune bihurtu dute Arrigorriagako Gaztetxea. Gazte Asanblada, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta norbanakoak ari dira etorkinekin lanean, musu-truk.

Eguneroko bizitza egin ahal izateko prestatu dute Gaztetxea / GEURIA

Hamar migratzailerentzako harrera gune bihurtu dute Arrigorriagako Gaztetxea. Gazte Asanblada, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta norbanakoak ari dira etorkinekin lanean, musu-truk.

Uda bereziki mugitua izan da aurtengoa Euskal Herrian. Libiak eta Italiak bertatik igarotzen zen Afrikako migrazio fluxua blokeatu ondoren, beste bide bat aukeratu behar izan dute migratzaileek gerratik, miseriatik eta gosetetik ihes egiteko: Marokotik Mediterraneo itsasoa zeharkatu eta Andaluziara iritsita Frantziarako bidea egitea. Ekainean iritsi ziren Bilbora Andaluziatik migratzailez betetako lehen autobusak. Nondik datoz eta nora doaz? Nola heldu dira eta zein egoeratan daude? Gure laguntza behar dute edo nola lagun dezakegu? Gurera iritsitako migratzaileetako askok Frantziarako bidea jarraitu bazuten ere, beste askok bertan geratzea erabaki zuten, atsedena behar zutelako, asilo eskaera egiteko asmoa zutelako edo besterik gabe, desertua eta Mediterraneo itsasoa zeharkatzeko egindako bidaia luzearen ondoren, euren bizitzekin zer egin nahi zuten erabakitzeko denbora behar zutelako.

Herritarren erantzuna berehalakoa izan zen. Erakunde publikoek egoera honen aurrean zer egin pentsatzen zuten bitartean, Bilboko auzotarrak izan ziren migratzaile hauei aterpea eskaintzen lehenak. Atxuriko bizilagunek bertako frontoiak ireki zituzten eta arropak, mantak eta janaria bildu zituzten migratzaile horien oinarrizko beharrei erantzuna emateko. Haien ondotik azaldu zen Bilbo Zaharreko auzo elkartea ere. Santutxuko bizilagunek kudeatzen duten Karmela Ikastola zaharrak hartu zuen Bilbiren lekukoa eta haren ondoren agertu zen Deustu Erriberako Bizinahi auzo-gunea.

Gazte Asanblada, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta norbanakoen artean, 50 pertsonako boluntario taldea osatu dute Arrigorriagan

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak, Gurutze Gorriaren bitartez, bidean doazen migratzaileei zuzendutako harrera zentroa jarri zuen martxan. 80 pertsonentzako lekua eta gehienez ere hiru egunetarako arreta bermatzen ditu zentro horrek. Gizarte eragile askoren ustetan, zerbitzu eskasa, hiru egun horien ondoren asko direlako bertan gelditu behar edo nahi duten migratzaileak. Hain zuzen ere, lau hilabeteren ondoren, ekainean iritsitako migratzaile askok gurean jarraitzen dute: Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak emandako datuen arabera, 120 migratzaile izan dira gauero, batez beste, auzo ezberdinek eskainitako harrera guneetan lo egiten. Irailaren bukaeran, migratzaileen harrera Deustuko Bizinahi auzo-gunetik inguruko herrietara zabaltzea adostu zuen gizarte eragile ezberdinek osatzen duten Herritarren Harrera Sareak. Hainbat herri azaldu diren laguntzeko prest, tartean, Arrigorriaga. Gazte Asanbladaren bitartez, herriko Gaztetxea harrera gune bezala aurkeztu eta Deustuko Bizinahi auzo-gunean zeuden hamar migratzaile jasotzeko konpromisoa hartu zuten. Bada, hamar pertsona horiek urriaren 14tik ari dira bertan bizitzen. Gainontzekoak Bakion, Galdamesen eta Gernikan hartu dituzte. Horrez gain, Frantziarako bidean gendarmeek atzera botatzen dituzten migratzaileak artatzeko ere martxan dira Irunen Gaztetxea eta Martindozenea zentroa. Erakundeen aldetik, Gurutze Gorriak Bilbon kudeatzen duen hiru egunetarako harrera zentroaz aparte, bakarrik dauden edota haurrak dituzten emakume migratzaileentzako eta gaixo egondakoentzako zentroa ireki du Eusko Jaurlaritzak Berrizen, eta Oñatin asilo eskaera egin dutenentzako zentroa kudeatzen du CEARek, gehienez 100 pertsonentzako.

Sarea antolatzen
Touré, Abdel, Oushmane, Gael, Moussa, Moulkau eta Diarrá dira Arrigorriagako Gaztetxean bizi diren migratzaileetako batzuk, Ginea-Conakritik eta Boli Kostatik etorritakoak. Hogei egun eta hiru hilabete artean daramatzate Euskal Herrian. Hamar lagun hartu zituzten baina dagoeneko bik Frantziarako bidea hartu dute, muga zeharkatzeko helburuarekin. “Gaztetxe handia daukagu eta gure Gazte Asanblada sendoa da. Arrigorriagako Ongi Etorri Errefuxiatuakek ere lagun digu. Ez dago aitzakiarik”, dio Peio Molinuevo, asanbladako kideak. Urriaren hasieratik ari dira buru-belarri lanean harrera-proiektuaren inguruan: “Gaztetxea eguneroko bizitza egiteko prestatu dugu: literak lortu ditugu, sukaldea behar bezala prestatu dugu, dutxak jarri ditugu… Erdizka zeuden gauza asko, eta jaietan eta kontzertuetan lortutako diruarekin lanak garaiz bukatu ahal izan ditugu”, azaldu du Molinuevok.

Jaietan eta kontzertuetan lortutako diruarekin egin dituzte Gaztetxea moldatzeko lanak / Arrigorriagako Gaztetxea

Arrigorriagako Ongi Etorri Errefuxiatuakek ere bat egin du gazteen proposamenarekin eta elkarrekin ari dira errefuxiatuekin lanean. “Harrera egin baino lehen, herri-bilera egin genuen Arrigorriagako kultur etxean bizilagunek proiektuaren berri izan zezaten. 80 pertsona inguru hurbildu ziren eta herriko boluntario sarea osatzeko balio izan digu horrek. Arropak, koltxoiak eta azpiegiturak txukuntzeko tresneria asko debalde lortu ditugu”, dio Alvaro Salazar, errefuxiatuen aldeko plataformako kideak. Gazte Asanblada, O.E.E plataforma eta herritarren artean, 50 pertsona inguruko lantaldea osatzen dute egun.

Sei hilabeterako konpromisoa
Migratzaileekin igaro zuten lehen astea gogorra izan zela dio Molinuevok: “Taldeka banatu eta 24 orduko txandak egin ditugu Gaztetxean: goiz-goizekoa, eguerdikoa, arratsaldekoa eta gauekoa. Gaztetxea erakutsi eta herrian barrena nola mugitu behar duten azaldu diegu, San Migelgo lanzadera nola hartu, nola itzuli… Gauak elkarrekin pasa ditugu Gaztetxean”. Egunek aurrera egin ahala, txandak laburragoak bihurtu dituzte. Asanbladako kideek azaldu dutenez, “azkar ohitu dira ingurura. Gaztetxeko giltza dute eta nahi dutenean sartu eta irten daitezke”, azaldu du Peiok. Dena den, astero bi pertsona arduratzen dira migratzaileen gertuko jarraipenaz eta telefono bidez zalantzak eta egunerokoan suerta daitezkeen beharrak erantzuteaz.

Gutxienez, sei hilabeterako harrera konpromisoa hartu dute Arrigorriagako Gaztetxean. Denbora tarte horretan ezer falta ez dadin, arlo ezberdinez arduratzen diren lan-taldeak osatu dituzte: finantzaketa arduradunak, janari arduradunak, gertuko-jarraipen taldea… “Janariari dagokionez, iraungitze data laburra duten jakiak bakarrik erosi behar ditugu. Gainontzekoak herritarren dohaintzak dira eta zenbait dendarik ere haien produktuak ematen dizkigute. Arrigorriagako okindegi bat, harategi bat eta arrandegi bat prest azaldu dira, baita Zeberioko kilometro zeroko elkarte bat ere”, adierazi du Salazarrek. “Espontaneoa izan da dena, baina antolakuntza eta konpromiso irmoa dugu”, dio Molinuevok.

Migratzaileek gaztetxeko giltza dute nahi dutenean sartu eta irteteko / Geuria

Arrastoa utzi nahian
Alvaro Salazarren hitzetan, “izugarrizko garrantzia du migratzaileak nonbait erregistratuta egoteak. Denbora luzez Euskal Herrian gelditu nahi dutenek beharrezko dute udal erregistroetan arrastoa uztea. Gurera heldu bezain laster, erbesteratuak izateko agindua jasotzen dute migratzaileek. Hala ere, hiru urtez bertan gelditzea lortzen dutenek, badute haien egoera erregulatzeko aukera. Horretarako beharrezkoa da integratzen saiatu direla erakustea: hizkuntza ikasi dutela, lana bilatzen saiatu direla, udal zerbitzuez baliatu direla…”, azaldu du O.E.E plataformako kideak. Arrigorriagako Udalarekin hainbat batzar egin dituzte dagoeneko, migratzaileek udal zerbitzuetarako sarbidea izan dezaten. “Udalaren eta Gizarte Zerbitzuen bitartez saiatzen ari gara pertsona hauek kiroldegiko edota liburutegiko txartela lor dezaten. Pauso garrantzitsua da hori, ofizialki hemen daudela ziurtatuko lukeelako”, dio Salazarrek. Basauriko Helduentzako Hezkuntza Ikastetxean ere ari dira migratzaileekin lanean eta herriko ekintzetan ere hasi dira parte hartzen: “Arrigorriagako Euskal Astea aprobetxatuz, erromeriara hurbildu ginen. Hara non, haietako batek euskal dantzak ere probatu zituen. Beste batek futbol entrenamenduak hasi ditu Padura taldearekin”, azaldu du asanbladako kideak.

Eredua zabalduz
Migratzaileen fluxuak ez du etenik. Astero albiste da hainbat migratzailek Melillako harresian salto egin dutela, Andaluziako kostara heldu direla edota, kasurik txarrenean, itsasoan ito direla. Estatura iritsitako askok gurean bukatuko dute, auskalo noiz arte. “Norbanakoen laguntzarik gabe, pertsona hauek kale-gorrian leudeke. Ez gara nekatuko esateaz erakundeek prestatutako protokoloak eskasak direla. Beharrezkoa da gizarteak hutsune hori betetzea eta agintariei ozen oihukatzea aski dela, benetako irtenbideak behar ditugula”, dio Salazarrek.
“Badakigu herri guztietan ez dagoela Gaztetxerik edo herri-sare sendorik. Horregatik oso garrantzitsua da Arrigorriagan eta beste toki askotan egiten ari garen lanarekin jarraitzea. Gu ez gara Gurutze Gorriaren edo bestelako laguntza zerbitzuen ordezkoak, errealitateak erakusten du beharrezkoak garela. Ez dugu inoren lanik bikoizten”, gaineratu du Molinuevok. “Orain arte Jaurlaritzak eta Aldundiek zerbait egin badute, herri presioaren bidez lortu dugu, ziur nago. Horretan jarraituko dugu”.

Bat-eginez
Arrigorriagako Gazte Asanbladako kideak pozik azaldu dira harreraren ondorioz Gaztetxean aurretik inoiz agertu ez den jendea ikusi dutelako. “Ideologia ezberdineko jendea batu gara hemen, bat egin du herriak. Izugarri pozgarria da Gaztetxea hain bizirik ikustea, horretarako jaio baitzen”, dio Molinuevok, harro.
Euskal Herriko toki askotan herrigintzaren laguntzaz burutzen ari diren mugimenduek ez dute mundua eta migratzaileen arazoa errotik konponduko, inondik inora ere. Baina Touré, Abdel, Oushmane, Gael, Moussa, Moulkau eta Diarráren bizitzak duinagoak izan daitezen saiatzen ari dira Arrigorriagan, baita beste askorena ere Bilbon, Irunen, Gernikan, Bakion edo Galdamesen. Izan ere, horiek dira duintasunari eusteko herritarrek osatu dituzten sareak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak