→Arrigorriaga

Jaietan zehar jarrera matxistak baztertzeko bideoa egin du Arrigorriagako Udalak

“Jaietan ere ezetza beti ezetz” bideoak jaietan zehar baztertu beharreko jarrera matxistak biltzen ditu. Iazko jaietan eraso sexisten aurkako informazio-karpan herritarrek eginiko ekarpenak hartu dituzte kontuan aurtengo protokoloa osatzeko.

Aurki hasiko dira Arrigorriagako jaiak (uztailaren 19an) eta horren harira jarrera matxisten kontrako bideoa egin du Udalak.  “Alkoholak, ordutegiek eta parrandek ezin dituzte justifikatu emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak eta errespeturik gabeko harremanak” diote Udaleko Berdintasun saileko kideek. “Arrigorriagan ez dugu onartuko emakumeak sexu-objektu gisa tratatuak izatea eta leku batzuetan eta ordu jakin batetik aurrera segurtasunik gabe edo ikaratuta sentitzea”.

Berdintasun Sailetik esan digutenez, herriko gazteei zuzendutako bideoa da batez ere. Bertan, herriko jaietan errepikatu daitezkeen hiru egoera matxista islatzen dira eta horiek saihestu ahal izateko jokabideak proposatzen dira.

Halaber, uztailaren 19an eta 21ean, gauez, gizarte hezitzailez osotutako talde batek jai-guneak zeharkatuko ditu gazteekin hitz egin eta bideoa erakusteko. Eraso sexistak salatzen dituen  materiala ere banatuko dute, hala nola gazteentzako baliabide-gidak eta eraso sexisten aurkako eskumuturrekoak.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak