→Arrigorriaga

Iratxe Fresneda: “Zinema aretoetara bueltatu behar dugu eta filmei merezi duten arreta eskaini”

arrigorriaga iratxe fresneda elkarrizketa 2018 ale berezia berba eta irudia argazkia utzitakoa

Iratxe Fresneda Delgado (Arrigorriaga, 1974) euskal zinemagile, gidoilari eta unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ikusentzunezkoetan dabil irakasle Iratxe Fresneda // Utzitakoa

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Iratxe Fresneda Delgado (Arrigorriaga, 1974) euskal zinemagile, gidoilari eta unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da. Ikus-entzunezkoetan doktorea, Irrintziaren oihartzunak dokumentala aurkeztu zuen  Donostiako Zinemaldiaren 64.edizioan, Mirentxu Loiarte zinemagile iruindarraren bizipenei eta obrari buruzko lana. Lurralde Hotzak proiektuan ari da buru-belarri orain. Bere azken lan horrez, zinemagintzaz eta ikus-entzunezkoen mundura datozen hurrengo belaunaldiez hitz egin digu Fresnedak.

Lurralde Hotzak post-produkzioan dagoen zure azken lana. Zer da bertan aurkituko duguna?
Irudien estatusaren inguruko hausnarketa sakona da Lurralde Hotzak. Irudiz inguratuta gaude, baina zer puntutara arte dakigu hauei begiratzen, irudi horiek ulertzen eta ez zabor irudiak osatzen? Galdera hori abiapuntu bezala hartuta, Road Moviea egin dut, dokumental formatuan. Kamera eskuan hartu eta Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian amaituko den ibilbidea egingo dut, Islandian bukatuta kasu honetan. Pelikulak sortu diren lekuetatik pasatuko gara, zinemagintzaren hastapenetara helduko gara beste batzuetan, ikus-entzunezkoetan lan egin duten emakumeen lanak erreskatatuko ditugu… Azken batean, zinemagintzaren alor ezberdinak jaso eta munduari buruz ditugun ikuskera ezberdinekin, paisaiekin eta irudiekin uztartuko ditu Lurralde Hotzak dokumentalak. Zinearen bazterretan lagatako istorioak ere gogoratuko ditu.

Ez dugu, beraz, ohiko dokumentala ikusiko.
Desberdina izango da. Dokumental osoan zehar ez da pertsona bakar bat ere agertuko. Beno, pertsona xume bat agertzen da, hasieran, baina paisaia baten barnean…Pertsonaia konkreturik ez, ezta elkarrizketarik ere.

Eta nola eman diozu forma dokumentalari?
Begiradaren eta irudien inguruan sortu eta ikasi ditudan kontzeptuak gauzatu egingo ditut dokumentalean ikusiko dituzuen irudiekin. Ideien eta irudien kate bat da, beraz, Lurralde Hotzak, hasiera eta bukaera duen istorio bat. Munduari begiratzeko ditugun eren entsegua da azken batean: pertsona, gizartea, unea, generoa… kontuan hartzen dituena.

Nolatan bidaia hori?
Urte askotan egin izan dudan lanaren emaitza da. Eskandinaviako herrien zinemagintzaren inguruan asko ikertu dut, nire iker-lerro nagusia baita. Laneko bidaietan eta ikerketetan egin ditudan aurkikuntzen bitartez, nire liburu bozetoak marraztu ditut: storyboardak, apunteak, ideiak… Ondo ezagutzen ditudan eta sarritan bisitatu ditudan lekuak filmatzera abiatu naiz dokumentalean, beraz, ez dira lurralde berriak niretzat. Hori bai, dokumentala grabatzen ari nintzen bitartean sorpresa asko izan ditut.

Zein sorpresa?
Kilometro kopuruari erreparatuta, Islandiatik adibidez, urrun gaude. Dokumental honetan, ordea, gertu gaudela erakutsiko dut. Hainbat aspektutan ikus daiteke hori: bakartasuna esaterako, unibertsala dela ikusiko duzue. Bestetik, euskal artisten aztarnak aurkitu ditut Suedian. Beste toki askotan ere badaude, eta hauek ere baliteke beste norbaitek aurretik aurkitu izana, baina niretzat aurkikuntza itzela izan da fisikoki horiekin topo egitea. Hortik askotan pasatuta ere, ez ditut orain arte ikusi. Hauek guztiak dokumentalean ikusiko dituzuen zertzelada txikiak baino ez dira.

Nolakoa izan da dokumentalaren sortze prozesua?
Aurrekoetan baino gogorragoa egin zait. Kontuan hartu bakarkako lana izan dela, bai ikertzeko orduan, bai filmatzerakoan, bai produkzioa antolatzean… Eskerrak lagunak hor izan ditudan behar izan dudanean. Ondo bidean, aurkezpena udazkenean egingo dugu.

Genero ikasketak eta Euskal Herriko zinemagintza ere sakon ikertu dituzu. Biak batu zenituen, beharbada, Irrintziaren oihartzunak zure aurreko lanean.
Kasualitatea ez dela existitzen uste dut, probokatu egiten da. Renoko unibertsitatean (Nevada, AEB) ikertzen ari nintzela, Mirentxu Loiarteren izena aurkitu nuen artxibategian. 1978an euskarazko zinema esperimentala gauzatu zuen Loiartek, eta Euskal Herrian ezer gutxi genekien euskarazko zinemagintzan profesionalki lan egin zuen emakume aitzindari horretaz. Bere lana itzela iruditu zitzaidan eta pantaila handira eramatea erabaki nuen. Gure gizartean emakume erreferenteak behar ditugu eta hauetako asko ahaztarazi ditugu.  Bidea aitortu behar zaie Mirentxu Loiarte bezalako emakumeei, bera bezalako asko baitaude. Sexuaren araberako egiturazko desberdintasun horretatik askatu beharra daukagu.

Hitz egin dezagun pantaila handiari buruz. Zelan deskribatuko zenuke zinemen egungo errealitatea?
Zinema esperientzia garestia bihurtu da guretzat. Aretoetara joateko ohitura galdu dugu, filmak pantaila handian, soinu handiarekin, irudiaren perfekzio horrekin… ikusteko ohitura. Ordenagailuan Interneten lortu dugun film bat ikustea Picassoren Gernikaren kopia bat ikustea bezala da. Kuadro horretaz benetan gozatzeko Reina Sofia museora joan behar dugu.
Zinearekin gauza bera gertatzen da. Pelikulak pantaila handian ikusteko eginda daude: irudi eta soinu bakoitza ikuslearengan emozio handiak eragiteko diseinatzen da. Adibide bat jartzearren: etxean, palomitak hartzera sukaldera joaten garen une horretan, ikusten ez ditugun pelikulako segundo gutxi horietan zinemagileak hilabeteak inbertitu ditzake, eta guk momentu hori galdu dugu. Arren, zinema aretoetara bueltatu behar dugu, filmei merezi duten arreta eskaini behar diegu.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle bezala, zer da zure ikasleei transmititzen ahalegintzen zarena?
Internetek jakintzaren ilusio arriskutsua sortu du gugan. Sarean dena aurkitu dezakegula uste dugu, eta horrekin, dena dakigula pentsatzen dugu askotan. Horrek izugarri mugatzen du gure sortze eta ikasketa prozesua, gure jakin-mina. Edizio programa zailena erabiltzen ikas dezakegu eta izugarrizko bideo muntaketak egiten ere bai, baina hortik haratago ozeano erraldoia dago, eta hori norberak deskubritu behar du. Horretarako ez dago ikasketa planik: bizi egin behar da, erabaki okerrak hartu, gauzak zalantzan jarri, esperimentatu… Laburbilduz: nik, irakasle bezala, muga batzuk zehazten ditut nire klaseetan eta ikasleek ere mugak markatzen dituzte ezagutzak barneratzean. Nahigabe aktibatzen den mekanismoa da hori. Hain zuzen ere, muga horiek gainditu daitezkeela erakutsi nahi diet ikasleei, sortu daitekeela, gauza berriak egin daitezkeela, beti.

Di-Da


Gordeta daukazun objektu preziatu bat? Aitarekin eta amarekin batera egin nuen Afrika alderako bidaiako argazki txiki-txiki bat. Aitaren besoetan agertzen naiz, itsasontzi erraldoi baten parean

Zer egiten duzu egun libre bat duzunean? Azkenaldian ez dut egun libre askorik… Baina izaten dudanean, Laidako hondartzara joaten naiz. Urdaibai nire paradisu txikia, babeslekua eta inspirazio tokia da

Egin duzun azken bidaia eta egin nahi zenukeena. Egin dudan azken bidaia Canesera izan da, eta egin nahiko nukeena, uda honetan nire furgoneta zaharra hartu eta Frantziako lurraldeetan galtzea

Zein liburu irakurtzen ari zara? Eta zein telesail ikusten? Liburu asko irakurtzen ditut aldi berean, baina bat hautatzekotan, Silvia Federiciren Caliban y La Bruja. Ikusi nuen azken telesaila Masters of Sex izan da

Abesti bat eta pelikula bat. Joseba Irazokiren Kitarraren burrunba eta Theodoros Angelopoulosen La eternidad y un día

Besteengan gehien miresten duzun bertutea. Eskuzabaltasuna

Non eta noiz zara zoriontsu? Urdaibain, uretara sartzen naizenean. Surfa egiteak ere izugarri lasaitzen nau

Miresten duzun pertsonaia historiko bat. Erresuma Batuan sortu zen Suffragette kolektiboa, emakumeen boto eskubidearen alde borrokatu zuena

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|